NAIZ

409 adingabe harrera familietan bizi dira Gipuzkoan; 70 hartuko dituen familia baten zain daude

Gipuzkoako Harrera Familien XXI. Topaketa egiten ari dira gaur. Eider Mendoza Ahaldun Nagusiak jakitera eman du 409 adingabe bizi direla Gipuzkoan Harrera Familiekin eta beste 70 hartuko dituen familia baten zain daudela. Halaber, harrera familiei egiten duten lana eskertu die.

Topaketa egin dute gaur.
Topaketa egin dute gaur. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Gaur egun, Gipuzkoan, 409 haur eta nerabe bizi dira harrera-familiekin, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi duenez Gipuzkoako Harrera Familien XXI. Topaketan jakitera eman duenez: «babes-figura hori finkatua dago Gipuzkoan». Halaber, jakinarazi du badaudela beste 70 adingabe hartuko dituen harrera familia baten zain daudenak.

Duela 34 urte Aldundiak abian jarri zuen babes-programa bat da harrera familiena, eta adingabeei etorkizunerako «alternatiba ezin hobe bat» eskaintzen die, ahaldun nagusiaren arabera. Mendozak gogorarazi duenez, «harrera eskuzabaltasun handiko ariketa bat da» eta, familien sarea gero eta handiagoa den arren, ez da nahikoa egungo premia guztiak asetzeko. Une honetan 70 haur daude familiek harreran hartzeko zain.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Harrera Familien Beroa Elkarteak, Lauka familia-harrerari laguntza teknikoa emateko zerbitzuak eta Agintzari Familia Harrera Espezializatuko Programak antolatutako topaketa horretan 126 familiak eta 67 profesionalek hartu dute parte. Gaurko topaketan, babes neurriak dauzkaten haur eta nerabeekin traumari heltzeko gakoak landu dituzte, Javier Romero pedagogoaren eskutik. Maritxu Amenabarroren ‘Ez nago bakarrik’ ipuina ere aurkeztu dute. Topaketa, urtero bezala, bertan parte hartu duten familien eta profesionalen arteko bazkari batekin amaitu dute.

Jardunaldiaren hasieran, Eider Mendozak, Maite Peña Gizarte Politiketako foru-diputatuarekin eta Pedro Pérez Beroako presidentearekin batera, azaldu du haur eta nerabe batzuk babesgabetasun-egoeran daudela eta zailtasun handiko errealitateak bizi dituztela beren familietan: «Batzuetan, arazo horiek hain dira larriak, ezinbestekoa dela adingabe horiek beren familiatik kanpoko ingurune batean zaintzea». «Guztiek ez dituzte behar berberak, baina familia baten berotasuna behar dute, eta, aldi berean, familia biologikoekin harremana izaten jarraitu ahal dute, nahiz eta familia horiekin bizitzerik ez izan», azpimarratu du.

Harrera espezializatua

Diputatuak zehaztu duenez, «gaur egun, 409 adingabe bizi dira harrera-familietan, eta horietatik 25 harrera-familia espezializatuekin daude». Mendozak gogorarazi du harrera espezializatuko programa duela 15 urte baino gehiagotik dagoela martxan Gipuzkoan, eta iaztik hona beste lau familia gehitzea lortu dutela. «Ahalegin berezia egiten ari gara harrera mota hori indartzeko», zehaztu du, kualifikazio espezifikoa eta erabateko prestasuna behar dituen harrera mota izaki.

Diputatuaren hitzetan, «gehien behar duten adingabeei, premia bereziak dituztenei, ingurune ezin hobe bat eskaintzen die beren garapen pertsonalerako eta bizi garapenerako». Helburua da familiako kide batek, gutxienez, kualifikazio, esperientzia eta prestakuntza espezifikoa izatea, esku hartzeko plan bat garatu ahal izateko. Hori dela eta, familia boluntario gehiago behar badira ere, «arreta berezia jartzen dugu harrera familia espezializatuak osa ditzaketen pertsonengan». Gaur egun, 19 adingabe daude familia espezializatuek hartuak izateko beharra dutenak.

Bestalde, Mendozak eskerrak eman nahi izan dizkie harrera-familiei eta arlo horretan lan egiten duten Beroa, Lauka, Agintzari eta Baketik elkarteei, egunero egiten duten «lan aparteko eta oso beharrezkoagatik».