Alessandro Ruta

‘Friends’ ez da tamalez Matthew Perryrentzat guztiz lagungarria izan

Matthew Perryren heriotz tragikoak gogorarazten digu beste behin ere; telesaila gure bizitzan oso oparoa izan da, baina aktoreenean ez. Pertsonak eta beren gorabeherak daude aktoreen atzean.

Matthew Perry, Kathleen Turnerren ondoan ‘Friends’en atal gogangarri batean.
Matthew Perry, Kathleen Turnerren ondoan ‘Friends’en atal gogangarri batean. (NAIZ)

Ez dakit neurri batean errudun sentitzen ote naizen, Matthew Perryren heriotzaren albistea irakurri eta gero. Errudun... edo jakitun, behintzat. Izan ere, aktorearen arazoak ezagutzen genituen zinezaleok baina azkenean atzerabueltarik gabe joan egin da Perry, Whitney Houston bezala, itota, beharbada munduarekin bakean.

Nik ere, beste milaka pertsonek egin duten bezala, Matthewen autobiografia irakurri nuen iaz: ‘Friends, lovers and the big terrible thing’. Aktorearen bizitza hiru hitzetan laburbildua zen, baina batez ere azkenari garrantzi handia ematen: «Gauza ikaragarri handia». Orriz orri irakurria, kosta egiten da sinistea Hollywoodeko aktore ospetsu baten gainbehera. Drogak, vodka, alkohol mota ezberdinak, opiazeoak... dena batuta, Bret Easton Ellisen eleberri batean gaudela dirudi, non guztiz aspertuta diren gazte batzuek edozer kontsumitzen duten.

«I'll be there for you»

Perryren liburua irakurri bitartean, ordea, kontrakoa etorri zitzaidan burura: nire belaunaldiak (40 urte ingurukook) betirako zorretan gaudela ‘Friends’ telesailarekin, biziki eskertuta. New Yorkeko sei lagun horien istorioek une gozagarri asko ekarri dizkigute, entretenimenduaren munduan arrakasta handienetakoa izan da.

Ez dut esango guretzat vodka edo opiazeoak bezala izan direnik atal ezberdinak, mendekotasun baten antzera, baina zalantzarik gabe pare bat hamarkadaz gutxienez mundu guztiak denbora tarte polita eman du Chandler, Joey, Ross, Monica, Rachel eta Phoeberekin. Eta mundu guztia uneren batean Chandler, Joey, Ross, Monica, Rachel eta Phoeberen moduan sentitu da, bakoitza bere arazoekin, bere gorabeherekin, askotan erdi eroturik baina beti lagun artean. Beste hitz batzuekin, telesail hori eredugarri bilakatu da, bai ikuslearen ikuspuntutik bai egilearen perspektibatik ere.  

Laguntasunaren apologia egin zuen telesailak: sare sozialen aurretik behintzat horrela mugitzen zen mundua

Agian atal guztiak ez ditugu ikusi, baina The Rembrandts taldearen ‘I'll be there for you’ entzutean bakarrik, ‘Friends’-en soinubanda, testinguru berezia sortzen zen. Laguntasunaren gakoa harrapatu du kantu horrek, nolabait esateko: «Betirako hor egongo naiz zuretzat, zu ere han niretzat egongo zarelako». Sare sozialenaurretik behintzat (2004an bukatu zen ‘Friends’, Facebook edota Twitter jaio aurretik), horrela mugitzen zen mundua.

Oinarri horren gainean, jakina, protagonistak «goi mailakoak» ziren, ez proletarioak edota prekarioak. Baina hala ere, gai sakonak edota modernoak aurreratu egin zituen telesailak. Perryren pertsonaiak, Chandler Bingek, ama transexual bat zuen eta guztiz ahaztezina da atal hori, Kathleen Turner eta bere «gizon ahotsarekin». ‘Kaixo aita’, ‘Kaixo Bing jauna’, esan zioten semeak eta Monika bikoteak. Bai eta, nola ez, Chandler eta Monikak bikiak adoptatzen zituzten atala ere, gogoangarria.

Gure belaunaldia, ni barne, beti ondo sentitu da ‘Friends’ pantailan ikusten edota telesail horri buruz solasean. Baina askotan ahaztu egiten zaigu aktoreak pertsonak direla, aktore izan baino lehenago. Ez da beharrezkoa Luigi Pirandello Nobel saridunaren teoriak ezagutzea hori azpimarratzeko, baina kasu honetan nabarmena da Chandlerren atzetik bazegoela oinazez beteriko gizonezko bat, Matthew Perry izenekoa, bere tragedia eta bere mamuekin.

Aktore famatu batentzako zigor handienetakoa benetako lagunik ez izatea da, edo beti zalantzan egotea. Eta hau are tristeagoa da ‘friend’ bat haragitu duen norbaitentzat.