NAIZ

Seina hilabeteko kartzela zigorra jaso dute bost militante alsaziarrek

Bost militante alsaziarrek seina hilabeteko kartzela zigorra –bete beharrik gabe– eta 6.000 euroko isuna jaso dute 2022ko uztailean Tourraren harira antolaturiko ekintza batean parte hartzeagatik. Ekialde Handia eskualdeko karabanaren kontra pintura poteak jaurti izana egotzi diete.

Mulhouseko auzitegiaren atarian bost militanteekin elkartasunez jende bilkura egin zuten.
Mulhouseko auzitegiaren atarian bost militanteekin elkartasunez jende bilkura egin zuten. (@UnserLand)

Unser Land mugimendu alsaziarrak bere sare sozialen bidez «olioaren gainean sua botatzea» egotzi dio ostegun honetan frantses Estatuari. Hitz gogorrak izan ditu Jean-Georges Touillet buru duen mugimenduak bost militantek jaso duten zigorraren aurrean.

Azaroaren 15ean jakitera eman zen erabakiaren arabera, Alsazia barne den Ekialde Handia eskualdeko karabanaren aurka pintura poteak jaurti izana egotzita, bost militanteri seina hilabeteko kartzela zigorra ezarri die Mulhouse hiriko auzitegiak, betetzeko beharrik izango ez badute ere.

Bestalde, kalte-ordain gisara, 6.000 euroko isuna ezarri die bost ekintzaileei auzitegiak.

Erakunde arrotza salatzeko ekintza

2022ko Tourra bertatik igaro zela baliatuta, Alsaziako lurraldetasuna aldarrikatzeko eta herrialdea Ekialde Handia izeneko makroeskualdean sartzeko Parisek harturiko erabakia salatzeko protesta egin zuten hainbat ekintzailek.

Unser Landek salatu duenez, horren ondotik «zigor prozedura larri batek mereziko lituzkeen baliabideak –bideozaintza, telefono-entzuketak, pinturaren analisiak, auzoen galdeketak...– martxan eman zituzten orotara 600 bat orrialde dituen dosierra eratzeko».

Mugimenduak oroitarazi duenez, joan zen maiatzean Jendarmeriaren lau brigada mobilizatu zituzten «etxeak arakatu eta gure militanteak atxilotzeko».

«Baliabideen erakustaldiak, gertakarien kalifikazioak eta bost militanteen aurka emandako zigor neurrigabe horiek argiki erakusten dute zigor eredugarria emateko eta alsaziar mugimendua kikiltzeko dagoen borondatea», salatu du Jean-Georges Trouilletek.

«Uste zutenek Poliziak eta Justiziak aski baliabide ez zituztela jazarpena pairatzen duten ikasleak edo bortizkeria jasaten duen emazteak babesteko, auzi honek oker dabilela frogatzeko balio izan duela», gaineratu du Unser Land mugimenduaren eledunak.

Finean, gertaturikoaren benetako erruduna frantses Estatua dela «Ekialde Handia izeneko eskualdea sortuz europar zuzenbidea eta oinarrizko demokraziaren irizpideak bortxatu zituelako», nabarmendu du mugimendu alsaziarrak.

Erabaki horren ondorioz, «alsaziarrak erreforma deitoragarri baten ondorioak pairatzeaz gain Ekialde Handiko eskualdeak egiten duen alimaleko propaganda ordaintzera behartuta daude».

Zentzu horretan, Tourra ez dela izan «propaganda ekimen bakarra» agerian jarri du frantses Estatuaren administraziopean diren nazio ezberdinetako alderdiak biltzen dituen RPS plataformaren kide den Unser Land mugimenduak.

RPS plataformak bost militante alsaziarrei emandako zigorra deitoratu du agiri baten bidez.

François Hollande presidenteak bi hamarkada lehenago martxan eman zuen deszentralizazio eskema bere baitan mantentzea salatu du Trouilletek.

«Frantses Estatuak alsaziarren galderei muzin eginez prozesu demokratikoaren aurrean mespretxua baizik ez duelako agertzen» bere kexa gaineratu du ordezkariak.

Bestalde, Touiloletek oroitarazi duenez, berdin herritar galdeketen bidez zein Alsaziako Europar Elkargoaren ekimenaren bitartez askotan galdetu du Alsaziak bere lurraldetasuna aintzat hartuko duen erakunde sistema bat plantan ematea.

Emmanuel Macronen Gobernuari «egoera usteltzeko» parioa egin izana egotzi dio Unser Land mugimenduak.