Jon Ormazabal

Jokin Altuna hobeto dago, baina ostiralean erabakiko du finalerdia jokatu edo ez

Amezketan egingo duen probaren ordean hartuko du Erik Jakaren aurka jokatu, edo ez, erabakia. Lizartzarrak zalantza gutxi du; «jokatu egingo du eta jokatzea nahi dut, gainera».

Jokin Altuna pilotak probatzen, Erik Jaka eta Gorostiza begira dituela.
Jokin Altuna pilotak probatzen, Erik Jaka eta Gorostiza begira dituela. (Gorka RUBIO/FOKU)

«Ezer gutxi daukat esateko, bihar Amezketan proba bat egingo dudala eta han erabakiko dudala», esan digu, materiala aukeratu berritan, Jokin Altunak, mikroak jarri aurretik, Astelenan ginen kazetarioi. Pilotak apartatzen ikusteak itxaropenerako printzak piztu baditu ere, medikuaren gomendioei jarraiki, amezketarrak ezker sorbalda horri ahalik eta atseden handiena eman nahi die behartzen hasi aurretik eta bihar egingo duen probaren ostean hartuko du igandean Erik Jakaren aurka jokatu, edo ez, erabakia.

«Aste honetan besoa gehiago mugitzen nabil, ariketak eta egiten hasi naiz eta hori daukat esatea. Ezkerrarekin igandean hasi nintzen pilota ukitzen eta entrenamendua segituan utzi behar izan nuen. Aurreko astea, egia esan, oso txarra izan zen, ezin nuen ezer egin, ostegunean hasi nintzen eskuinarekin entrenatzen eta eskuinarekin emanda ere min ematen zidan. Esan zidaten ahalik eta atseden gehien emateko beso horri eta bihar goizean probatzeko asmoa dut eta han erabakiko dut».

Baikorra ote den galdetua, Aspeko aurrelariak onartu du nahi duela finalerdia jokatu. «Urtean txapelketa bat egoten da Lau eta Erdikoa, nahiz gazteak zian  urteak aurrera joaten dira eta beti nahi izaten duzu aukera duzun horretara iritsi baina jakitun naiz baita ere kirola horrela dela. Azkenaldian pixka bat behartzen ari nintzen eta azkenean nik uste ordaintzen ari naizela. Gertatzen diren gauzak dira eta hemendik aurrera ere pasako zaizkit», gaineratu du.

Pilotariak ohituta daude %100ean egon gabe jokatzera, Altuna berak abuztuaren 5etik darama inguru horretan minez egonda kantxaratzen, baina Peñaren aurka jasotako kolpeak aste oso txarra pasa arazi dio. «Ez da mina bakarrik, badakit bihar molestiak izango ditudala, bestea da besoa erabat luzatu eta posturak hartzeko gai izango naizen edo ez. Hori da garrantzitsua, minarekin lehen ere jokatuta nago eta hori ikusi nahi dut, nik kantxara irten eta irabazi egin nahi dut eta finalera joan nahi dut eta horretarako ondo egon behar dut», azaldu du.

Sorbaldari atsedena emanda, hobekuntzarik izan du egun hauetan eta orain hobekuntza hori zenbaterainokoa den ikusi nahiko luke Jokin Altunak.«Aste honetan errehabilitazio ariketa batzuk egiten aritu naiz, ariketak egiterako garaian aldea nabaritu dut eta esan zidaten lehen egunak txarrak izango zirela, dagoeneko ohituta ere banago horretara. Aste honetan aldea nabaritu dut eta orain nahi dudana da proba horretan alde hori nabaritzea».

Momentuz atsedena nahikoa izan da hobeto sentitzeko, baina Aspeko pilotariak buruan du Mikel Sanchez medikuarengana joatea, ezer egin beharko balitz ere. Azken bi astetan mediku gasteiztarra kanpoan izan da eta ezin izan du joan, baina posible duenean haren iritzia ere ezagutuko du.

Jakak argi du jokatuko duela

Jokin Altunak azken unera arteko zalantzak baditu, horren ongi ezagutzen duen Erik Jakak oso argi du noren aurka jokatu beharko duen igandean. «Aurkaria Altuna izango delakoan nago, eta hori nahi nuke gainera. Hori pentsatu eta sentitzen dut, gainera. Aste honetan ez diot gehiegi galdetu zer moduz dagoen, aurreko astean eta bai, baina iruditzen zait, aukeraketara etorrita, badakit bihar hartuko duela azken erabaki hori, baina bera ez dut oso gaizki ikusten, iruditzen zait bera oso gaizki egongo balitz ez lukeela aukeraketa hau egingo eta nik buruan daukat partida Jokinen aurka izango dela», azaldu du lizartzarrak.

Amezketarrak jokatzeari uko egingo balio, Iñaki Artola izango litzateke haren ordez arituko litzatekeena. Momentuz, alegiarra larunbatean dago iragarria, beste finalerdiaren aurretik jokatuko den binakako partidarako.