NAIZ
Buñuel

Errigoraren 14.000 saski iritsiko dira etxeetara eta 185.000 euroko ekarpena, euskalgintzara

Errigorak 10. urteurreneko kanpaina borobila osatu du: 14.000tik gora saski iritsiko dira hurrengo egunetan beste hainbeste etxetara eta Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintzara 185.000 euroko ekarpena egingo da.

Buñuelen, kutxaz beteteako kamioiak atzean, Errigoraren komunitatearen beste argazki bat osatzeko elkartu dira hamarnaka lagun.
Buñuelen, kutxaz beteteako kamioiak atzean, Errigoraren komunitatearen beste argazki bat osatzeko elkartu dira hamarnaka lagun. (Errigora)

Urriaren 20an udazkeneroko ‘Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka’ kanpainari hasiera eman zion Errigorak, «10 urte bete-bete ospatzeko gonbidapena» eginez. Eta nola bete. 14.000tik gora saski banatuko dituzte datozen asteotan Euskal Herrian eta horri esker 185.000 euroko ekarpena egin ahalko diote Nafarroako erdialde eta hegoaldeko euskalgintzari, Ager eremuko Aek, Tutera, Lodosa eta Vianako ikastolak eta eskoletako D ereduko lerroak eta Agerraldia bultzatzeko erabiliko dena.

Buñuelen, kutxaz beteteako kamioiak atzean, Errigoraren komunitatearen beste argazki bat osatzeko elkartu dira hamarnaka lagun. «Hemen gaude Erriberako euskaltzale, auzolangile eta ekoizleak, zorion eta esker on mezuari aurpegiak gehitzeko», adierazi dute ohar baten bidez.

Aurtengo kanpaina hamaika argazkitan laburbildu dute: «Hainbat ikastola, eskola, euskaltegi eta ekoiztetxetan gero kutxetan sartu ditugun esker on postalak idazten aritu gara; Ablitasen lehenik eta gero Durangon Errigorako ehundaka boluntariok kutxak montatu eta paleetan atondu ditugu auzolanean; Bilboko Aek-ren euskaltegietan Pituxa klown-aren emanaldiak izan ditugu gelaz-gela; Zangozako ikastolan guraso, irakasle eta ikasleen aurkezpen jaia izan genuen; Lesakako eskolan ere aurkezpen xume bat,… Kanpaina bezperatan, Agerraldiaren eskutik, Tafallan, Gure Zirkua izan genuen eta aurtengo dozenaka ludoteken aurkezpena Ager Txiki egunean; Eta batez ere, Errigorako boluntarioak, sarekide izendatu ohi ditugunak, dozenak ekimen xume antolatu ditugu herriz-herri: Markinan, Iruñeko Donibane auzoan, Beasainen, Baionan, Gasteizen,...»

Guzti hori «komunitate hori saretu eta emozionatzen duten balioei» esker egin dela nabarmendu dute. «Zubigintza: Pertsona, lurralde eta ideia desberdinen bat egitea; Ekintza: Hitzetan baino egiten dugunean aurkitzea sinisgarritasuna; eta Ahalduntzea: Txikitasunetik amets handia eskuratzeko gaitasuna badugula ikustea».

Guztira, 10 urteotan, udazkenetako kanpainek sortutako diru ekarpena nafarroako euskalgintzarako 2 miloi eurokoa da dagoeneko. «Bete-betea izan da aurtengo ‘Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka’. Zorionak eta eskerrak Errigoraren parte garen/zareten/diren orori!», adierazi nahi izan dute.