NAIZ

Askatuak eta Gipuzkoa Basketek hitzarmena sinatu dute, 22 urteko ezinikusia amaitzeko

Nacho Nuñez eta Iñaki Almandoz presidenteek lankidetza hitzarmena sinatu dute, «harremanak berreskuratzeko eta normalizatzeko aro berri bati hasiera emateko». Akordioa «Gipuzkoako saskibaloia indartzeko» eta «leial laguntzeko borondate partekatuan» oinarritu da.

Gipuzkoa Basket eta Askatuaken arteko lankidetza hitzarmenaren ostean eratu den logo berria.
Gipuzkoa Basket eta Askatuaken arteko lankidetza hitzarmenaren ostean eratu den logo berria. (@GIPUZKOA BASKET)

Gipuzkoa Basket Kirol Elkarte Anonimoak eta Askatuak SaskiBaloi Taldeak (SBT) akordioa lortu dute ostiral honetan. Klub bietako presidente Nacho Nuñezek eta Iñaki Almandozek sinatu dsute lankidetza hitzarmen hau, eta bi erakundeetako administrazio-kontseiluak eta zuzendaritza batzordeek berretsi dute.

Akordio historiko honi esker, 22 urtez luzatu den bien artekoi ezinikusiari amaiera jarri zaio. «Bi kluben arteko harremanak berreskuratzeko eta normalizatzeko aro berri baten abiapuntua» dela aipatu dute presidente biek prentsaurrekoan.

Ondorioz, hitzarmenak duela bi hamarkada pasatxo sortutako haustura gainditzeko bokazioa du, Askatuak SBTren ordez Gipuzkoa Basket S.A.D. jarri baitzen Gipuzkoako saskibaloiaren elitean erreferentziazko klub gisa, ez adostasun, ez adiskidetasunik gabeko erreleboko prozesu administratibo bat burutu ondoren.

Erakundeen arteko harremanak berreskuratzeko eta normalizatzeko fase berria, hemendik aurrera bi klubek abian jarriko dutena, «lortutako akordioa elkarrekiko leialtasunez bultzatzeko borondate partekatuan» eta «Gipuzkoako saskibaloia indartzen lagundu ahal izateko asmoan» oinarritzen dela gehitu dute.

Hitzarmen hau sinatuta, Gipuzkoa Basket SAD-k «aitortu» nahiko luke Askatuak SBT-ko arduradunek ia mende erdiz klub gisa egindako lana, Gipuzkoan eliteko saskibaloiak 26 urtez bizirautea ahalbidetuz eta kirol hau haur eta gazte askori erraztuz, bere talde ezberdinen bitartez.

Bi erakundeek uste dute, halaber, denbora tarte horretan Askatuak taldearen lidergoa izan zela Gipuzkoa Basket S.A.D.-k azken 22 urteetan gidatu duen Gipuzkoako formakuntza eta eliteko saskibaloiaren «sustapen eta sendotze lanaren jatorrizko hazia».

Logo berria

Hitzarmen berri honen ondorioz, ÇGipuzkoa Basketen armarri ofizialaren erdigunean Askatuak SBTren kirol-logoa barneratuko du, eta erakundearen izena gehituko dio erregistroan Donostia Askatuak Gipuzkoa Basket S.A.D. gisa inskribatutako izen berriari.

Aldi berean, Askatuak SBT Gipuzkoa Basket Saskibaloia S.A.D.ren akziodun egingo da partehartze sinboliko batekin.

Bi erakundeek sinatutako lankidetza hitzarmenean adostu dutenez, kirol arloan partekatzeko asmoz ekimenak aztertuko dituzte, «Gipuzkoako saskibaloi guztiaren onerako izan daitezkeenak».

Elkarrekiko lankidetzarako espiritu horren testuinguruan, «Gipuzkoa Basket S.A.D.k bere burua eskaintzen du Askatuak SBTko jokalari gazteen kirol-teknifikazioan laguntzeko», bi erakundeek adostutako baldintzetan.

Azkenik, Gipuzkoa Basket SAD-k Illunbeko Angulas Aguinaga Arenan denboraldi honetan eta hurrengoetan jokatuko diren Urrezko LEB Ligako partidetara joateko abonamendu kopuru bat jarriko du Askatuak SBT klubaren eskura.