J.S.

Mugikortasunak bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duenean

Lemoako Ortomobility enpresak mugikortasuna errazteko irtenbideen erabilera zabaldu eta ezagutzera eman nahi du beharra duten herritarren artean, bizi-kalitatea hobetzen lagun dezaketela sinetsita.

Mugikortasun-irtenbideak etxe barrurako zein kalerako izan daitezke. Azken hauetan artean, motordun aulkiak eta eskorga edo taka-takak daude.
Mugikortasun-irtenbideak etxe barrurako zein kalerako izan daitezke. Azken hauetan artean, motordun aulkiak eta eskorga edo taka-takak daude. (J.S.)

Orain dela urte gutxi batzuk arte, adinagatik edo edozein lesiogatik mugikortasuna murriztuta zuten pertsonak etxetik atera gabe geratzen ziren askotan. Izan ere, eskura izan zezaketen laguntza bakarra makila, makuluak edo gurpildun aulkia ziren.

Egoera horri aurre egiteko, Gaizka Gallastegik Ortomobility enpresa sortu du, orain dela hilabete gutxi, Lemoan. Gaztetxoa zenean pertsonalki ezagutu zuen zer den mugikortasun arazoak izatea eta azken urteetan bere inguruan ere ezagutu du behar hori duen jendea.

Bere helburu nagusia, beraz, beharra duten herritarren artean mugikortasuna errazteko irtenbideen erabilera zabaltzea eta ezagutzera ematea da. «Jendeari azaldu aukerak badaudela norbera autonomoa izaten jarraitzeko, besteen menpe ez egoteko. Azken finean, jendeak lotsa galdu dezala motordun aulkiarekin edo taka-takarekin ibiltzeko». Izan ere, Gaizka Gallastegik argi dauka beren bizi-kalitatea hobetuko dutela eta, azken finean, ongizatea.

Ortomobility enpresak eskaintzen dituen mugikortasun irtenbideak etxe barrurako zein kalerako izan daitezke. Azken hauetatik hasita, bi dira nagusiki kalean ibiltzea errazten dituzten produktuak: eskorga edo taka-takak, eta motordun aulkiak.

Gaur egungo eskorga edo taka-takek hiru funtzio betetzen dituzte aldi berean: ibiltzeko euskarri, eserleku eta erosketa-orga. Gallastegiren hitzetan, «oso praktikoak dira eta ibiltzeko laguntza handia ematen dute, makuluak baino egokiagoak baitira. Lehen jendea lotsatu egiten zen, baina orain gero eta gehiago  animatzen ari dira».

Motordun aulkien atalean, gama oso zabala dela dio Ortomobility-ko arduradunak, batezere bateria elektrikoak eskaintzen duen autonomiari dagokionean. Horregatik, erosi baino lehen, pertsona bakoitzak ze behar duen eta ze erabilera emango dion aztertu beharko litzateke. Tresna honek autonomia maila oso haundia eskaintzen die mugikortasun arazoak dituzten pertsonei.

Etxe barrurako tresnen artean, kirola egiteko zintak eta bizikleta eskatikoak daude, eguraldi txarra egiten duenean etxeatik atera gabe kirola egiteko oso egokiak.

Horrekin batera, ohe-artikulatuak eta garabiak ere eskaintzen ditu, baita dutxa eta komunerako osagarriak ere. Tresna horiek guztiak zaintzaileentzat ere onuragarriak direla nabarmendu du Gaizkak. «Tresna hauek errazago egiten dute gure pertsona nagusien zaintza. Beraz, zaintzailearen ongizatea ere lortzen dugu».

Produktuen salmenta ez ezik, Ortomobility enpresan etxe barruko obren kudeaketaz ere arduratzen dira. «Hasieran beti saiatzen gara hobekuntza txikiak egiten, ahalik eta aurrekonturik txikienarekin. Baina benetan beharra baldin badago, egoera aztertu eta behar diren obra guztiak kudeatzen ditugu».

Azkenik, tailer zerbitzua ere eskaintzen du Lemoako enpresak. Bere arduradunaren iritziz, «oso inportantea da produktu bat erosten duenari gero zerbitzua eskaintzen jarraitzea, hau da, edozein arazo sortu ezkero, erantzuna ematea, jarraipen bat ematea».