NAIZ

Jon Alberdik ez du onartu Baikok egindako eskaintza, eta ez du taldean jarraituko

Baiko enpresak gaur jakinarazi du Alberdi II.ak ez duela onartu enpresak kontratua berritzeko egindako eskaintza, eta, beraz, ez duela taldean segituko. Azpeitiarrak debuta egin zuenetik bost urte pasatu dira, eta joan den larunbatean jokatu zuen Alberdik Baikorekin azken partida Ogeta frontoian.

Jon Alberdi joan den apirilean P. Etxeberriaren aurka Buruz Buru jokatu zuen partidan, Tolosako Beotibar frontoian.
Jon Alberdi joan den apirilean P. Etxeberriaren aurka Buruz Buru jokatu zuen partidan, Tolosako Beotibar frontoian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jon Alberdik ez du Baikon jarraituko. Hori jakinarazi du gaur Baiko pilotak; enpresaren hitzetan, Alberdik ez du onartu enpresak kontratua berritzeko egindako eskaintza. Beraz, ez du taldea segituko.

Albiste deigarria da; gehien bat azpeitiarrak ez omen duelako onartu enpresak berak egindako eskaintza. Beraz, gaur gaurkoz, pilotari profesionala izateari utziko dio Alberdik, Asperekin sinatzen ez badu, behintzat. Ikusi beharko da ea pilotariak adierazpenen bat egiten duen.

Bost urte pasatu dira debuta egin zuenetik, eta joan den larunbatean jokatu zuen Alberdik Baikorekin azken partida Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Iztuetarekin batera osatu zuen bikotea, eta Alberdi I. eta Ugartemendiaren aurka neurtu zituzten indarrak. Azken horiek gailendu ziren 18-9.

Tarte honetan Promozio mailan bi txapel jantzi ditu azpeitiarrak, 2021eko Binakakoa Ruben Salaverri errioxarrarekin batera –finalean 22-11 irabazi zieten Elordi eta Garmendiari– eta iazko Buruz Burukoa, –finalean emaitza berarekin Salaberriari gailenduta–. Azken garaipen honek aurtengo lehen mailako Buruz Burukoan jokatzeko aukera eman zion, baina lehen kanporaketan ezer gutxi egin ahal izan zuen Peio Etxeberriaren aurka (22-2).

Azken Promozioko Lau eta Erdikoan ez du bere maila ematerik izan eta ligaxkan jokatutako hiru partidak galdu zituen Zubizarreta, Mata eta Egiguren V.aren aurka. Enpresarekin akordio batera heldu ez izanaren ondorioz, Baikok agurreko partidarik gabe utzi du azpeitiarra eta gaur bertan bere web orrialdetik kendu du haren fitxa eta argazkia.