Asier Robles

Vazquez Montalbanen Carvalho detektibea Euskal Herrira ekarri du Jon Alonsok liburu berrian

Enekoitz Ramirezen ‘Lanbas’ pertsonaia eta Manuel Vazquez Montalbanek sortutako Pepe Carvalho detektibea harilkatu ditu Jon Alonsok ‘Carvalho Euskadin’ izeneko fikzio berrian, Euskal Herriko politika, janariaren zeremonia, historia hurbila eta literatur munduaren argi-ilunak lotuz.

Jon Alonsok ‘Carvalho Euskadin’ izeneko fikzio berria aurkeztu du.
Jon Alonsok ‘Carvalho Euskadin’ izeneko fikzio berria aurkeztu du. (Jon URBE | FOKU)

Susa argitaletxeak Jon Alonsoren (Iruñea, 1958) zortzigarren nobela aurkeztu du ostegun honetan Donostiako Konstituzio plazako Mandasko Dukearen aretoan. Manuel Vazquez Montalbanek sortutako Pepe Carvalho detektibea ageri zaigu titularrean: ‘Carvalho Euskadin’. Izan ere, fikziozko pertsonaia hori eta idazle iruindarrak sortutako Enekoitz Ramirez ‘Lanbas’-en bizitzak gurutzatzen dira argitalpen berri honetan.

Bi nobela batean harilkatu ditu Jon Alonsok: lehenengoa 2016an dago kokatuta, Iruñean, eta eleberri baten lapurreta da gertakari nagusia: Sanchez Godin intelektualak Vazquez Montalbanen nobela argitaragabe bat aurkitu du eta Gobernu autonomiko berriak goi mailako kultur jardunaldi bat antolatu du nobela aurkezteko. Ezustekoa, ordea, nobelaren bat-bateko desagertzeak emango du, eta Jon Alonsoren protagonista ezagunaren, Enekoitz Ramirez Lanbasen, esku geldituko da kasua.

Bigarrenak 2003an kokatzen gaitu: Pepe Carvalho detektibea Ramblei begira dago, Guadalupe Agirre euskal enpresari handienetako baten enkargua jasoko duenean. 1982an desagertu zen Kokotxa militantearen neska-laguna aurkitzea. Ordainsari altua eskainiko dionez, aurrera egitea erabakiko du Carvalhok, giro arraro baten erdian: esan gabekoak, paper misteriotsuak, jarraipenak… Donostiara abiatuko da detektibea, eta han aurkituko dituenen artean daude Kokotxaren militantziakide izandakoak, epaileen bilakaera politiko gorabeheratsuak, euskal burgesiaren goranahiak, euskal politikari eta enpresarien arteko loturak, bete gabeko desirak...

Nolabait, Alonsok Vazquez Montalbani egindako omenaldi txiki bat da liburu berria. «Izan ere, pentsa daiteke zatirik handienean Montalban izatera jolasten dela Alonso nobela honetan. Baina Carvalhoren nobela txertatzeko moduak, dena koska bat gehiago estutu eta beste zerbait bihurtze horrek, guztiz Alonsotar bihurtzen du nobela», azaldu du Susa argitaletxeko aurkezleak.

Alonsok berak esan duenez, Vazquez Montalbanek bere obretan askotan errepikatutako lelo edo esaldi esanguratsuetako batzuk txertatu ditu tarteka liburuan.