NAIZ

Euskal Herria «putodefendatzera» deituta, Ernaik hautsak harrotu ditu sare sozialetan

Espainiar eskuin muturraren protestetan ezaguna egin zen «putodefender España» leloari bueltan eman eta azaroaren 18an Bilbon EH Bilduk deitutako mobilizaziorako erabili du esaldia Ernaik. Txioak 250.000 ikustaldi baino gehiago ditu 24 ordu baino gutxiagoan.

Hau da Ernaik sareetan argitaratu duen kartela.
Hau da Ernaik sareetan argitaratu duen kartela. (Ernai)

Ernai gazte antolakundeak sare sozialak astindu ditu, datorren larunbatean, azaroak 18, Bilbon EH Bilduk deitutako manifestaziorako deia egitean «putodefender Euskal Herria» erabiltzean. 24 ordu baino gutxiagoan 250.000 ikustaldi baino gehiago izan ditu X sare sozialean egindako argitalpenak.

Eskuin muturra azken 10 egunetan, inbestidura akordio eta amnistia legea aitzakitzat hartuta, egiten ari den protestetako ikur bilakatu zen (bere nahiaren kontra) gazte bat, sare sozialetan argitalpen bat egin zuenean, negar malkotan, Poliziak gasa jaurti egin ziela salatuz «Espainia putodefendatzeagatik (por putodefender España)».

Bideoa eta esaldi hura biralizatu egin ziren sare zein komunikabideetan eta Ernaik buelta eman dio. «Por puto defender Euskal Herria» dioen kartel bat argitaratu zuten igande honetan X sare sozialean eta dagoeneko 250.000 ikustaldi baino gehiago izan ditu.

«Espainolismo zikinenak komunikabideak, sare sozialak eta espainiar Estatuko agenda politikoa okupatzen duen bitartean Euskal Herrian aurrera goaz eta larunbatean nazio bat garela erakutsiko dugu. Defenda dezagun gure herria», adierazi du Ernaik.