NAIZ

Bera Berak nahi baino gehiago sufrituta irabazi du (34-31); Beti Onakek galdu egin du (28-35)

Donostiarrek etxeko lanak egin dituzte, baina ez dute partida ona jokatu Gascan Oviedo ligako azken-aurreko sailkatuaren aurka. Beti Onakek galdu egin du etxean Granollersen aurka (28-35). Atarrabiakoek aukera paregabea galdu dute, ligako lehen zortzi postuetan sartzeko.

Esther Arrojeria Bera Berako jokalaria, artxiboko irudi batean.
Esther Arrojeria Bera Berako jokalaria, artxiboko irudi batean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Bera Berak etxeko lanak egin ditu, eta Ohorezko Mailako lider jarraitzen du –Elxe eta Malagarekin puntuz berdinduta–, baina nahi baino gehiago sufritu du Oviedo ligako azken-aurreko sailkatuaren kontra (34-31).

Imanol Alvarezen jokalariek ez dute haien partidarik onena jokatu, eta datorren igandean Europako hitzordu garrantzitsuari begira, balio beharko die ernatzeko eta gaizki egindakoez ikasteko –aurretik, datorren ostegunean, Aula Valladolid ligako laugarren sailkatuaren aurka jokatuko dute–.

Ines Suarez Oviedoko taldeko atezainari merituk kendu gabe, noski. Neurketako protagonistetako bat izan da, donostiarrak behin baino gehiagotan egin baitute topo harekin.

Bera Bera partida osoan aurretik joan da markagailuan, baina ez dute lortu neurketa hausterik. Alvarezek minutuak banatu ditu, eta normalean gutxiago jokatzen duten jokalariei minutu gehiago eman dizkie. Esaterako, Elke Karsten argentinarrak ez du minutu bat bera ere jokatu lehen zatian, penaltiak jaurtitzeko bakarrik atera da.

Hasierako zazpiko hau kantxaratu du Gascan: Silva, Erauskin, Cavo, Tchaptchet, Boada, Fernandes eta Hernandez. Lehen zatian ez dira gaizki aritu donostiarrak, partida kontrolpean izan dute, eta atsedenaldira lasai iritsi dira. Lasai markagailuari dagokionez; jokoari dagokionez, ordea, ez dute distira handirik egin. Ez erasoan, ez eta defentsan ere –kontuan izanda defentsa izan dela beti Bera Beraren indargune nagusia–.

Bigarren zatian Oviedok estutu egin du, zenbaitetan erasoan atezaina aulkira bidaliz jokalari baten ordez, eta aleka gerturatzen joan dira. 17.minutuan 28-27 zihoazela, Bera Berako prestatzaileak hutsartea egiteko eskatu du. Ez zaio kontentu ikusi ermuarrari. Tartean, Karstenek min hartu du, eta kantxatik atera behar izan du.

Amaieran berriro ere pixka bat abantaila handitzea lortu dute donostiarrek, eta bi puntu poltsikoratu dituzte. Puntuak biltzen jarraitzea da garrantzitsuena, eta orain, datorren ostegunean, Aula Valladoliden aurka, sentsazio onak berreskuratzen ahaleginduko dira, kontinente zaharreko hitzordu garrantzitsuari heldu aurretik.

FITXA TEKNIKOA

34- Bera Bera (20+14): Silva, Erauskin (1), Cavo (4), Tchaptchet (2), Boada (3, 1p), Fernandes (4) eta Hernandez (2) –hasierako zazpikoa– Arroyo (1), Karsten (3p), Menendez (1), Gavilan (4), Loidi (3), Etxeberria (3), Arrojeria (3) eta Aalla (ordezko atezaina).

31- Oviedo 31 (17+14): Suarez, Torres (5), Palicio (5), Rodriguez (5), Aroniz (1), Martinez (7) eta Zulet (2) –hasierako zazpikoa- Cortina (1), Rojo (3, 1p), Merino (1), Mendez (1).

Epaileak: Jorge Rodriguez y Alejandro Nuñez.

Kaleratuak: Tchaptchet y Loidi Bera Beran y Rodriguez, Palicio, Arroniz y Martínez Oviedon.

Partzialak bost minuturo: 3-2, 6-5, 7-7, 12-9, 16-14, 20-17  -atsedenaldia- 25-19, 27-22, 28-25, 29-28, 32-29 eta 34-31

Gertakariak: Minutu bateko isilunea egin da Angel Blancoren omenez, Iñigoren aita, talde teknikoko kidea.

Beti Onaken ez du probestu aukera

Joan den asteburuan neurketa garrantzitsua irabazi zuen Beti Onakek Oviedoren aurka, beheko postuetako lehiatik aldentzeko asmoz. Gaur, pareko beste neurketa bat jokatu du; ligako lehen zortzi postuetan sartzeko asmoz. Izan ere, Granollersekin puntuetan berdinduta zegoen, eta hurak atzean utzi eta goiko lehen zortzi kosketara igotzeko aukera paregabea zuten nafarrek. Ez dute probestu, ordea.

Kataluniako taldeak 28-35 hartu du mendean Beti Onak. Partida osoan zehar joan dira atzetik markagailuan Atarrabiakoak, eta gutxinaka gutxinaka neurketa irabazteko zituzten aukera guztiak xahutzen joan dira. Arerio indartsu bat izan dute parean, behetik gorako bidea egiten ari dena, eta hasiera txarra izan arren, kataluniarrak orain puntuan biltzen ari dira.

Lehen zatian 10-18 atzetik joan dira jada atsedenaldira, eta bigarrenean, gutxirik egitea izan dute hori iraultzeko, aldea handia baitzen. Datorren asteburuan etxteik kanpo jokatuko dute Eldaren aurka. Ligako azken sailkatuaren aurka, alegia. Beheko postuetatik alde handiagoa ateratzeko partida inportantea izango da nafarrentzat.