NAIZ

Sortuk Kontseiluaren manifestazioan parte hartzera deitu du agerraldi ikusgarri baten bidez

Alderdi independentistak agerraldia egin du gaur Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean. «Euskararen aurkako oldarraldia integrala dela» salatu eta «hizkuntza politika berri eta ausartak behar direla aldarrikatu» du.

Sorturen agerraldia Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean.
Sorturen agerraldia Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Hogeita hamar bat lagun elkartu dira gaur goizean Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean Sortuk egindako agerraldian. «Euskararen aurkako askotariko eraso oldea» salatu dute, eta hizkuntza politika berriak eskatu dituzte. Eraikinaren aurrealdean kokatu dira puzgarri erraldoi batekin eta 'Euskarafobia stop!' zioen pankarta batekin. Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako antolaturiko manifestazioan parte hartzera deitu du alderdi independentistak.

Bi bertsolarik abestu dute lehenik, puzgarriaren alboetan paratutako aldamioetatik, euskarak egun bizi duen egoera salatuz. Jarraian, Iker Alcedo Sorturen Nazio Kontseiluko kideak hartu du hitza eta adierazi du euskararen aurkako oldarraldia ez dela epaitegietara mugatzen: «Ertz ugari ditu; politikoa eta ideologikoa ere bada. Funtsean, nazio gatazka dago oinarrian». Haren arabera, batzuek euskararen eta herritarren aurkako estrategia bat darabilte: «Euren espainiar proiektuak Euskal Herrian jarraitzeko helburuz, euskararen eta euskal kulturaren hedapena gerarazi nahi dute».

Erasoei osotasunean erantzuteaz gain, aurrerapausoak beharrezkoa direla nabarmendu du Alcedok: «Hizkuntza politika berriak eta ausartak behar ditugu, euskararen normalizazioa eta euskalduntzean urrats berriak egiten jarraitzeko». Eta, Euskal Herri euskaldun eta eleaniztun bat eraiki ahal izateko, estatu propio bat ezinbestekoa dela gehitu du: «Euskal Herriak eta euskarak independentzia behar dute».

EGIren agerraldia

Halaber, Euzko Gaztedi-EGIk bat egin du larunbat honetan azken asteotan euskararen normalizazioaren eta erabileraren alde egin diren aldarrikapenekin, eta azken aldian ezagutu diren epai judizialen edukiarekin «erabat ados» ez dagoela adierazi du.

Gazte jeltzaleek Bilbon egindako agerraldian nabarmendu dutenez, aipatu epai horiek «euskaldunen hizkuntza-eskubideak murrizten dituzte, eraso egiten diete euskal autogobernuari eta Eusko Legebiltzarraren legegintza-gaitasunari, eta euskal gizartearen gehiengoak adierazi duen adostasunaren kontra daude». Hori dela eta, euskararen biziberritzearen alde deituko diren mobilizazio guztietan parte hartzeko deia egin diete egikideei eta, oro har, euskal gazteri osoari.