Alaia Sierra

Atzoko, gaurko eta biharko euskal kultura «hobeki ezagutzeko», ‘Biziaroak’ kaleratu du Xamar-ek

Euskal Herriko erritualak, ohiturak eta ospakizunak bildu ditu Juan Carlos Etxegoien ‘Xamar’-ek Pamiela argitaletxearekin kaleratu berri duen ‘Biziaroak’ liburuan. Iraganeko kultura, gaur egungo tradizioak «hobeki ulertzeko» eta etorkizunari begira zer egin hausnartzeko helburua du.

Juan Carlos Etxegoien, ‘Xamar’.
Juan Carlos Etxegoien, ‘Xamar’. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Duela ez hainbesteko kultur sozialeko erritual, ohitura eta ospakizunen bidez, gaur egungo Euskal Herriko kultura «hobeki ulertzeko» eta «etorkizunean zer egin behar dugun ulertzeko» helburuarekin idatzi du Xamar-ek, Juan Carlos Etxegoienek, ‘Biziaroak’ lan berria.

Ostegun honetan Jose Angel Irigaray idazlearekin batera Donostian aurkeztu du liburua idazle nafarrak. Irigarayk kontatzen duenaren ulergarritasuna nabarmendu du, idazteko moduak eta irudiek lagunduta, «idorra» ez delako.

Gaur egun tradizio gisa ditugun usadioak garai batean modak eta momentuko kultura zela erakusteko, heriotz errituetan ehun pertsona baino gehiago elkartzen ziren garaia aipatu du idazleak, trikitrixa XIX. mendean Italiatik etorritako musika-tresna dela azaldu du eta gizonek txapelak janzten hasi ziren momentuan zaharrek zer pentsatu ote zuten galdetu dio bere buruari.

Hala ere, «gauza oso interesgarriak» historian zehar «galdu» direla deitoratu du Xamar-ek, «herri honek iraun badu tematu delako» izan dela ziurtatuz.

Editorialaren lana nabarmendu du idazleak aurkezpenean eta, bide batez, salmentek erakusten dutela Euskal herriko historia eta etnografiarekiko «interes bat dagoela» eta jendeak «ez duela interesa tesi doktoralak irakurtzeko».

Euskararen historiari buruz idatzi dituen beste hainbat liburuei gehitzen zaie ‘Biziaroak’ lanak. ‘Orhipean. Gure herria ezagutzen’, 1992an argitaratutakoa eta gaztelaniara, katalanera, ingelesera eta frantsesera itzuli izan dena; ‘Orekan. Herri eta Hizkuntzen ekologiaz’, 2001ekoa; ‘Euskara jendea’, 2006an argitaratutakoa; ‘Etxea, Ondarea, Historia, Mintzoa’, 2016koa, eta ‘Etxera bidean’, duela bost urtekoa. Hauek, gaur aurkeztutakoa bezala, Pamiela argitaletxeak editatutakoak dira.