NAIZ

Islandiak larrialdi egoera ezarri du, erupzio bolkaniko baten beldur

Islandiako agintariek larrialdi egoera ezarri dute Grindaviketik gertu, Ipar Atlantikoko uharte horren hego-mendebaldean, hainbat lurrikara izan ostean, eta sumendiaren erupzioa egon daitekeela ohartarazi dute. Hala, Reykjavik hiriburutik 50 kilometrora dagoen hiri hori ebakuatzea agindu dute.

Fagradalsfjall sumendiaren inguruak.
Fagradalsfjall sumendiaren inguruak. (Halldor KOLBEINS | AFP)

Azken egun eta orduetan, «aldaketa esanguratsuak» izan dira Islandiako Grindavik herritik gertu dagoen lurpeko magmaren pilaketan. Bertan, ia 4.000 pertsona bizi dira, IMO Islandiako Meteorologia Bulegoaren arabera. Horren aurrean, Udaltzaingoak eta Babes Zibileko agintaritzak Grindavik ebakuatzea eta larrialdi-egoera ezartzea erabaki zuten.

«Une honetan, ezin da zehatz-mehatz zehaztu magma azalera iritsi daitekeen eta non. Zantzu batzuen arabera, magma kopuru handi bat mugitzen ari da Sundhnjukagigumetik Grindavikera doan eremuan», ziurtatu du IMOren adierazpen batek.

Gaineratu dutenez, «Fagradalsfjalleko erupzioekin lotutako magma-intrusio handiagoetan ikusi zena baino magma-kopuru nabarmen handiagoa dago tartean». «Magma-intrusioaren irudi zehatzagoa ematen duten ereduak kalkulatzeko datu gehiago biltzen ari dira», argitu dute.

Urriaren amaieran hasi ziren milaka dardara Reykjanes penintsula astintzen, non Fagradalsfjall sumendia dagoen. Fagradalsfjall Reykjavik hiriburutik 40 kilometrora dago. 2021ean sartu zen azken aldiz erupzioan.

Ostegunean, Blue Lagoon igerileku geotermikoa itxita egon zen, dardaren eta langileen tentsioaren ondorioz.