GAUR8

«Deepfake» sexualak: adimen artifizialak intimitatea biluztu eta eskubideak urratzen dituenean

Ez da aditua izan behar «deepfake» pornografikoak sortzeko. Nahikoa da pertsona baten argazkia sarean erraz aurki daitezkeen webguneetako batean sartzea. Sortutako irudi faltsu horiek, ordea, ondorio oso larriak izan ditzakete biktimengan. Funtsean, emakumeen aurkako beste indarkeria mota bat da.

Teknologia berriak dira, baina indarkeria jasaten dutenak, betikoak. «State of deepfake 2023» txostenak ez du zalantzarik uzten, sortutako eduki pornografikoen %99an protagonistak emakumeak dira
Teknologia berriak dira, baina indarkeria jasaten dutenak, betikoak. «State of deepfake 2023» txostenak ez du zalantzarik uzten, sortutako eduki pornografikoen %99an protagonistak emakumeak dira (Getty)

Biluztu edonor gure doako zerbitzuarekin», dio web orri bateko ongietorri mezuak deepfake pornografikoak sortzeko. Ez da aditua izan behar webgune horiek aurkitzeko, ezta erabiltzeko ere; gorputz osoko argazki bat igo eta minutu bat baino gutxiago itxaron behar da espero den emaitza lortzeko. 60 segundoko bideo porno deepfake bat egiteko, 25 minutu baino gutxiago behar dira, eta doan egin daiteke (ordainpekoak ere badaude), norbaiten aurpegiaren irudi bat bakarrik erabiliz, Home Security Heroes-en “State of deepfakes 2023” txostenaren arabera.

Ez da berria, lehen deepfake-ak emakume ospetsuekin hasi ziren: Jennifer Lawrence edo Scarlett Johanssonen aurpegiak moztu eta eszena pornografikoetan txertatzen zituzten, eta ondoren, helduentzako orrialdeetan zintzilikatzen zituzten, bai bideo formatuan, bai argazkietan.

«Deepfake sexualak, adimen artifiziala erabiliz irudi sexualak sortzea ez da, oraindik, delitu espezifiko gisa hartzen Zigor Kodean. Nolanahi ere, kontuan hartuta genero-indarkeria dela emakumeen aurka egiten den indarkeria oro, horrelako irudiak sortzea beste indarkeria mota bat baino ez da», azaldu du Rocio Pinak, Kataluniako Oberta Unibertsitateko (UOC) Psikologia eta Hezkuntza Zientzietako eta Kriminologia Graduko Ikasketen irakasleak. «Biktima manipulatu eta suntsitzea da helburua, revenge porn (mendeku pornoa) edo sextortion delakoarekin bezala», gehitu du.

Aipatutako ikerketaren arabera, 2022tik 2023ra bitartean sortutako deepfake pornografia kopuruak %464 egin zuen gora, 2022an 3.725 bideo izatetik 2023an 21.019ra igaroz.

Zuzenbidearen ikuspegitik, fenomeno honek bi eskubide handi urratzen ditu: datuen babesa edo pribatutasuna, eta baita intimitatea, ohorea eta norberaren irudia ere. «Datuak babesteko araudia urratzen da; izan ere, informazioaren zabalkundean, funtsean faltsua bada ere, benetako datu pertsonalak erabiltzen dira, hala nola, pertsona baten aurpegia edo, batzuetan, baita ahotsa ere, eta horrek askotan datu pertsonalak tratatzea dakar, tartean denaren baimenik gabe», zehaztu du Eduard Blasik, UOCeko Zuzenbide eta Zientzia Politikoko Ikasketetako irakasle kolaboratzaileak.

«Lege urraketa gertatzen da, halaber, sorkuntza horiek IArekin hirugarren pertsonei partekatzeko edo zabaltzeko unean, eta, batzuetan, baita sare sozial irekien bidez ere, tartean denaren baimenik gabe. Beraz, arauak interesdunaren baimena eskatzera behartzen du, irudi horiek sortzeko ez ezik, ondoren beste pertsona bati edo sare sozialetan zabaltzeko ere bai», gehitu du pribatutasunerako eskubidean aditua den Blasik.

Gainera, garrantzitsua da informazio horren izaera eta eragindako subjektuengan duen eragina nabarmentzea. Zehazki, honako hau gehitzen du adituak: «Irudi horiek datu sentikorren tratamendua dakarte askotan, informazioa pertsona baten bizitza intimoarekin edo sexualarekin lotuta baitago, eta, teknologia horren bidez sortutako irudiaren arabera, pertsonaren ohorerako, intimitaterako eta/edo norberaren irudirako eskubideari ere kalte egin dakioke».

Emakumeen aurka ia beti

«Bideo gehien-gehienek emakumeak dituzte biktimatzat, eta beren irudirako eskubidea urratzen dietela ikusten dute, kontsumo pornografikoko objektu bihurtuta. Eragin psikologiko handia du, inoiz gertatu ez diren arren, oso errealistak diren praktika sexualak adierazten dituelako», dio Cristina Pujol UOCeko Informazio eta Komunikazio Zientzien Ikasketetako irakasleak eta GAME taldeko ikertzaileak. Hala berresten du “State of deepfake 2023” txostenak: deepfake eduki pornografikoaren %99ren protagonistak emakumeak dira.

«Zoritxarrez, oso merkatu handia dago emakume biluzien irudiak sortzera bideratuta. Ez du esan nahi errazagoa denik emakumeen irudiak sortzea gizonenak baino, baina, funtsean, zerbitzu horiek norabide horretan doaz. Gainera, pornografia-kontsumitzaile gehienak gizonak dira, eta, beraz, publiko horretara bideratuta daude», zehaztu du Josep Curto UOCeko Informatika, Multimedia eta Telekomunikazio irakasleak.

(GETTY)

Izan ere, txosten horren arabera, galdetutako gizonen %48k gutxienez behin ikusi zuten deepfake pornografia (azken 6 hilabeteetan pornografia kontsumitu zuten Estatu Batuetako 1.522 gizonezko parte-hartzaileri egindako inkesta baten arabera). Deepfake pornografiarekin interakzioan aritu ziren erabiltzaile horien % 74 ez zen errudun sentitzen kontsumitzeagatik.

«Emakumeen artean sexu-izua zabaltzeko modu bat da, ziberjazarpen-testuinguru orokortu batean, non sexu-bideoetan agertzen diren emakumeak gizonak direnean baino askoz gogorrago zigortzen diren, moral bikoitza erakutsiz», gehitu du Pujolek.

Benetako eragina

«Indarkeria erabiltzeko modu berri horrek zabaldu egiten du indarkeria horren irismena, eta areagotu egiten ditu indarkeria hori jasaten duten biktimengan dituen ondorioak», azaldu du Pinak.

«Irudiak benetakoak ez izan arren, biktimengan duten eragina oso handia da, emakumeen sexualitatea erruaren eta lotsaren gainean eraiki baita. Gizonentzat, beren konkista sexualak goraipatzea maskulinitatearen sinboloa izan da beti (“konkista” hitzak berak lorpen bat dakar), baina konkista horien xede diren emakumeak lotsa publikoaren eraginpean egon dira. Patriarkatua emakumeen askatasun sexuala zigortzen duen sistema bat da, eta agerian geratzen denean, irudi faltsuekin bada ere, babesgabetasunaren, indarkeriaren eta kontrola galtzearen sentsazioa benetakoa da», azaldu du Pujolek. Rocio Pinak honako hau gehitu du: «Horren ondorioak parekatu ditzakegu beste edozein motatako ziberdelinkuentzia sexuala pairatzen duenak jasan ditzakeen ondorioekin».

«Azpimarratu behar da gaur egungo testuinguru biral batean, non irudiak oso azkar dabiltzan, erantzuteko gaitasuna oso txikia dela eragindako kaltearekin alderatuz», zehaztu du Pujolek. Irudia sortzeko teknologiak kontrolatzea zaildu egiten da, erraz eskura baitaitezke eta zaila baita irudi horren trazabilitatea egitea. «Aplikazio berri horien ugaritze masiboan bizi gara, azken urtean testua eta irudia sortzeko sistema horietan aurrerapen handiak egin baitira», ohartarazi du Curtok.