Iraitz Mateo

‘Persepolis’ Marjane Satrapiren komiki autobiografikoa euskaraz, Irene Arraratsen eskutik

Marjane Satrapik bere autobiografia idatzi zuen komiki bidez, ‘Persepolis’, eta ostiral goizean aurkeztu dute euskarazko bertsioa. «Irandar baten istorioa da, baina ez hori bakarrik, jende asko identifikatuko da, egiaren indarra daukalako kontakizunak», esan du Irene Arrarats itzultzaileak.

Irene Arraratsek itzuli du Marjane Strapiren ‘Persepolis’ lana.
Irene Arraratsek itzuli du Marjane Strapiren ‘Persepolis’ lana. (Gorka Rubio | FOKU)

«Askatasuna garesti zegoen» idatzi zuen Marjane Satrapik bere autobiografia komiki bidez kontatu zuenean ‘Persepolis’ liburuan. Irene Arraratsek euskaratu du eta Elkarrek argitaratu. Itzultzailearen hitzetan «orri bakoitzean daude perlak», eta Satrapiren bizitzan oinarrituta kontakizun historiko eta politikoa biltzen dela azaldu du. Frantsesetik itzuli du Arraratsek, bere ustez jatorrizko hizkuntzatik euskarara ekartzea delako egokiena, nahiz eta beste hainbat hizkuntzetan eskuragarri dagoen jada.

Arraratsek kontatu du «urre gorria» topatu duela narrazioan, «bizipenak kontatuz kontatzen digu historia, eta historia kontatuz agertzen dira bere bizipenak». Bi elementuak modu egokian txertatuta eta «txirikordatuta» daudela txalotu du. Esan du ez dela «batere panfletarioa», eta bikain kontatzen duela Iraneko zein Europara joandakoan aurkitutako testuinguru politiko-soziala.

Haur eta nerabe begiradatik kontatutako istorioa da, Satrapik 10 urte zituela hasi zen Iran eta Iraken arteko gerra, eta hori da liburuaren abiapuntua. Itzultzaileak kontatu du bere bizitzaren bidez gai asko lantzen dituela irandarrak: jendarteko harremanak, emakumeen egoera, herrialde ezberdinetako bizimodua, politika, zapia jartzearen derrigortasuna, erlijioa…

«Irandar baten istorioa da, baina ez hori bakarrik, jende asko identifikatuko da, eta batez ere sinetsiko dio, egiaren indarra daukalako kontakizunak», azpimarratu du Arraratsek, eta adierazi du gaur egun «pil pilean dauden gaiak» barnebiltzen direla. Idazlearen hitzak gogoratu zituen aurkezpenean: «Munduari hitz egin nahi badiozu, hitz egin zure herriaz; eta hori ez da erraza».

Bizitza bat lau ataletan

Lehen liburua lau ataletan argitaratu zen, baina azken edizioetan lau atal horiek liburu bakarrean bildu izan dira, eta euskarazkoan ere hala egin dute. Lehen atala haurtzaroari dagokiona da: «Oso imaginatiboa da, ume naif baina irudimen handiko baten munduan sartzen da, jakin min handikoa, eskolan zapia jartzera behartzen diote… egoera berezia da», zehaztu du Arraratsek.

Bigarren atala gordinagoa dela kontatu du, Iran-Irak gerra piztu zen momentuan kokatuta dago: «Irudikatzen ez zituen gauzak ikusten ditu Marjanek: heriotza, tortura, oso gertu mota guztietako bortizkeria, bonbardaketak…». Aurkezpenean kontatu dute nahiko ume «matxinoa» zela bera, eta gurasoek «Europa zibilizatura» bidaltzea erabaki zutela.

Vienan dago kokatuta hirugarren atala, eta nerabezaroari egin beharko dio aurre Satrapik. Aurkezpenean azaldu dute nerabezaroa izatez dela korapilatsua, eta inguruan familiarik edo ezagunik izan gabe are gogorragoa izan zela irandarrarentzat. «Edozein nerabek izan ditzakeen gorabeherak ditu, eta horri gehitu erbesteak sortzen dituen nortasun arazoak, berak ere halako eten bat du bere nortasunarekiko; hainbestekoa izan zen gainbehera, kale gorrian lotan pasatuko dituela egun batzuk». Drogak, sexuak eta politikak leku berezia dute atal honetan, eta batez ere ezkerreko ikuspegi batetik «desilusionatuko» da pertsonaia. Ezkerreko balioekin bat egiten zuen Iranen, bere lagun anarkistak kartzelatuak, torturatuak eta hilak izan ziren, eta Europan ezagutzen dituen punkak eta anarkistak ez dira horrelakoak: «Europan ikusten du pijo kuadrila ikaragarri bat lezioak ematen, eta ondoren eskiatzera doaz; txoke gehiegizkoa da beretzat».

Laugarren atalarekin amaitzen da liburua. Iranera itzultzen da, «askatasuna galtzearen truke, familiaren babesera», kontatu du Arraratsek. Itzulera horretan, berdin zaio zapia janztea, eskubide zibilak galtzea... ezkondu ere egiten da, eta ondoren dibortziatu, baina familiaren babesa bilatzen du. Baina azkenerako, bertatik ere alde egitea erabakitzen du «betiko, edo behintzat hango egoera bukatu arte».

Biluztea eta umorea

«Bere burua biluzten du, ez du edertzen, ez du idealizatzen, begiak zabalik begiratzen du kanpora. Egiaren indarra du bere kontaerak», adierazi du Arraratsek. Umorea agertzen dela aipatu du, «gordinena eta garratzena umorez kontatzen ditu», eta umorearen beraren gogoetak ere aurkitzen direla nabarmendu du.

Itzultzaileak bere «momentu kuttunenetako bat» zein den aitortu du: Descartes eta Marx hizketan jartzen dituenekoa. Esan du filosofia lezio laburra eman eta barre eginarazi ziola.

Irudiei dagokienez, zuriak eta beltzak dira, «oso espresionistak» Arraratsen ustez: «Ematen du oso soilak direla, agian infantilak, baina estilizazio handiko lana da, egon behar dena bakarrik dago».