NAIZ

Gaurkoan ere ez da ezer erabaki euskararen ofizialtasunari buruz Europar Batasunean

Asteazken honetako EBren bileran, Estatu espainolak aurkeztu behar zien beste kideei katalanaren, euskararen eta galizieraren ofizialtasun-proposamena. Egungo egoeraren berri ematera mugatu da, eta eztabaida «laburra» eta «ez oso interesgarria» izan da.

Pascual Navarro, euskararen, katalanaren eta galizieraren ofizialtasuna onartuko lukeeen txostena aurkezten.
Pascual Navarro, euskararen, katalanaren eta galizieraren ofizialtasuna onartuko lukeeen txostena aurkezten. (EU Concil Press)

Katalanaren, euskararen eta galizieraren ofizialtasuna Europar Batasuneko Gai Orokorren Kontseiluko mahaira itzuli da asteazken honetan. Bertan, Espainiaren presidentetzak Madrilen proposamen eguneratuaren egoeraren berri eman besterik ez du egin, eta beste Estatu kideek ez dute parte hartu.

Hogeita zazpi herrialdeetako kideen aurrean, Pascual Navarrok, Europako Gaietarako Estatu idazkariak, berrikusitako proposamenaren berri eman du. Aurrez beste kideek azaldutako zalantzak uxatu asmo zituen Navarrok, hiru hizkuntza horiek Europar Batasuneko ofizial gisa onartzeko, baina oraindik ez du jasotzen hainbat herrialdek eskatu dioten eragin praktiko eta finantzarioari buruzko informazioa txostenak.

Espainiaren proposamenarekin kritikoa den herrialde bateko diplomatiko batek Efe agentziari esan dionez, eztabaida «laburra» eta «ez oso interesgarria» izan da, «ezer berririk» ez dela kontatu esan du, eta azaldu du inork ez diola aurkezpenari erantzun «ez zegoelako erantzuteko ezer».

«Ordezkaritzak pozik agertu dira informazioarekin eta ez da horri buruzko galderarik izan», esan du Navarrok bileraren ostean emandako prentsaurrekoan. Madriletik eranskin bat gehitu diote txostenari, eta, bertan, katalanak, galegoak eta euskarak betetzen dituzten sei faktore espezifiko azpimarratzen dira. Faktore horiei esker, EBeko hizkuntza-erregimenean sartzea ez litzateke aurrekari izango hizkuntza gutxituak dituzten beste herrialde batzuentzat.

Azken momentuan igorria izan da proposamena

Estatu kideetako ordezkaritzek astelehen honetan jaso zuten berrikusitako proposamena, azken orduan eta gaztelaniaz soilik, eta astearte honetara arte ezin izan zuten ingelesez kontsultatu. Hori dela eta, hainbat iturri diplomatikok bileraren aurretik ohartarazi dute ez dutela edukia ebaluatzeko denborarik izan, eta ez dutela horren inguruko «eztabaida seriorik» aurreikusten.

Aldi berean, Espainiako Estatuak eskatuta Batzordea informazioa biltzen ari da hiru hizkuntza horiek Europako erakundeetan ofizialtzeak izango lukeen kostuari buruz. Erakundeen arteko Harremanetarako Batzordeko lehendakariorde Maros Sefcovicek esan du kalkulu hori «sakon eta zehatz» egin behar dela, eta uko egin zion kalkulu bat aurreratzeari edo noiz egongo litzatekeen prest esateari.

Gai Orokorren Kontseiluko mahaira gai hau itzultzeko hurrengo aukera abenduaren 12an izango da; mahai horretan, Estatu espainolak aho batez onartu nahi du egindako proposamena.