NAIZ

Eraso hirukoitza PSOEk eta ERCk itxitako akordioari

Ostegunean sinatu zuten PSOEk eta ERC Sanchezen inbestidura ahalbidetzeko akordioa; besteak beste, aipagai nagusia izan zen amnistia legea. Ostiral honetan ordea, Espainiako subjektu ezberdinek eraso egin diote akordioari; bide poliziala, judiziala eta politikoa baliatuz.

Felix Bolañosek eta Oriol Junquerasek sinatu zuten PSOE eta ERCren arteko akordioa.
Felix Bolañosek eta Oriol Junquerasek sinatu zuten PSOE eta ERCren arteko akordioa. (ERC)

Gero eta denbora gutxiago du Pedro Sanchezek inbestidura eguna baino lehen beharrezko babes guztiak lortzeko. Pasa den ostegunean urrats bat aurrera eman zuen, ERCrekin itxitako akordioari esker, tartean, amnistiaren legea, Kataluniako aldirietako trenen eskuduntza edota espainiar Estatuarekin duen zorra kitatzea dagoelarik. Fronte ezberdinetako erantzunek, ordea, ez dira asko berandutu, eta besteak beste, ostiral honetan iritsi dira hiru nagusi.

Batetik, fronte polizialean, Guardia Zibilak Marta Roviraren aurka jo du Tsunami Democratic mugimenduaren koordinazioan egon zelakoan. Fronte juridikoan, Auzitegi Nazionalak CDRen aurkako epaiketa izango dela jakinarazi du. Eta hirugarrik, fronte politikoan zenbait erkidego kexu dira akordioan jasotako Kataluniarekiko finantziazioa dela eta.

Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak 2019an sortutako Tsunami Democratic mugimenduaren «koordinazio lanak» egin zituela ondorioztatu du Guardia Zibilak. Proces delakoaren auziaren epaiaren aurka protesta egiteko egindako ekintzak izan ziren Guardia Zibilaren arabera, eta «erakundeen eta bere alderdi politikoaren babesa bilatzeari» begira egin zutela esan du.

Institutu armatuak txosten bat igorri dio plataforma anonimo hori ikertzen ari den Auzitegi Nazionaleko epaileari (2019tik ari da ikertzen), eta Marta Rovirari eskaini dio atal bat, Guardia Zibilak gertakarietan ikertutzat jo baitu. Ikerketa eta epai hori etorkizuneko amnistia lege baten barruan sar litezke.

CDRen aurkako epaiketa

Bestalde, Auzitegi Nazional espainiarrak Errepublikaren Defentsarako Batzordeetako (CDR) hamabi kide epaituko ditu terrorismo delituak leporatuta. «2019an Kataluniako egoitza ofizialetan ustez sabotajeak edo indarkeriazko ekintzak egin zituen talde horietako fakzio erradikalizatu bateko kide izateagatik» jarri zituzten ikerketapean.

Zigor arloko hirugarren sekzioak sumarioa amaitzea eta auzi honetan auzipetutako dozena bat lagunen aurkako ahozko epaiketa hastea erabaki du, «erakunde terroristako kide izatea eta izaera terroristako gai edo aparatu lehergarri sukoiak edukitzea, gordetzea eta fabrikatzea» egotzita. Hori da, hain zuzen ere, Auzitegi Nazionalean irekitako auzietako bat, eta etorkizunean izango den amnistia lege baten barruan sar liteke.

Guztientzat «tratu bera» aldarri

PSOEk eta ERCk Pedro Sanchezen inbestidurarako egindako akordioan Kataluniak espainiar Estatuarekin duen zorraren zati bat barkatzeak PPk eta PSOEk gobernatutako erkidegoak batu ditu, tratu bera eskatzeko eta horrelako neurriak negoziazio aldeaniztun baten ondorio izan behar dutela aldarrikatu dute.

PPko zenbait gobernuk, Gaztela eta Leongoak eta Kantabriakoak kasu, baieztatu dute errekurtsoa aurkeztuko dutela zorraren kitapenaren aurka, eta beste batzuek, Andaluziakoak eta Murtziakoak kasu, beraiei zenbat dagokien kalkulatu dute jada.



Alfonso Fernandez Mañueco Gaztela eta Leongo presidenteak ostiral honetan iragarri duenez, Kataluniari zorra kenduko diotela baieztatzen bada, bere Gobernuak Justiziara joko duela esan du. Bestalde, Maria Jose Saenz de Buruaga Kantabriako presidenteak iragarri du bere Gobernuak Konstituzio kontrakotasuneko errekurtsoa aurkeztuko duela autonomia erkidego horrek eta gainerakoek «Kataluniaren tratu bera» jasotzen ez badute.