NAIZ

Jarauta kaleko etxebizitza blokea hustu du Iruñeko Udalak bost eguneko okupazioaren ondoren

Iruñeko Jarauta kalean joan den igandean okupatu zuten eraikina hustu egin du Udaltzaingoak, Kontseilu Sozialista Iruñerriak ostegun honetan jakinarazi duenez. Eraikinaren jabea Iruña Biziberritzen udal enpresa da.

Hustu duten Jarauta kaleko eraikina.
Hustu duten Jarauta kaleko eraikina. (KONTSEILU SOZIALISTA IRUÑERRIA)

Iruñeko Udaltzaingoak Jarauta kaleko «etxebizitza bloke sozialista» hustu egin du ostegun honetan, kanpoan bildu diren pertsonen protesten artean. Joan den igandean, talde batek eraikina okupatu zuen Kontseilu Sozialista Iruñerria-ren izenean.

‘Gedar’ kazetak jakinarazi duenez, Eulen enpresako langileak Jarauta kaleko blokera bertaratu dira, kautelazko neurrien agindurik erakutsi gabe. «Barruan dauden pertsonak mehatxatu eta gero, ate bat irekitzen ari dira», zabaldu du Twitterren bidez Kontseilu Sozialista Iruñerriak 11.45ak aldera.

Udaltzaingoa eta Foruzaingoa babestuta, asteazken honetan Euleneko langileek hainbat etxeen ateren sarrailak aldatu zituzten. Hor zegoen familia, Iruñerriko Kontseilu Sozialistak esan duenez, «mehatxupean behin behineko etxebizitza alternatiba bat onartzera behartu zuen» Udalak, «bera zuzenean etxegabetzea arazo politikoa izan zitekeela» jakitun. Hala ere, beste bizilagun batzuk etxeetan itxi ziren eta gaur kanporatu dituzte.

Iruña Biziberritzen (PCH-IB) udal enpresa eraikinaren jabea da. Kontseilu Sozialista Iruñerriak atzo emandako prentsaurreko batean, PCH-IBren jarrera salatu zuten: «Bloke horretako bizilagunak legez kanpoko setiatu dituztela ikusi dugu. Gainera, argi gelditu da Udala etxebizitzak legez kanpo ari dela husten, modu eskandalagarrian. Horiek horrela, oinarrizko eskubideak urratzen ari dira».

Jarauta kaleko 19. zenbakiaren eraikina okupatu zuten pasa den igandean, Iruñerriko Etxebizitaren Sindikatu Sozialistak azaldu zuenez, «hiriko proletarioen beharrei erantzuteko». Ostiral honetan batzarra deitu dute guzti honen berri emateko.