NAIZ

Berbagunearen hamargarren edizioak 1.500 pertsona bilduko ditu azaroaren 23an San Mamesen

1.500 pertsona inguru bilduko ditu datorren azaroaren 23an egingo den Berbalagun ekimenak. ‘Denon artean euskara eraikitzen’ lelopean egingo dute 2023ko edizioa, eta San Mamesen izango da, Athletic Club baita, Ulibarri euskaltegiarekin batera, antolatzailea.

Berbagunea egingo dute azaroaren 23an, Bilboko San Mamesen.
Berbagunea egingo dute azaroaren 23an, Bilboko San Mamesen. (Bilboko Udala)

Berbagunea ekimenaren hamargarren edizioa egingo da azaroaren 23an Bilboko San Mames estadioan, Athletic Club futbol taldearen sorreraren 125. urteurrenarekin bat eginez, ‘Denon artean euskara eraikitzen’ lelopean, eta orotara 1.500 lagun bilduko ditu «euskara kalera ateratzeko eta hizkuntzaren eguneroko erabilerak duen garrantzia aitortzeko», antolatzaileen arabera.

Ulibarri euskaltegiak eta Athletic Clubek berak antolatu dute egitasmoa, eta Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu dute. Horrela, Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak, Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskarako zuzendari nagusiak, Nerea Ortiz Athletic Clubeko lehenengo presidenteordeak eta Saioa Altuna Berbaguneko ordezkariak aurkeztu dute ekimenaren hamargarren edizioa ostegun honetan San Mameseko prentsa aretoan.

Azaldu dutenez, aurten ere, adin eta egoera guztietako euskaldunak mahai baten inguruan bilduko dira hainbat gairi buruz euskaraz hitz egiteko. Hiru txanda izango dira goizez, eta bat arratsaldez, bakoitza ordu eta erdikoa. Moderatzaile batek gidatuta, taldeek gaurkotasuneko gaiei buruz hitz egingo dute, eta parte hartzeko, http://berbagunea.eus/ web orrian eman behar da izena.

Giro lasaian, parte hartzaileek liburuei, kirolari, aisialdiari eta beste gai interesgarri batzuei buruzko elkarrizketak partekatuko dituzte beste euskaldun batzuekin. Egun osoan lau txanda antolatuko dira: 09.30etik 11.00etara, 11.00etatik 12.30era, 12.30etik 14.00etara eta 17.00etatik 18.30era.