NAIZ

Bruselan jipoia jaso zuen gipuzkoar gaztearen osasun egoerak hobera egin du

Belgikako hiriburuan bortizki jipoitu eta egoera larrian utzi zuten Soufyane Elimrani Zumarragako gaztea hobera egiten ari da. Ez ditu gertuko senideak ezagutzen eta ez du gertatutakoren inguruko inolako oroitzapenik, baina hitz egiteko gai da behintzat.

Beekkanteko metro geltokiaren irteeran jipoitu zuten Elimrani.
Beekkanteko metro geltokiaren irteeran jipoitu zuten Elimrani. (Philippe CAUFRIEZ | WIKIMEDIA COMMONS)

Soufyane Elimrani gazte gipuzkoarra egoera kritikoan zegoen azaroaren 1ean Bruselan jipoi bortitza jaso ostean. Bere osasun egoerak hobera egin du eta dagoeneko hitz egin dezake, baina oraindik ez ditu bere senide hurbilenak ere ezagutzen, Hassam Elimrani osabak Efe agentziari azaldu dionez.

19 urteko gaztea bortizki jipoitu zuen 30 laguneko talde batek, Bruselako Molenbeek auzoko metroaren irteera baten aurrean.

Gazteak hainbat haustura izan zituen aurpegian eta buruan, eta larri zaurituta aurkitu zuten Beekkanteko metro geltokiaren irteeran.

Bi lekukok Belgikako RTL irrati emosorari azaldu ziotenez, hogeita hamar pertsona inguru hurbildu ziren eta metalezko objektuekin, beisboleko bateekin edo patineteekin kolpatzen hasi ziren gazte gipuzkoarra.

Ez ditu ingurukoak ezagutzen

Elimraniren gurasoak Zumarragatik Bruselara joan ziren semearekin egoteko. Haren osaba Hassamek Efe agentziari adierazi dionez, gazteak ez ditu gurasoak ezagutzen eta ez du gertatutakoaz oroitzapenik, baina, hala ere, hitz egiteko gai da behintzat.

Hassamek zehaztu duenez, Soufyanen gurasoak «bakarrik uztearen beldur dira», ez baitakite nortzuk izan ziren erasotzaileak eta zergatik egin zioten eraso semeari.