NAIZ

Gazako sarraskia salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte Ipar Euskal Herrian

Iragan azaroaren 4an «Gazako sarraskia gelditu» lelopean manifestazioa egin zuten Baionan. Hamarnaka eragileen sostenguz abian eman zuten dinamikari segida emanez Donibane Garazi, Baiona eta Hendaiako herriko etxeen aitzinean elkarretaratzeak deitu dituzte azaroaren 23an.

Gazako sarraskia salatu zuten ehunka lagunek azaroaren 4an Baionan.
Gazako sarraskia salatu zuten ehunka lagunek azaroaren 4an Baionan. (Guillaume FAUVEAU)

Gazaren aurkako sarraskia salatzeko eta Palestinan bakea eta konponbidea eskatzeko manifestazioa egin zuten azaroaren 4an, Baionan.

Palestinaren askatasunaren aldeko oihuz bete zituzten Euskaldunen Plazatik abiatu eta Herriko Etxearen aitzinean amaitu zen martxa horretan parte hartu zuten 500 bat herritarrek.

Euripean igaro zen martxaren amaieran Johanne Foirien laborariak eta Paxkal Indo Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluko buruak berehalako su etena exijitzen zuen adierazpena irakurri zuten.

Bide batez, Gazaren setioarekin eta oro har Palestinako lurraldearen aurkako mehatxu ororekin bukatzea galdegin zuten.

«Herritar palestinarrek zein israeldarrek bakean bizitzeko eskubidea dutela» nabarmendu, eta Palestinan Israel gauzatzen ari den kolonizazioa amaitzeko exijitu zuten. Baita Nazioarteko Zuzenbideak jasotzen duen herrien autodeterminazio eskubidea bermatzea ere.

Finean «bake justu, egonkor eta iraunkorra» lortzeko bidean elkarrizketa prozesua plantan ematea defendatu zuten mobilizazio hori babestu zuten herritarrek.

Mobilizazio hori bultzatu zuten hamarnaka eragileek hitzordu berria eman dute aste honetarako. Hala, orduko deialdia oinarri harturik, herri ezberdinetako udal plazetan biltzeko deia egin dute oraingoan.

Zehazki, Hendaia, Baiona eta Donibane Garaziko herriko etxeen aitzinean elkarretaratzeak antolatu dituzte.

Aipaturiko elkarretaratzeak azaroaren 23an, ostegunarekin, 19:00etan, iraganen dira.

«Gazako sarraskia geldi dezaten aldarrikatzeko» xedea duten mobilizazio horiekin bat egiteko gonbidapena egin diete herritarrei.

Deialdi zabalari jarraipena emanez

35 herritarrek izenpetu zuten hasieran ‘Gazako sarraskia gelditu’ manifestua.

Deitzaileen zerrendan agertu ziren, besteak beste, Eñaut Etxeberria pilotaria, Manex Fuchs antzerkigilea, Marie Cosnay idazlea, Panpi Sainte-Marie laboraria, Jurgi Ekiza musikaria, Claire Lataillade militante feminista, Joana Halsouet arraunlaria, Guillaume Fauveau argazkilaria, Mathieu Beloki bakegilea edota Xebax Christy elkarte militantea.

Geroago, beste 30 lagun baino gehiagok egin zuten bat deialdi horrekin, tartean Euskal Herria Bai, Europe Ecologie-Berdeak, NPA eta Gauche EcoSocialiste alderdietako hainbat ordezkarik eta Peio Dufau, Eñaut Aramendi, Clement Pottier eta Argitxu Dufau sindikatuetako kideek ere.

Azaroaren 4an eginiko lehenengo mobilizazio horri jarraipena emateko elkarretaratzera deitu dituzte ostegun honetan Baiona, Donibane Garazi eta Hendaiako herritarrak.