Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

«Tripetatik idatzi» du Alex Txikonek ‘Manaslu neguan’ liburua, «barrena osatu» dion ariketan

2023ko urtarrilaren 6an Manasluko tontorra egin zuen Alex Txikonen espedizioak, negu astronomikoan igoera historikoa erdietsita. Tontor hori aspaldiko borroka zen mendizale lemoarrarentzat. 2020tik egindako saiakerak eta igoera arrakastatsua barnebiltzen duen kontakizuna da, «tripetatik idatzita».

Alex Txikon, ‘Manaslu neguan’ liburuaren aurkezpenean, Bilbon.
Alex Txikon, ‘Manaslu neguan’ liburuaren aurkezpenean, Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Alex Txikonen hirugarren liburua da ‘Manaslu neguan’ (Sua argitaletxea). Manaslu (8.163 metro) negu astronomikoan, oxigenorik gabe eta estilo alpinistan igotzearen balentria jasotzen du bertan –2023ko urtarrilaren 6an egin zuen tontorra– baina bizipenak ez dira soilik azken espediziokoak, baizik eta saiakera guztietakoak; hots, 2020tik 2023ra, etxera salbu iritsi artekoa.

«Tripetatik idatzitako liburua da, sufrimendua agerikoa da», onartu du Txikonek, liburuaren aurkezpenean. Hala berretsi dute Argiñe Areitio editoreak, bai eta Juanra Madariaga itzultzaileak ere. «Jaitsierako kapitulua irakurtzerakoan, gomendatzen dut eskura izatea ur baso bat», bota du bilbotar alpinista, idazle eta itzultzaileak.

«Alexen eboluzioa jasotzen du; ez Alex Txikonena, baizik eta Alexena», eta lemoarrak onartu du tontorra egin ondotik ikusi duela argia liburu honek, «bestela ez dut uste idatziko genuenik».

Hainbeste borrokatu duen helburua bete ostean, «hustuta» sentitu zela azaldu du, «ez nuen ondo pasa, tristea da». 2016tik zebilen borrokan; lehendabizi Everest, gero K2, 2020tik saiakeran Manaslun... Inoizko espedizio gogorrenetakoa izan zela adierazi du eta sekula horrelakorik neguan egingo ez zuela gogoraratu ziola bere buruari.

Liburua idazteko prozesuan, ordea, barnea osatu zitzaion. «Ez dakit terapeutikoa izan den baina bai osatu dit barrena; berpiztu egin naiz». Eta bai berpiztu ere. Hilaren 29an Nepalera abiatuko baita, Annapurnan neguan tontorra egin asmoz.

Kronologikoki daude antolatuak 20 kapituluak –Ramon Portillaren hitzaurrea, ibilbidea eta ondorioen atalaz gain– baina badago salbuespen bat, eta hori hasiera da. 2023ko urtarrilaren 6an, tontorra egin unean, hasten da liburua, gero proiektuaren hastapenetara atzera egiteko. «Amua botatzeko izan da, jendea harrapatzeko», onartu du Areitio editoreak. Txikon gustora agertu da erabakiaz, ederki islatzen duelako zein zen helburu nagusia: «Etxera bizitzik iristea».

Era berean, azaldu dute kapituluak kronologikoki antolatuak badaude ere, ez dela kontakizun soil bat, espedizioaren nondik norako teknikoak biltzen dituena, baizik eta une bakoitzean Alex Txikonen sentimenduak jasotzen dituela. Bere alde gizatiarrena erakusten du lemoarrak, «barneko ahotsekin eduki duen uneoroko borroka hori», ñabartu du Madariagak.

Hain zuzen ere, «beldurra kudeatzea» egin zaio ariketa zailenetakoa Txikoni. «Ez dut esaten beldurra galtzea, beldurra hor dago, ez da desagertzen, baina kontrolatzen jakin behar da, ez zaitzan mugatu», azaldu du.

6.100 metroan Simone Morok atzera egin zuen unea, hotzaren eraginez izotzak egiten zituen krakateko beldurgarriak, haize bortitza, izua, heriotza posible bat onartzea «betiko lo egiteko»... Kontakizunaren gako batzuk besterik ez dira. «Argazkiak ere kapritxoz aukeratuak daude», adierazi du. Asko bereak dira baina badaude argazkilari profesionalenak ere.

«Irakurleak bidaiatzea lortzen da; agian argazkietan ez da nabari hotza eta izua, baina errelatoak bai islatzen du», azpimarratu du.

Lama xerpari eskainita dago liburua, urri hasieran Shishapangma mendian elur erausi batek harrapatuta geratu zen alpinista nepaldarrari. Gina Marie estatubatuarrarekin zebilen espedizioa osatzen eta bien gorpuak desagertuta jarraitzen dute. 2020tik gertutik egin du lan Txikonekin eta bere laguntza eskertzeko modu bat izan da liburuan bere oroimena gordetzea.

SOS Himalaya, Eki, Udana eta MatiaZaleak fundazioek ere aipamentxo bat daukate, Alex Txikonekin elkarlanean egiten ari diren proiektu solidarioak direla-eta.

Messnerren gogoetak, euskarara itzuliak

Modu batera edo bestera esateko, Alex Txikonen hitzek Reinhold Messnerrek idatzitakoei lekukoa eman diete. Eta horren isla da Sua argitaletxeak berak argitaratu berri duen ‘Zain dezagun mendia’ liburua.

Alpinista historiko tiroldarrak eduki horrekin gogoeta partekatzen du mendia eta natura maite duten guztiekin. Hainbat gai jorratzen ditu, eta guztietan ala guztietan hausnarketa egiten du. Gaiak potoloak dira: mendia turismo-produktua, isiltasuna, oporrak mendian, bakardadea eszenatokia, glaziarrak bizitzaren oinarri, arriskua eta heriotza mendian…

Finean, Messnerrek arazoaren larriaz jabetzeko lehen urratsa egiten du. Eta horri guztiari irtenbideak proposatzen dizkio. Hain zuzen ere, hori da idazle horrek egiten duen bigarren urratsa. Hori guztia ulertu ahal izateko, historia egin duen alpinista honek, besteak beste, honako gogoeta egiten du: «Zaindu behar dugu mendia ez badugu nahi masa-turismoak hondora eraman dezan. Hirigunea jaitsi dugu mendia. Ez dut parke tematikorik nahi».

Reinhold Messnerren ‘Zaindu dezagun mendia’ liburua. (SUA EDIZIOAK)

Jatorrizko bertsioak honako izenburua du: ‘Rettet die Berge. Ein Apell von Reinhold Messner’. Baina orain euskaraz irakurtzeko aukera dago: ‘Zain dezagun mendia’. Ioritz Gonzalez Lertxundi da liburua itzuli duena.

Azkoitiarrak adierazi du lau urteko lana izan dela, eta liburua gaztelaniaz irakurri zuenean harrapatuta geratu zela Messnerren gogoetekin. Eta gehitu du ere, katalanez zegoela ikusi zuenean, urrats bat egin eta euskarara itzultzea otu zitzaiola. Argi du hausnarketarako liburu bat dela, eta publiko orokorrari (batez ere mendizaleei) zuzenduta dagoela.