Milaka lagun bildu dira larunbat honetan Bilbon Palestinarekin Elkartasuna ekimenak antolatutako manifestazioan.
Ostiralean aurkeztutako manifestuaren arabera, ekimen horretan parte hartzen duten eragileek Palestinar herriak bere okupatzailearen aurkako erresistentziarako eskubidea aldarrikatzen dute, «forma eta adierazpen guztietan».
«Ezin da parekatu edo kriminalizatu herri baten autodefentsa-erresistentzia erakunde militar kolonial inperialista batekin», diote mobilizazioaren antolatzaileek, eta ohartarazten dute «ez gaudela ‘Hamasen aurkako gerra’ baten aurrean, herri baten genozidioaren eta elkartasun adierazpenen jazarpen/errepresioaren aurrean baizik».
Zentzu honetan, «egun hauetan Palestinan gertatzen ari dena Palestinako Estatu sionistaren 75 urteko kolonialismo, apartheid eta garbiketa etnikoaren eta Gazako Zerrendaren aurkako blokeoaren testuinguruan soilik» uler daitekeela diote.
Era berean, «Mendebaldeko gobernuen, enpresen eta alderdi politikoen konplizitateak eta lankidetzak Israel legitimatzen dutela» salatu dute. «Bai eta bakearen izenean bi aldeetan indarkeria amaitzea deitzen duten diskurtsoak ere, zapalduak eta zapaltzaileak parekatuz».
Horregatik, euskal herritarrei Palestinarekiko «elkartasun aktiboa erakusten jarraitzeko gonbidapena» egiten diete.
«Zapaldutako edozein herrik bezala»
Manifestazioa hasi berritan, Palestinarekin Elkartasuna ekimenaren izenean Esther Muñozek gogora ekarri zuen palestinar herriak hamarkadak daramatzala erresistitzen, eta erresistentziarako eskubidea duela «zapaldutako edozein herrik bezala».
Hain zuzen, egunotan gertatzen ari dena «Estatu sionistaren 75 urteko kolonialismo, apartheid eta garbiketa etnikoaren eta Gazako Zerrendaren aurkako blokeoaren testuinguruan soilik» uler daitekeela azaldu zuten antolatzaileek.
Bilboko mobilizazioaren bidez «baldintzarik gabeko» elkartasuna helarazi nahi izan zioten palestinar herriari, are gehiago, Muñozek hedabideen aurrean aipatu zuenaren arabera, Israel haren kontra «burutzen ari den garbiketa etnikoak eta genozidioak jauzi kualitatiboa eta kuantitatiboa bizi duenean».
Egoera Gazan bereziki latza izanda ere, Israel Zisjordanian egiten ari den krimenak ere gogora ekarri zituen Muñozek.
Palestinar ikurrak nabarmendu dira ibilbide osoan zehar, Bihotz Sakratutik abiatuta, bai eta «hau ez da gerra, genozidioa baizik» leloa ere. Mobilizazio honekin bigarrez astez jarraian protesta masiboa burutu da Euskal Herrian, Gazan gertatzen ari denaren aurka. Aurreko larunbatean Donostian izan zen jende andana (30.000 inguru antolatzaileen estimazioen arabera), Gernika-Palestinak deitutako manifestazioan.