NAIZ

Riadetik aldarria: «Estatu palestinarrik gabe, ez da bakerik egongo ez Israelen ez eskualdean»

«Ez Israelek ez eskualdeko herrialdeek ez dute bakerik eta segurtasunik izango Estatu palestinar independente bat ezartzen ez bada», adierazi dute Riaden goi-bilera egin duten 57 herrialde arabiar eta gehiengo musulamana dutenek.

 Mohamed bin Salman Saudi Arabiako printze oinordekoa eta Ebrahim Raisi Irango presidentea, Riadeko goi-bileran.
Mohamed bin Salman Saudi Arabiako printze oinordekoa eta Ebrahim Raisi Irango presidentea, Riadeko goi-bileran. (Ahmed NURELDINE | AFP)

«Baieztatzen dugu ez Israelek ez eskualdeko ezein herrialdek ez dutela segurtasunik eta bakerik izango palestinarrek horrelakorik izan gabe eta arpilatutako eskubide guztiak berreskuratu gabe», dio herrialde arabiar eta musulmanek Gazaren aurkako mendeku operazioaren harira Riaden egiten ari diren goi-bileraren azken ebazpenak.

Dokumentuak, halaber, Israel «gatazkaren jarraipenaren eta larriagotzearen» erantzule egiten du, eta Estatu horrek lurralde palestinarretan egindako okupazioa «segurtasunerako eta eskualdeko eta nazioarteko egonkortasunerako mehatxutzat» jotzen du.

Era berean, «ahalik eta lasterren» nazioarteko bake konferentzia bat deitzeko eskaera ere jasotzen du adierazpenak, «sinesgarria den eta nazioarteko legea oinarri duen» prozesu bat abiarazteko, «Israelek lurralde palestinarraren okupazioari amaiera emateko».

Gazara laguntza humanitarioa kopuru handietan sartzen uzteko ere eskatu dute, eta gerra-krimentzat jo dute gazatar guztien aurkako «zigor kolektiboa».

Israelera armak «esportatzeari uzteko» eskatu diete herrialde guztiei, eta Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskal nagusiari, berriz, okupatzaileek «Gazan ez ezik, okupatutako lurralde osoan egiten dituzten gerra krimenen eta gizateriaren aurkako krimenen ikerketa betetzeko» eskatu diote.

Ildo horretan, Mendebaldearen «moral bikoitza» deitoratu dute nazioarteko zuzenbidea aplikatzeko orduan, eta ohartarazi dute «jarrera bikoitz horrek larriki ahultzen duela Israel legearen gainetik defendatzen duten herrialdeen sinesgarritasuna».

Halaber, Gazaren aurkako ofentsiban «kazetarien, haurren, emakumeen eta medikuen hilketa» salatu zuten, eta Israelek Zerrendan eta Libanoko hegoaldean fosforo zuria erabili izana gaitzetsi zuten, eta Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeari (OPAQ) Estatu israeldarra ikertzeko eskatu zioten.

Preso palestinar guztiak aske uzteko beharra ere jasotzen du dokumentuak, eta, aldi berean, Palestina Askatzeko Erakundea herri palestinarraren «legezko ordezkari bakarra» dela adierazten du, eta fakzio guztiak «bere aterkipean bateratzea» eskatzen du.

Liga Arabiarraren eta Lankidetza Islamikoaren Erakundearen goi-bilera urriaren 7an Hamasek Israeli eraso egin eta honek zigor kolektibo erraldoia abiatu eta bost astera egin dute.

Ebrahim Raisi Irango presidenteak Israelgo Armada «erakunde terrorista» izendatzeko eskatu die herrialde musulmanei. Hau da Irango agintari batek 2012tik Saudi Arabiara egin duen lehen bisita. Bi herrialdeek iragan martxoan adostu zuten harremanen normalizazioa.