Alabarekin nola komunikatu ez dakien aita batek paperezko hegazkin bat bidaltzen dio egunero balkoitik agur errateko. Bertan idatzitako mezuen bidez, literatur misioak jartzen dizkio, eta Oihana hamar urteko haurra liburuzain baten laguntzaz joaten da horiek deszifratzen. Aita-alabek harreman literario bital bat lantzen dute horrela, gertaera lazgarri batek lur jota utzi ondotik.
Fernando Bernuesek Harkaitz Canoren konplizitatez garatu zuen ideia eta bizipen hori. Izan ere, urte aunitz geroago, idazlea da Oihana, eta liburutegira itzuliko da bere aurreneko obran jaso duen iniziazio-esperientzia hori plazaratzeko. ‘Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez’ Tanttakaren antzezlana aurkezpen horrekin hasten da. Liburua benetakoa da, Canok idatzi eta Isabel Herguerak ilustratutako album bat, Ereinek argitaratua.
Antzerkigileak hunkituta adierazi du bai liburua eta bai antzezlana lau hizkuntzatan daudela, valentzieraz, galegoz, euskaraz eta gaztelaniaz.
Aurkezpen bat bertze baten barnean
Astelehen honetan egin dute aurkezpenaren barreneko aurkezpena, Donostiako Santa Teresa Komentuan, orain, obrak egin bitartean, Koldo Mitxelena Kulturunea dagoen lekuan. Idazleak txikitan esne kartoietan ikusten zituen behien lilura hori sentitzen du: behiak esne kartoi bat zuen, eta esne kartoi horretan bertze behi bat azaltzen zen. Behi horrek bertze esne kartoi bat zuen...
Aita-alaben arteko istorioa kontatzeaz gain, liburutegiei gorazarre egiten die obrak. «Oso gauza bereziak gertatzen diren tokiak dira. Adibidez, bila zoazen liburuaren ondoan egoten da behar duzuna», azaldu du lasartearrak.
‘Liburua itzultzearen promesa.
Itzuliko zarela zin egin duzu.
Ze beste erakundek ditu halako arauak, fede onean oinarritzen direnak?’
Myriam Towesen aipu horrekin hasten da album ilustratua.
Sidekar bat
Isabel Herguera ‘El sueño de la sultana’ filmaren amaiera bete-betean zegoen haize pixka baten bila pintxo batzuk jatera atera zenean. «Txepetxara joan ginen, eta han zeuden Fernando eta Harkaitz. Esan zidaten ilustrazioak egitea eskatu nahi zidatela. Ezin iritsi nenbilen eta estutasuna sentitu nuen proiektu berri hori gehitu behar niolako neukanari, baina primeran joan da. Liburu askori omenaldia egiten die eta niretzat beti izan dira liburuak eskapatzeko eta amesteko aukera bat. Lantzen ari nintzenarekin bat egiten du, gainera», adierazi du Donostiako ilustratzaileak.
Sidekar tamainako liburu bat sortu du, formatu apaisatu luzangakoa, birentzako modukoa: bi lagun sar daitezke eta elkarrekin bidaiatu, bat pilotu eta bertzea kopilotu.
Azaleko irudiak pasarte bat jasotzen du: aitak alfabetoa proposatzen dio alabari une zailetan laguntzeko. 10 urterekin parkea lehendabizikoz gauez eta bakarrik gurutzatu behar duenean, letra bakoitzarentzat hitz bat asmatzera jostatzeko erraten dio: arbola, bankua, dadoa, erlea... Horrela, beldurraz ahantziko da. «Alfabetoa salbamendu bilakatzen da. Oso txikia zarenetik funtzionatzen du gertatzen zaizuna kontatzeak», adierazi du Bernuesek.
Poemak ez dira idazten dituenarenak
Canok ‘Nerudaren postaria’ liburu eta pelikulari egin die erreferentzia, ‘Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez’ lapurtutako istorio zatiz josia dagoela azaltzeko, «liburutegi batean kokatzen den istorio batek behar duen bezalaxe». Postariak poemak lapurtzen zizkion Nerudari, bere kuttunari bereak balira bezala bidaltzeko. Jakin zuenean, Neruda aunitz haserretu zen, egiletza aitortzen ez zuelako. Postariak erantzun zion poemak ez direla idazten dituztenenak baizik eta haien premia dutenenak.
Irakurlearen eta ikuslearen adinari buruz solasean, zortzi urtetatik aitzinera ederki uler daitekeela aipatu du antzerkigile donostiarrak. «Bizitza hobexeagoa egiten duten istorio horietako bat da», goraipatu du.
«Ematen du marrazkiak baditu umeentzat dela, ematen du itxura bat badauka, edo esaldiak eraikitzeko modu bat, umeak laguntza behar duela. Galizian estreinatu zutenean aktore batek esan zuen bezala, rock and rolla bezala da, adin guztietarako», gaineratu du idazleak.
Berak gehien oroitzen dituen txikitako liburuak bere adin tartetik kanpo zeudenak dira. «Gauza asko ez dituzu ulertzen, baina berdin da. Ez ulertzea derrigorrezko ariketa bat da beti, hori da noizbait ulertzeko lehendabiziko pausoa».
Koldo Mitxelenan
«Zuzendaritzak gureak dira, eta aktoreak ezberdinak hizkuntzaren arabera», zehaztu du Tanttakako antzerkigileak. Euskaraz, Miren Arrietak egiten du alabaren papera, Asier Hernandezek aitarena eta Sara Cozarrek liburuzainarena. Koldo Mitxelena Kulturunean ikusten ahalko da obra, abenduaren 11tik aurrera.
Gipuzkoako Aldundiko Kulturako ordezkariak azaldu du antzezlana aukera bikaina dela, liburutegiei omenaldia egiten dielako eta KM erreferentzia bat delako. Bigarrenik, Kultura Eskola programa egiten dute ikastetxeekin eta hainbat pase antolatu dituzte ikasleentzat.