NAIZ

Kantabrian aurkitu dute Pasaian 700 metroko sarea utzita alde egin zuen arrantza-ontzia

AIS izeneko lokalizazio sistema erabilita aurkitu du Guardia Zibilak Pasaian 700 metroko sarea utzita alde egin zuen arrantza-ontzia. Urtero 640.000 tonelada arrantza-aparailu abandonatzen dira itsasoan eta horiek kalte handiak sortzen dituzte itsas faunan. Salaketa jarriko zaio arrantza-ontziari.

Pasaiako badiako irudi orokorra.
Pasaiako badiako irudi orokorra. (Jon URBE | FOKU)

Guardia Zibilak AIS izeneko lokalizazio sistema erabilita aurkitu du Kantabrian urrian Pasaiako portuaren kanpoaldean 700 metroko sarea utzita alde egin zuen arrantza-ontzia. Sarea hilaren 19an berreskuratu zuten nasako bokaletik Guardia Zibilak eta Turullako urpekari talde batek. Gisa honetan baztertutako arranza-arapailuak «sare fantasma» adiera hartzen dute, urtetan egon baitaitezke itsasoan abandonatuta, bertako fauna eta ekosisteman kalte larriak eraginez.

Guardia Zibilak EFE agentziari adierazi dionez, sarea berreskuratu ostean ikerketa bat abiatu zuten tamaina jakin batetik gorako ontzi guztiek derrigor eraman behar duten AIS sistema erabilita. Sistema hau ontziak lokalizatzeko eta beste ontziekin izan ditzaketen talkak ekiditeko erabiltzen da.

Ikertzaileek sistema horren datuak aztertuta jakin zuten bi arrantza-ontzi soilik aritu zirela beharrean egun horietan sarea abandonatuta utzi zen gunean. Biak Kantabriakoak izanik, bertara hurreratu ziren ikertzaileak eta bietako batek sarearekin arazoak izan zituela jakin zuten, harroka batzuetan trabatuta geratu ostean. Ikertzaileek uste dute ezbehar horren ondorioz baztertu zutela sarea, eta bigarren ontziari laguntza eskatu beharrean ikusi zirela ere jakin dute.

Iturri berberek zehaztu dute arrantza-ontziaren «akats larriena» unean bertan ezbeharraren berri eman ez izana dela, jakinarazi izan balute autoritateek sarea segurtasunez berreskuratzeko neurriak hartuko baitzituzten, argudiatu dutenez.

Gauzak hala, Jaurlaritzaren aurrean salaketa jarriko zaio arrantza-ontziari eta isun administratibo eskaera egingo da, itsas arrantzarako 6/98 legea urratu duela argudiatuta.

«Sare fantasmen» auzia

Azken urteetan Pasaian berreskuratu den bigarren «sare fantasma» da honakoa. Izan ere, 2021. urtean AZTI itsas ikerketa zentroak, Eguzki kolektibo ekologistak, Gurutze Gorriak, Buceo Donostia elkarteko kideek eta Guardia Zibilak beste sare bat berreskuratu zurten badia pasaitarrean, portuko irteeratik Ulia mendirako bidean baztertuta zegoena.

Une hartan bertan Eguzkik ohartarazi zuen «sare fantasmen gaineko kezka geroz eta handiagoa» dela, Nazio Batuen Erakundearen arabera urteko 640.000 toneladea arrantza-aparailu baztertzen baitira itsasoan (egun, horietako gehienak plastikoz egindakoak) eta horiek itsas faunari eragiten dizkioten kalteak nabarmendu zituzten.

«Ozeano Bareko ‘zabor orbain handia’-ren %46 sareez osatua dagoela kalkulatzen da», ohartarazi zuen Eguzkik, «baina sare fantasma hauen gaineko kezka ez da soilik ozenanoaren zati bat hartzen duen plastikozko marea erraldoia osatzen dutelako; itsas fauna heriotzera darama eta ekosisteman kalte larriak eragiten ditu», ziurtatu zuen.