Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevista
Vanesa Fernandez Guerra
Zinebi jaialdiko zuzendaria

«Film laburrak egiten hasten direnak ia denak emakumeak dira»

Aurtengo Zinebiren 65. edizioa da; seigarrena zuzendaritzan Vanesa Fernandez Guerrarentzat (Durango, 1980). «Ditxosozko pandemiak», dio, dena markatu duen arren, une goxoa bizi du euskal zinemak eta, horren ondorioz, Zinebi berak. Albiste txarren bat kenduta, Frederick Wiseman ez baita etorriko.

Vanesa Fernandez Guerra, bere bulegoan.
Vanesa Fernandez Guerra, bere bulegoan. (Oskar MATXIN | FOKU)

Bulegora sartu eta, paretaren kontra, post-itez jositako egutegi handi batek egiten digu harrera. Laukizuzen hau izango da Vanesa Fernandez Guerraren iparrorratza hurrengo egunetan. Zinebiren zuzendariari aurtengo azaroa luze joango zaiola dirudi, 65. edizio hau hilabetea hasi eta berehala martxan jarri zelako.

Ostiral honetan egingo den inaugurazio galan, Arriaga antzokian, emango diote hasiera Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren edizio honi eta 17an bukaera gala jarrita duen arren, 18ra arte luzatuko da, Ivan Zulueta zinemagile donostiarraren lanetan oinarritutako kontzertu-emanaldi kitzikagarria emango baita, egile honi eskainitako ziklo interesgarrian.

Inaugurazio galaren bezperatan hartu gaitu Vanesa Fernandez Guerrak Zinebiren egoitza berrian, Basurtoko La Perrera kulturgunean. Dena lotuta duen sentsazioarekin, baina barneko gorapiloa askatzeke, oraindik ez zekien aurten banatuko dituzten ohorezko Mikeldi batek, osasun arazoengatik, kale egingo zitzaiola azken orduan: 93 urte ditu Frederick Wisemanek, zinema dokumentalaren aitatzat hartzen dena, eta Bostonen ospitaleratu dute, atzo jakitera eman zutenez. Halere, gaurko galan Felix Linares zinema kritiko eta irrati esatari bilbotarrak jasoko du bere Mikeldia. Festa ziurtatuta dago.

Nola aurreikusten duzu aurtengo jaialdia ikuslegoari dagokionez? SGAEren azken datuen arabera, zinema aretoek errekuperatzen ari dira, baina oso modu motelean. Zuek 13.0000-14.000 ikusleen teilatua daukazue, ezta?

Bai. Nik pentsatzen dut batez ere pandemiaren osteko publikoaren krisi hori nolabait gainditzen hasi dela. Alde horretatik baikorra naiz.

Salmentetan nabaritu da?

Guk ditugun bonoak, oso beharrezkoak direnak, gazte, jubilatu eta langabezian daudenentzat. Guretzat inportantea da eurek jaialdia barneratzea. Bono hauek saltzen dira arinago eta interesa dagoela ikusten ari gara.

Gure ohiturak aldatu dira eta online finkatu.

Pandemia ostean erabaki genuen Filmin plataforman, eta aurten Primera plataforman lehen aldiz ere, aurreko edizioetako film laburrak eta dokumentalak jarriko genituela. Zeren guk defendatzen duguna jaialdi presentziala da, jendea etor dadila gure aretoetara, disfrutatzea, hausnarketa sortzea, topatzea lagunekin, profesionalekin... Hori da jaialdi guztien izaera eta horrela izan behar du.

Ba al dago publikorik mota honetako zinema independientearentzat? Iruditzen zait batez ere gazteak mugitzen dituela, ez dakit ikerketaren bat egina duzuenik.

Batez ere filme laburretan eta ZIFF ofizialean, gazteak dira gehiengoa. Baina oso interesgarria da ikustea Beautiful Docs atala, hau da filme dokumental luzeena, eta Bertoko Begiradak sailean jende nagusiagoa etortzen dela. Dokumentalek publiko fidela dute.

Jaialdiz jaialdiz ibiltzen ohi zara urtean zehar, «ehizatzen». Panorama nola ikusten duzu aurten, zaila izan al zaizu egitaraua osatzea?

Oso ona da dokumentaletan eta lehenengo pelikuletan, baina baita film laburretan ere, zeren nik uste dut programazioaren maila oso ona dela. Oso pozik gabe, izan ere, pelikula asko eta onak kanpoan gelditu direlako ez geneukalako tokirik. Aurtengo uzta benetan ona da, eta ez bakarrik Zinebin, beste jaialdietan ere.

Iaz Kolonbiaren urtea izan zen, sari gehienak eraman zituzten. Aurten, antzeman daiteke tendentziak nondik datozen: Europatik edo Latinoamerikatik?

Galdera ona da. Latinoamerikatik bai, baina, adibidez, aurten Estatu Batuetako zinema independienteak garrantzi handia hartu du ZIFF sailean, adibidez. Palmaresarekin zer gertatuko den sekula ez dakizu, halere.

2018an hasi zinenetik, zure ildo nagusiak izan dira emakumeen presentzia indartzea, euskara indartu...

Horiek izan dira gure ardatzak, eta aintzat hartzen ditugu egunero. Pelikula guztiak euskaraz azpititulatzen ditugu, baina niretzat garrantzitsua da ere euskara gure eguneroko lanean, komunikazio arloan eta aurkezpenetan erabiltzen dugula. Euskara, azken batean, gure eskubidea ere bada.
Eta emakumeen presentziari dagokionez, beti izango da garrantzitsua Zinebin, alde batetik programatzen ditugun pelikulengatik, eta, beste alde batetik, aurrera eramaten ditugun jardunaldi profesionalengatik. Kontuan izan industriaren alorra indartzea izan zela nire helburuetariko bat, eta hor, adibidez, daude Zinebi Networkingak, antolatzen ditugun saio profesionalak. Azken urteetan asko hasi dira.

Zinebi paralelo bat dago, publikotik aparte?

Industriari eskainitako jardunaldi profesionalak dira. Eta hori inportantea da. Adibidez, aurten daukagu topaketa bat ilusio berezia egiten didana: emakume montatzaileena. Egin dugu orain arte: emakumeak musika eta zinema, filme labur batetik zelan egin salto luzemetraietara, egin izan dugu Palestina edo Mexikoko emakumeekin... eta uste dut horrelakoak beharrezkoak direla zeren, azken finean, jaialdiak izan behar dugu hausnarketa puntu bat sortzeko espazio zabalak.

Emakumeen presentzia handia da, baina naturala da edo bilatutakoa da?

Gure kasuan naturala da eta arrazoia oso sinple bategatik, baina logika daukana: azken finean, guk filme laburrez ari gara eta talentu emergenteetaz, eta fakultateetan eta zine eskoletan gero eta emakume gehiago daude; beraz, hortik ateratzen direnak eta film laburrak egiten hasten direnak ia denak emakumeak dira. Bestetik, zinema dokumentalean zein animaziozkoan emakumeen papera hor dago. Dokumentalaren kasuan inkluso, medio gutxiagoekin egiten denez, hor nolabait emakumeak erosoagoa sentitu daitezke.

Adierazgarria da: ‘Sultanaren ametsa’ Zinemaldiko sail ofizialean egon zen; Zinebin ere, berdin.
Eta gu, poz pozik. Begira, maiatzean Oberhausenen egon ginen, oso jaialdi potentean, eta oso harro gaude Fokus bat egin genuelako euskal zinemarekin. Han egon zen, gure ustez, azken urteetako uztarik onena filme laburrenetan. Eta belaunaldi desberdinak eraman genituen: Isabel Herguera egon zen aurkezten, etorri ziren ere Asier Altuna, Koldo Almandoz, jende gazteago, Aitor Gametxo...

Euskal zinemaren susperraldia dagoela dirudi.

Bai, eta Esti Urresolaren ‘20.000 especies de abejas’ filmea da aurtengo arrakastarik esanguratsuena. Egon nintzen Berlinaleko estreinaldian eta kriston emozioa sortu zidan. Gainera Esti gure ikaslea izan da, badakizu unibertsitatean aritu nintzela, eta han ikustean... Gurean epaimahaikide dator, eta Zinebin bi sari irabazi zituen pandemiaren urte ditxoso horretan. Beti oso gertu egon gara berarekin. Eta pozten gara izugarri izaten ari den ibilbidea zoragarriarekin. Bestalde, hor duzu ere Victor Iriarte: Veneziako jaialdian aurkeztu zuen bere lana eta orain sari pila jasotzen ari da jaialdi desberdinetan, baina Zinebin jaso zuen ere bere garaian euskal zinemaren sari nagusia.

Euskal zinemaren industria badagoela esan liteke, beraz?

Asko ez gara, baina daudenak hor daude. Beraien arrakastak eta lorpenak hor daude.