NAIZ

Mendigurenen ‘Oso latza izan da’, Arregi gogoan, GARA-NAIZen salgai

Xabier Mendigurenen ‘Oso latza izan da’ nobela salgai jarriko du laster GARA-NAIZek «online», NAIZ Dendan eta Arreta telefonoaren bidez. Joxe Arregiren atxiloketaren, torturaren eta heriotzaren kronika lazgarria da, haren gorpuaren argazkiak egin zituzten arteko narrazio zirraragarria.

«Oso latza izan da» liburuaren azala
«Oso latza izan da» liburuaren azala (NAIZ)

Otsailaren 13a erreferentzia data da torturaren arukako borrokan. Hala da 1981etik, Joxe Arregi zizurkildarra, Espainiako Poliziak egin zizkion torturen ondorioz, Carabanchelgo kartzelan hil zenetik, hain zuzen. Hilzorian zegoela, hitz hauek esan zituen: «Oso latza izan da».

Hitz horiek ditu izenburu Xabier Mendiguren idazle eta editoreak argitara eman duen azken nobelak (Elkar, 2023). Azaroaren 18tik 27ra, GARA-NAIZek salgai jarriko du gertakari ikaragarri hura eta gatazka politikoaren bilakaeran eragin handia izan zuten beste batzuen kronika hau, online, NAIZ Dendan eta Arreta Zerbitzuko telefonoaren bidez.

Honela dio liburuaren kontrazaleko azalpenak: «1981eko otsaila da. Joxe Arregi zizurkildarra Madrilen atxilotu dute eta handik hamar egunera azken arnasa eman du, jasandako tratuaren ondorioz. Hilketaren kontra altxatu diren ahotsak gorpua lurperatzearekin batera isildu nahi lituzkete ordenaren zaintzaileek, baina zenbait lagunek isilpeko plana egin dute, hilotz hori hilobitik jaso, hilkutxatik atera eta bere biluztasun lazgarrian argazkiak egiteko, torturaren gordina begien bistan jartzearren, ez ikusiarena egin nahi luketenentzat ere».

Halaber, Joxe Arregiren bizitza gain, haren argazkiak egin zituzten lagunetako birenak ere kontatzen ditu: Juan Kruz Unzurrunzaga arte sustatzailearena eta Bixente Ameztoi pintorearena. Atxiloketatik argazkiak egin arteko egun haietan Euskal Herrian izan ziren beste gertakari batzuk ere jasotzen ditu fikziorik gabeko nobelak: «Egiazko gertakariak bildu, bizirik jarraitzen duten lekukoak elkarrizketatu, protagonisten biografiak eraiki, eta kontakizun zirraragarri bat ondu du egileak, kazetaritzako kronikaren osagaiak dituena baina fikziozko idazlearen baliabideekin moldatua. Iragan hurbila gure orainera ekarriz, ahazturaren ilunpera kondenatu nahi izan den historiaren zati horri literatur istorio baten taupada eta dardara itzuliz».

Torturaren salaketa

«Itziarren seme-alaba guztiei» eskainitako lan honek, Zizurkilgo kanposantuan egin zituzten argazki haiek bezala, gatazka armatuaren kontakizun ofiziala hankaz gora jartzen du. Izan ere, tortura ez da funtzionario bakan batzuen salbuespenezko praktika, disidentziaren aurkako praktika sistematikoa baizik, eta haren erantzukizun nagusia, Mendigurenek 7kri esan zionez, atzean dauden agintariena da: «Guardia Zibilaren eta Poliziaren zuzendaritza, Espainiako Gobernua eta ministroak eta idazkariak, inkomunikazioa baimendu duten guztiak, alderdiak eta sistematikoki hori ukatu duten kazetari guztiak, eta ezikusia egin dutenak ere bai».
 
Torturaren salaketa eta ahanzturaren aurkako ahalegina egin du Mendigurenek, egiazko gertakariak kontatuz eta tarteka haien gaineko gogoetaren bat eginez, fikziorako tarterik gabe baina bere idazle eskarmentua baliatuta testu berez lazgarria atsegin eta maiz eder gerta dadin.

«Hats poetikoa» tarteka

Pasarte batzuek idazkera «poetikoago edo jasoagoa» badute ere, nagusi da estilo prosaikoagoa, irakurketari arintasuna ematen diona.

«Hats poetiko» horren erakusgarri, hasiera bezala, azken ataleko «otoitza» da, 7Kri honela azaldu ziona: «Ez da Jaungoikoari egindako otoitz bat, nik neure buruarekin egindako gogoeta bat da, beste euskaldunekin konpartitu nahi dudana, garbi utziz gogoeta pertsonal bat dela eta hor ‘ni’ pertsona sartzen da oso garbi eta ‘zu’ esaten dio Joxeri». Hala diotso Mendigurenek Joxe Arregiri Zizurkilgo hilerrian: «Hor zaude zu, Joxe, infernu guztien gainean zutunik, eusko lur azpian etzanik, asaben zein ondorengoen gomutaz, poeta triste baten aurrean, zure agindua zintzoro betetzea zin egin zenuena. Zure azken ekintza izan zen hura, Madrilen buruturiko guztiak baino zailagoa: geldi eta mutu iraun behar zenuen hilkutxa horren barruan, hilbizi, beste batzuek sartu, atera, mugitu, haztatu, fotografiatzen zintuzten bitartean, eta zu beti hor, eutsiz, ohi zenuen bezain txintxo, zirkinik egin gabe, ezta kexu txikiena ere, beste bati egingo balizkiote bezala zuri egin zizkizuten guztiak».
 
Nabarmentzeko modukoa da, «otoitz» horretan bezala, darabilen sinbologia kristaua, azaleko iruditik hasita, baita azpitituluan ere: “Joxe Arregiren pasioa, herioa eta berpiztea”; hala ere, liburuan zehar ez du bereziki azpimarratzen.

Kontatu beharra zegoen. Gordin, ezinbestez; eder, maitasunez. Kontatu beharra zegoen eta irakurri beharra dago, gertatutakoa ahanzturaren leizera eror ez dadin. Eta, gainera, kalitateko lana delako, bere gordinean eta ederrean, lehen orrialdetik azkeneraino irakurlea katigatzen duena.

Horregatik, GARA-NAIZek kontakizun zirraragarri hau zabaltzen lagundu nahi du eskaintza berezia eginez. Gertakari hura gogoratu eta haren inguruko hainbat zertzelada ezagutzeko, eta gazteek herri honen historia ez ofizialaren, haren memoriaren zati honen berri izan dezaten. Ahanzturak irentsi ez ditzan Joxe Arregi eta gainerako Itziarren seme-alabak.

"OSO LATZA IZAN DA”
Kronika zirraragarria
Izenburua: “Oso latza izan da”
Egilea: Xabier Mendiguren
Argitaletxea: Elkar, 2023
Hizkuntza: euskaraz
Salmenta: harpidedunak: emailari erantzunez / Naiz Denda: denda.naiz.eus / Telefonoa: 943.31.69.99
Prezio berezia: 12,35 euro (harpidedunak bidalketa gasturik gabe)