NAIZ

Ikertzaile euskaldun gazteen iritzia jasotzeko bideo podcast bat egin du UEUk

Bideo podcast berri bat abiatu du Udako Euskal Unibertsitateak, ikertzaile gazteen iritzia jasoko duena. ‘Ikerl(h)ari’ podcastaren lehengo saioa ikusgai dago interneten, eta hurrengo bideoak azaroaren 16tik 29ra argitaratuko dituzte.

'Ikerl(h)ari' podcastaren lehenengo atalaren irudia.
'Ikerl(h)ari' podcastaren lehenengo atalaren irudia. (IKERL(H)ARI)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 'ikerl(h)ari' izeneko bideo podcasta egin du ikertzaile euskaldun gazteen iritzia jasotzeko asmoz, eta, azaro honetan zabaltzen hasi diren lau kapituluetan, komunitatea, euskara, zaintza eta etorkizuna gaiak landuko dituzte.

Horrekin batera, Mari Luz Esteban antropologo feminista eta Jose Ramon Etxebarria ingeniariaren ibilbideak laburtzen dituzten bi ikus-entzunezko ere ekoitzi ditu UEUk, prentsa ohar bidez jakitera eman duenez.

UEUk gogorarazi du urteak daramatzala ikertzaile gazteen ikusgarritasuna areagotu, elkarlana sustatu eta euskarazko produkzio zientifikoa akuilatzen, eta bide horretan egin ditu ehunka elkarrizketa, #Txiotesia lehiaketa, Ikergazte biltzarra, 'Barredromoa' eta 'Akademiatik plazara' bezalako ekitaldi dibulgatzaileak.

Orain, beste pausu bat eman eta 'ikerl(h)ari' izeneko bideo podcasta eta ikertzaile aitzindariei buruzko bi dokumental argitaratuko ditu azaro honetan. Alde batetik, lau bideo podcast grabatu dira ikertzaile gazte euskaldunekin komunitatea, euskara, zaintza eta etorkizuna lantzeko. Unai Lertxundi Ferran Ingeniaritza Aplikatuko doktoregai, azken Ikergazte biltzarreko batzorde dinamizatzaileko kide eta UEUko bazkideak egin ditu aurkezle lanak.

Bada, azaroaren 9an komunitateari buruzko bideo podcasta argitaratu zen; Maite Luengo Agirrek, Olatz Perez de Viñaspre Garraldak eta Aitor Cevidanes Mirandak parte hartu zuen. Ostegunean, azaroaren 16an, euskara aztergai izango dute Miren Aldasoro Lezeak, Jone Amuategi Aulestiartek eta Naia Laka Arrizubietak.

Hirugarren bideo podcasta azaroaren 23an plazaratuko da eta zaintza izango du hizpide, Eider Saragueta Garridoren eta Ander Prieto de Garayren parte hartzearekin; azkenik, azaroaren 29an etorkizunari buruzkoa argitaratuko da, eta Jone Rubio Mazkiaran, Jon Egaña Huguet eta Aroia Burguete Mikeo izango dira parte hartzaileak.

Beste alde batetik, ikerketaren esparruan egindako lana ezagutarazi eta aitortzeko helburuarekin, UEUkideak diren Jose Ramon Etxebarria Bilbao eta Mari Luz Esteban Galarza ikertzaile aitzindarien lekukotzak jaso dituzte dokumental labur bitan: asteartean, azaroaren 14an, Etxebarria Bilbaori buruzko kaleratu zen, eta azaroaren 28an Esteban Galarzari buruzkoa plazaratuko da.