NAIZ

Bigarren gradu erregresioak espetxera itzularazi du Juan Karlos Subijana bigarrenez

Juan Karlos Subijana preso gasteiztarrak Basauriko espetxera itzuli behar izan du, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak, bigarren aldiz jada, Fiskaltzak hirugarren gradua emateko erabakiaren aurka jarritako helegitea aintzat hartu eta gero.

Juan Karlos Subijana espetxera itzularazi zuen lehen gradu erregresioaren aurkako mobilizazioa Gasteizen.
Juan Karlos Subijana espetxera itzularazi zuen lehen gradu erregresioaren aurkako mobilizazioa Gasteizen. (Raul BOGAJO | FOKU)

Sarek ohar bidez jakinarazi duenez, Auzitegi Nazional espainolaren Espetxe Zaintzako Epategi Zentralak Juan Karlos Subijana Izquierdo gasteiztarra Basauriko kartzelara itzularazi du, bigarrengoz, hirugarren gradua emateko ebazpenaren aurka Fiskaltzak aurkeztutako helegitea dela eta.

Iragan otsailean ezarri zioten lehen gradu erregresioa arabarrari.

«Beste behin ere –azaldu du Sarek–, Auzitegi Nazionalak atzera bota du Basauriko Tratamendu Batzordearen proposamena; izan ere, batzorde horrek du horretarako behar den erantzukizuna eta informazioa, eta, ondoren Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradua ematearen erabakia. Baina esan bezala, beste behin ere, espetxe-ibilbidea, etxerako bidea eta birsozializaziorantz aurrera egiteko aukera oztopatu ditu Auzitegi Nazionalak, kasu honetan Juan Karlos Subijanari».

Hemeretzi urte eta erdi igaro dira jada Subijana espetxeratu zutela eta, Lakuaren ebazpenean jasotako mediku txostenetan adierazten denez, «larria» da arabarraren osasun egoera. Izan ere, Sarek nabarmendu du «patologia larri» horietan oinarrituta erabaki zuela Justizia Sailak hirugarren gradua ematea, «kontrol telematikoarekin eta etxean geratuta».

Madrildik iritsitako berri honen aurrean «atsekabea eta haserrea» adierazi du Sare Herritarrak: «Salbuespeneko auzitegiek oraindik ere oztopatzen dute presoek etxera itzultzeko aspaldi hasi zuten bidea».

Mobilizazioa asteazkenean

Lege arruntari ere egin diote aipamena, berriro gogoraraziz bertan ez dela esaten presoek «azken egunera arte» zigorra espetxe barruan bete behar dutenik eta badaudela aplika daitezkeen beste bide batzuk, esaterako hirugarren graduan edo baldintzapeko askatasunean. «Are gehiago kasu honetan, presoak duen osasun-egoera kontuan hartuta».

«Ulergaitza egiten zaigu, gainera, Fiskaltzaren helegitearen epaia jaso arte espetxera bueltatu behar izatea», azpimarratu du Sarek.

Nolanahi ere, argi utzi nahi izan dute «elkarbizitzari ateak irekitzen» jarraituko dutela eta, halako erabakien aurrean, «salbuespenezko espetxe-politikaren atea behin betiko ixteko lanean» segiko dutela.

Hala, heldu den azaroaren 8an, arratsaldeko 19.00etan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan egingo den mobilizazioan parte hartzera dei egin du Sarek.