NAIZ

Lakuak Gernikako Estatutuak babestutako euskararen ofizialtasuna defendatuko du auzitegietan

Lakuako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak kasazio helegiteak prestatzeko idatziak aurkeztu ditu Auzitegi Gorenean eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, euskararen normalizazioaren aurkako sententzien aurrean gure hizkuntzaren ofizialtasuna babesteko.

Olatz Garamendi Lakuako  Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko burua.
Olatz Garamendi Lakuako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko burua. (Endika PORTILLO | FOKU)

Lakuako Gobernuak euskararen ofizialtasuna defendatuko du auzitegietan, gure hizkuntzaren kontrako epaien aurrean kasazio helegiteak paratuz. Auzitegi Gorenean eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusian aurkeztu ditu errekurtsoak prestatzeko idazkiak. Esperotako urratsa zen, herritar ugarik eskatutakoa. Manifestazio nazional jendetsua egin zen azaroaren 4an Bilbon, Kontseiluak antolatuta, euskararen kontrako oldarraldiari erantzuteko.

Aipatutako epaiek 179/2019 Dekretuaren agindu batzuk behin-behinean baliogabetzen dituzte. Dekretu honek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tokiko erakundeetan bi hizkuntza ofizialen, euskara eta gaztelaniaren, erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzea arautzen du.

Epaiak partzialki onartu zituen Vox eta PP alderdi politikoek jarritako errekurtsoak, eta hain zuzen ere horien aurka aurkeztuko du Lakuako Zerbitzu Juridiko Nagusiak kasazio errekurtsoa bana Gorenean. Aldez aurretik, errekurtsoek kasazio interes objektiborik duten aztertuko da; hala badagokio, Gorenak auziaren muinari helduko dio.

Gernikako Estatutuaren aginduz

Olatz Garamendiren Sailak defendatu du Dekretuak Gernikako Estatutuaren 6.2 artikuluaren agindua jasotzen duela eta bere helburu nagusia EAEko toki erakundeetan euskararen erabilera instituzionala eta administratiboa arautzea dela. Bere ustez, gaztelaniari buruzko erreferentzia jakin batzuk ez egotea ez da ulertu behar hizkuntza horren bazterketa edo diskriminazio gisa, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak, oker bada ere, adierazten duen bezala.

Ildo horretan, «Gernikako Estatutuaren 6. artikuluak, Konstituzioaren 3. artikuluak eta Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren 7. artikuluak EAEko Administrazioa euskararen errespetua eta erabilera sustatzera behartzen dute, eta,helburu horretan euskarak gaztelaniaren aldean duen desberdintasun egoera historikoa zuzentzera behartzen du, hizkuntza batek bestearen gainetik lehentasuna edo pribilegioa izan gabe», esplikatu du sailburuak.

Oreka

«Epaiek ez dute kontuan hartzen zein den inpugnatutako dekretuaren helburua, Salak irizpide desenfokatua baitu arauaren oinarriari eta aurkaratutako aginduei eman beharreko interpretazioari buruz. Gogoratu behar da Dekretuak toki-erakundeetan euskararen erabilera instituzionala eta administratiboa arautzen duela, baina epaimahaiak ez du hori ulertu eta baloratu».

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren irudiko, Salak interpretazio okerra egin du afera honetan, ondorioztatu baitu gaztelaniaren erabilerarekiko bazterketa edo desoreka ematen zela, eta ondorioz berdintasun printzipioaren urraketa gertatu dela. Aldiz, gaur egungo esparru juridiko orokorrak bi hizkuntza ofizialen artean eman beharreko oreka juridikoari eusteko aukera ematen duela azpimarratu du Sailak errekurtsoa jartzeko.

Era berean, Lakuak ukatu egin du inpugnatutako Dekretuak udalerri jakin batzuetan euskararen alde gaztelaniaren erabilera baztertzen duela, EAEko Auzitegi Nagusiak dioen bezala. «Aitzitik, Dekretuak euskararen erabilera sustatu eta bultzatu besterik ez du egiten, beren egoera soziolinguistikoaren arabera euskararen erabilera normalizatzeko udal politika eraginkortasun handiagoz gauzatzeko baldintza hobeak dauden udalerrietan. Hori guztia gaztelaniaren erabilera baztertu edo diskriminatu gabe», argitu du. Hala azaldu zuen Martin Aramendi UEMAko lehendakariak ere NAIZ Irratiari emandako elkarrizketan.