Bilboko Euskalduna Jauregiaren aurrean egindako agerraldi baten bitartez, azaroaren 4ko manifestaziora joateko hiru arrazoi nagusi aurkeztu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak, herritar guztiei zuzendutakoak: auzitegien esku-hartzea salatu, euskararen normalizazioan aurrera egitea aldarrikatu eta herritarren eskubideak erdigunean jarri.
Idurre Eskisabel Euskalgintzako Kontseiluaren idazkari nagusiak gogoratu duenez, azken urteetan euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententziak areagotzen joan dira, bai EAEn zein Nafarroan. «Sententzia guzti hauen jatorria botere judizialaren eskutik euskararen ofizialtasunaren berrinterpretazio batetik dator, gaztelaniaren nagusitasuna zalantzan jarri dezakeen edozein neurri "Konstituzioaren kontrakotzat" jotzen hasi direlarik epaileak», salatu du.
Sententzien areagotzearen aurrean, 2023ko maiatzean euskalgintzako eta bestelako gizarte eragileetako ehunka kidek azaroaren 4ko manifestazioa iragarri zuten, eta irailaren 26an deialdia berretsi. Baina, Eskisabelek adierazi duenez, agerralditik agerraldira «areagotu egin dira oldarraldia publikoki salatzeko eta euskararen alde mobilizatzeko arrazoiak». Izan ere, Udal Legearen eta garapen dekretuaren gainean hartutako azken epaiek «euskararen normalizazioaren aldeko politika publikoak egiteko jokalekua deseraiki eta herritarron hizkuntza-eskubideen babesgabetasuna handitu» dutela salatu du Kontseiluak.
Herritar guztiei zuzendutako hiru arrazoi
Sententzia isolatuetatik harago, botere judizialaren «oldarraldi bat» dagoela argi utzi du Eskisabelek, eta larunbat honetako mobilizazioan desadostasuna publikoki agertzeko deia egin die herritar guztiei. Bertan parte hartzeko hiru arrazoi eman ditu:
Lehenik, botere judizialaren esku-hartzeak salatzeko. «Auzitegiak euskararen normalizaziorako politika publikoak bideratzen dituzten arau eta neurriak baliogabetzen ari dira, horrenbestez euskararen normalizazioa oztopatzen. Beste era batera esanda, botere judiziala ari zaigu hizkuntza politika egiten eta determinatzen; argi uzten nork duen azken hitza», azaldu du.
Bigarrenik, euskararen normalizazioan aurrera egiteko. «Euskara da zaurgarritasun egoeran dagoen hizkuntza, eta gertatzen ari dena are eta larriagoa da abagunea aintzat hartzen bada. Izan ere, munduaren egungo testuinguruan aurrera begirako erronkak biderkatu egin zaizkio euskarari eta euskaldunon komunitateari. Azken hamarkadetan gure errealitate soziolinguistikoa asko aldatu da, eta horrexegatik, euskalgintza aho batez ari da esaten azken denboretan jauzi bat behar dela hizkuntza-politiketan. Sententziek eragingo dituzten atzerapausoak onartezinak dira. Euskararen normalizazioan aurrera egiteko momentua da, ez atzera egitekoa», azaldu du Eskisabelek.
Hirugarrenik, herritarron eskubideak erdigunean jartzeko: «Pertsona guztiek beraien eskubideak bermatuak izan beharko lituzkete. Aldiz, egunero urratzen dira euskal hiztunen hizkuntza-eskubideak. Euskararen normalizazioa oztopatzeak milaka herritarren hizkuntza- eskubideen urraketarekin segitzea dakar berarekin, eta, horrenbestez, justizia soziala, gizarte kohesioa eta bizikidetza kaltetzea. Euskaldunek gainerako herritarren adinako eskubideak bermatuak izatea eskatzen dute, beste inori eskubiderik kendu gabe».
Euskarak bizia ematen digu, beti ondoan izango gaitu … Manifestazioa ♀️羚♀️♂️
— Euskalgintzaren Kontseilua (@kontseilua) October 31, 2023
Bilboko Euskaldunatik abiatuko da, azaroaren 4an ️, arratsaldeko 17:00etan ⏲️: EUSKARAREKIN BAT, EUSKARAZ BAT ⛅️ @AEK_eus @berria @topagunea @Bertsozale @EHIkastolak @jakin_eus @ueu_orokorra pic.twitter.com/Wwvlxpcq45
Kantujirak, sokadantza eta autobus ugari
Guzti honekin, Euskalgintzaren Kontseiluak herritar guztiei dei egin die larunbat honetan Bilbora gerturatzeko eta euskararen alde manifestatzeko. Manifestazioa 17.00etan Euskaldunatik abiatuko da, Jesusen Bihotzaren plazatik Kale Nagusia zeharkatuz. Jarraian, Plaza Biribilean Buenos Aires kalera biratuko da eta Bilboko Udaletxean heltzean amaiera ekitaldiari ekingo zaio.
Ibilbidean osoan zehar hainbat kantujiratako taldek giroa animatuko dute eta jendeari indarrez kantu egitera gonbidatuko zaio. Manifestazioa Bilboko Udaletxera heltzen delarik, musikari ezagun batek kantu euskaltzale bat eskainiko du. Jarraian, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi den Idurre Eskisabelek hitzartzea egingo du, eta ondoren, Iruñeko Duguna dantza taldeak gidatuta sokadantza dantzatuko da, Ihitz Iriartek Sustrai Colinak idatziriko bertsoak kantatu bitartean eta Arkaitz Minerrek, Lorea Intxaurrandietak, Mikel Urbeltzek eta Ander Blaskok kantua musikaz laguntzen dutelarik. Soka-dantzaren bitartez, euskararen komunitatearen talde-lana irudikatuko da.
Manifestazioaren antolatzaileek baikortasun handiz ikusten dute giroa, azken sententziek kezka eta ezinegona areagotu dutela argi ikusi baitute herritar askorengan. Momentuz 40 autobusetik gora antolatu dira herri eta eskualde ezberdinetatik, eta milaka pertsonen parte-hartzea espero dute.
Gasteizko Udalaren adierazpena
Bestalde, Gasteizko Udalak adierazpen bat onartu du astearte honetan toki entitateen defentsan «euskararen aurkako» epaien aurrean. EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin udal taldeek bozkatu dute alde, PSE eta PPren kontrako botoekin.
Gasteizko Udalaren ustez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak azken asteetan eman dituen epai berriak «toki autonomiaren aurkakoak dira, eta hizkuntza arloko udal eskumenen garapen osoa mugatzen dute».
Adierazpenean, bide batez, alde bozkatu duten hiru taldeek Euskalgintzaren Kontseiluaren ekimenarekin bat egin dute, eta egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Honen harira, EH Bilduk kritikatu du Maider Etxebarria Gasteizko alkatea «euskararen alde ez agertzea». Gainera, uztailaren 13an 71 udalerrik Auzitegi Konstituzionalaren epai batek «euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen zituela» salatzeko egin zuten bileran «ez agertzea» deitoratu dute.
Koalizio subiranistak «ulertezintzat» jo du «Gasteizko Udaleko buru denak euskararen eta euskaltzaleen aurkako eraso zuzen hauen aurrean hainbesteko pasibotasuna eta utzikeria erakustea».