Beste aste gogor batekin itzuliko da lehia F Ligako taldeentzat

Nazioarteko etenaldiaren ondoren, Ligari ekingo diote larunbat honetan Athleticek, Realak eta Eibarrek. Bizkaitarrek eta armaginek hiru partida jokatuko dituzte hurrengo zortzi egunetan, Kopako kanporaketari ere aurre egin beharko baitiote.

Vila-Realen kontra lortu zuen Eibarren denboraldiko lehen puntua Ipuruan aurreko jardunaldian.
Vila-Realen kontra lortu zuen Eibarren denboraldiko lehen puntua Ipuruan aurreko jardunaldian. (SD Eibar)

Denboraldiak boladaka ibiltzen jarraitzen du emakumezkoen futbolean. Hilabete eta erdian bigarren aldiz nazioarteko etenaldi bat izan ondoren, hainbat taldeentzat konpromisoz betetako aste batekin itzuliko da lehiaketa. Athleticentzat eta Eibarrentzat, besteak beste, biek Kopako kanporaketa jokatu beharko baitute datorren astean eta, beraz, hiru partida pilatuko zaizkie zortzi egunetan.

Eibar - Real Madril (18.30, DAZN)

Ez dira nolanahikoak izango, batez ere armaginen kasuan, bihar Real Madril hartu eta datorren larunbatean Atletico bisitatuko baitute eta, tartean, denboraldia ezinhobe hasi duen Levante Las Planasen bisita hartuko dute Kopako hirugarren kanporaketa jokatzeko. «Jokalarientzat ez da gauza bera partida bat prestatzeko bostpasei saio izatea edo errekuperatu, aktibatu eta jokatzeko denbora besterik ez eukitzea –azaldu du Yerai Martinek–. Baina lehen partida ondo prestatzeko denbora izan dugu eta hortik aurrera partidaz partida joango gara. Gainera ia talde osoa daukagu jokatzeko prest, jokalari asko daude jokatzeko gogo handiekin eta Kopak aukera hori ematen digu, minutu asko jokatu ez dituztenek, jokatzeko aukera izatea».

Nahi, denek nahiko lukete biharkoa jokatu, Liga talde handienetakoa baitator Ipuruara. Motibazioa ez zaie falta izango gipuzkoarrei, orain arteko zale-kopuru handiena espero da Ipuruako harmailan ere, baina ezin da ahaztu Eibar puntuen beharrean dagoela eta Ipuruan bakarra lortu duela aurreko lau partidetan. Oraingoan ere ez da erreza izango garaipena ospatzea «baina lan ona egiten badugu, gertuago egongo gara. Lasai eta batez ere gogotsu. Badakigu nolako aurkaria dugun, goi mailako jokalariekin, eta exijentzia handiko partida izango da erritmoaren eta intentsitatearen aldetik. Baina aurre egiteko prest gaude», azpimarratu du entrenatzaile gorri-urdinak, Eibar goranzko bidea ibiltzen ari dela gaineratuz. «Taldea handitzen dihoa, gauza gehiago egiten ditugu eta hobe egiten ditugu. Vila-Realen kontra ondo ibili zen taldea, arean defentsan, batu behar izan zuenean ondo batu zen, aurrerago joan zenean bloke altuago batean ondo egon zen... Egun hauetan, azken partidan ondo egin genuen guzti hori sendotu dugu».

Bere errekuperazio-prozesu luzearen azken txanpan dagoen Puyi izango da eibartarren baja bakarra Maite Orozekin eta Oihane Hernandezekin etorriko den Real Madrili aurre egiteko.

Betis - Athletic (13.30, DAZN)

Eibarrek etxean badu erronka, Lezamatik urrun ekingo dio Athleticek, orain arte bertan eskuratu baititu bere puntu guztiak. Betis bisitatuko du bihar, «gure zaleen babesa ez dugunean ere irabazi dezakegula erakusteko asmoarekin», esan du David Aznarrek.

Suspertuta ekingo diote bizkaitarrek partidari azken jardunaldian derbia irabazi ondoren. Eta partida horretan ikusitakoa Betisen Kirol Hiri berrian erakustea eskatu die Aznarrek bere jokalariei. «Gu gei izatea da gakoa, lehiakorrak izatea, derbian ikusi genuena erakustea. Hau da, jokoaren une guztiak maneiatzen dituen taldea garela erakustea, gure atetik urrun defendatzeko gai garela eta arean ondo defendatzeko ere, oinean jokatzeko aukera dugula eta espazioan ere, oso talde aberatsa daukagula, aukera asko ematen dizkiguten jokalariekin. Sevillan jokoa menderatu behar dugula uste dut, eroso sentitzen garelako baloia eta partidaren kontrola ditugunean. Eta talde menderatzaile garenez, trantsizioei eta zaintzei oso adi egon beharko dugu, etxetik kanpo beste partida batzuetan hori ordaindu baitugu». Plan orokor horren barruan, «lehen erronka lehen gola ez jasotzea» litzateke, «etxetik kanpo lehen gola hartzea asko nabaritu baitugu. Horrek nolabaiteko presa sortu digu, zehaztasun falta, eta agian presa larregi izan dugu partida maneiatzerakoan. lehen erronka lehen gola ez jasotzea da –azpimarratu du–. Eta gu aurretik jartzea, partida kudeatzeko lasaitasuna izateko».

Pozik agertu da, bestetik, entrenatzaile zuri-gorria erizaindegitik etorritako albisteekin, Sanadrik, Garazi Muruak eta Bibik beren itzulera gertuago baitaukate. Nolanahi ere, hiruretako batek ere ezin izango du jokatu ikasturte hasiera honetan emaitzak lortzea kostatzen ari zaion Betisen kontra. Baikorragoa da Aznar Sanadrirekin datorren asteari begira eta ez zaio gaizki etorriko, zuri-gorriek Kopan debuta egingo baitute ostegunean, Granada bisitatuz, Madril Lezaman hartu baino hiru egun lehenago.

Real - Vila-Real (12.00, DAZN)

Kopa ez duenez hurrengo kanporaketara arte jokatuko, astea lasaiagoa izango da Realarentzat. Aurrekoa ez bezala, jokalari dezente izan baitira beren selekzioekin ibili direnak Zubietatik kanpo. Ondorio latzekin Amaiur Sarriegiren kasuan, lesionatuta itzuli baitzen eta biharko partida harmailatik ikusi beharko du. Laster bueltan izatea espero du Natalia Arroyok.

Zubietan erakutsitakoari eustea ere espero du Katalunyako entrenatzaileak, derbiak utzitako zapore txarra desagertu eta orain arteko baino bide zuzenagoari ekiteko. Horretarako, «ekimena eraman behar dugu, ez gogoz-kontra joan –azaldu du Arroyok–. Aurkariek aurreikusitako plana pixka bat aldatzen dutenean, normala da minutu batzu behar izatea kokatzeko baina horrelakoek ez dute taldea gustora uzten. Jokalariak gustura geratzen dira partidaren bila joan direla sentitzen dutenean, nortasuna eta ausardia izan dutela sentitzen dutenean. Eta hori ondo defendatzea da, oldarkorrak izatea, ahalik eta altuenak, baloia euki tokatzen dena egiteko gaitasunarekin, sekuentzia luzeak, bertikalagoak... Baina Lezaman baino gehixeago euki behar dugu baloia, Zubietako bertsioaren antza izan, Levanteren aurkako partidan izan ezik nahi dugun hori izan bait gara. Eta horretan saiatuko gara, partidan gertatzen den guztia, edo ahalik eta gehien, proposatzen duen taldea izatea; eta beste partidetan bezala, aurkariak, berak ere jokatu nahi duela, proposatzen duenean, horri erantzutea». Argi dauka, ildo honetan, Vila-Real proposatzen saiatuko den horietakoa dea. «Vila-Real jada ez da defendatu eta kontraerasora jo besterik ez duen egiten taldea; uzten badiegu, partidaren agintea hartuko dute», ohartarazi du.

7. jardunaldia

Larunbata
Real - Vila-Real (12.00)
Betis - Athletic (13.30)
Valentzia - Sporting Huelva (16.00)
Eibar - Real Madril (18.30)

Igandea
CA Tenerife - Atletico Madril (12.00)
Granada - Levante Las Planas (13.30)
Bartzelona - Sevilla (16.00)
Madril - Levante (18.30)