Iraitz Mateo

Rafia Zakariaren ‘Feminismo zuriaren aurka’ euskaraz, Eskafandraren eskutik

‘Feminismo zuriaren aurka’ liburua da Eskafandra bilduma feministaren ale berria. Rafia Zakaria idazle pakistandarraren lana ekarri du euskarara Amaia Apalauza itzultzaileak. Zer pentsatua emango duela aurreratu dute, eta Euskal Herrian kokaturiko «eztabaida errealak» emateko bide izan nahi du.

‘Feminismo zuriaren aurka’ liburua aurkeztu dute ostegun goiz honetan Donostian.
‘Feminismo zuriaren aurka’ liburua aurkeztu dute ostegun goiz honetan Donostian. (Maialen Andres | FOKU)

‘Feminismo zuriaren aurka’ Rafia Zakaria idazle pakistandarraren liburua euskaratu du Elkar eta Jakinek elkarlanean osaturiko Eskafandra bilduma feministak. Ostegun goiz honetan aurkeztu dute Donostiako Elkar dendan, eta liburuaren nondik norakoen berri emateaz gain, eztabaida Euskal Herrian kokatzen ahalegindu dira Amaia Apalauza itzultzailea eta Lorea Agirre Jakineko ordezkaria, beraien ustez, liburuak, «feminismo zuri hegemonikoa astintzen» baitu.

2021ean argitaratu zen jatorrizko bertsioa, eta ondorioz, gaurkotasunik ez du galdu Eskafandraren zortzigarren aleak. Apalauzak azaldu du lan iradokitzailea dela, izenburutik bertatik hasita, eta kritika egiten duen liburu bat dela aitortu du, hala ere, zehaztu du guztia ez dela kritika eta «zuria ez den feminismoaz» ere aritzen dela. Pakistango, Indiako edota AEBetako beltzen adibideak emanez, «belarria eta begia jartzea aldarrikatzen du Zakariak». Agirrek ere egin ditu pare bat ohar azalari dagokionez; Irantzu Pastorrena da argazkia, ‘Indiako hijra bat’ izenburupean aurkeztu zuen Lumineszenteak proiektuan; emakume indiarraren begiradak eskuratzen du arreta.

Feminismo zuriarena ez dela nahitaez azalaren kolorearekin lotutako kontzeptua azaldu du Apaulazak, Zakariaren beraren hitzak hartuz: «Feminista zuria izateko, ez dago zuria izan beharrik. Guztiz posible da zuria eta feminista izanik feminista zuria ez izatea. Feminismo zuria kontzeptuak Mendebaldeko feminismoaren ildo nagusian hedatu diren suposizio eta jokabide jakin batzuk deskribatzen ditu, eta ez bere subjektuen arraza identitatea. Dena den, egia da feminista zuri gehienak zuriak direla eta zuritasuna bera dagoela feminismo zuriaren muinean».

Agirrek pare bat esalditan laburtu du liburuaren muina: «Ontologia bat egiten du zer den feminismo zuria, nola den erregimen hori. Erregimen etnozentriko, mendebaldar, liberal, kolonial eta inperialista baten markoan kokatzen den feminismoa da».

Kontzeptuak eta gertakari jakinak

Kontzeptuak argitze aldera, liburuan ageri diren beste zenbait azaldu ditu Apalauzak, besteak beste «salbatzaile zuria» edota «feminismo iragazkorra». Emakumeen eta emakume feministen baitan ere «hierarkiak» sortzen direla kontatu du lehen kontzeptuari loturik, eta zuriak ez diren emakumeak ere subjektu politikotzat aitortu behar direla aldarrikatu du, ideia hau intersekzionalitatearekin uztartuz. Feminismo iragazkorra goitik behera proposatutako edota ezarritako konponbideekin lotzen du Zakariak, eta horrelakorik «ez duela onartzen» gaineratzen du liburuan zehar.

Pentsamendu feminista abila izan ohi da kontzeptualizazio orokorrak adibide lurtarrekin lotzen, eta liburu honetan ere horrelakorik aurkituko duela irakurleak aurreratu dute aurkezpenean. Apalauzak pare bat adibide jarri ditu mahai gainean, feminismo zuriak sortutako jokabideek edota pentsakerek eragindakoak. Itzultzaileak Afganistango gerra ekarri du hizpidera. Terrorismoaren aurkako gerra gisa izendatu zen, baina Zakariak «lehen gerra feminista» izan zela defendatzen du, emakume zuriei botere, ikusgaitasun eta parte hartze bat eman ziotelako gerra hartan, aurrekoetan ez bezala. «Emakume zuriei esleitu zietzaien Afganistango emakume gaixoak talibanen erregimen zital hortatik salbatzeko eta babesteko zeregina. Nolabait ere hori baliatu zen gerra bera justifikatzeko, ‘emakumeak salbatzera goaz’ aitzakia baliatuta. Tranpa ikusten du hor Zakariak. Afganistango gerra babestea, gizonek bultzaturiko egitura kapitalista patriarkal zapaltzaile bat babestea dela dio», adierazi du itzultzaileak.

Sexu askapena feminismoaren ardatz bakarra bihurtu izana ere kritikatzen du liburuak eta hori kapitalismoaren balioekin lotuta dagoela azaldu. Eta hirugarrenik, ahalduntzearen terminoari egiten dio erreferentzia. Idazlearen esanetan «ur-adortu» egin da terminoa, indibidualista bihurtu eta lausotu, eta metafora baten bidez laburtu zuen Apalauzak: «Gizonek eraikitako eskailera batean gora egitea da egun».

Eztabaidarako bidea, gida eta guzti

Irakurketa gida bat jasotzen da liburuaren atzealdean, irakurle taldeetan lantzeko. Zakariak berak jatorrizko bertsioan idatzitako galderei Euskal Herrian kokatutako beste zenbait gehitu dizkiote. Agirreren arabera, hori baita Eskafandra bildumaren helburua: Euskal Herriko eta munduko auziak geurera ekartzea, geuretik pentsatzeko. «Geure kasuan da hizkuntza eta kultura ez normalizatu, minorizatu eta herri ukatu baten errealitatetik. Hemen lekutua».

«Asko irakatsiko digu geure zuritasunaz», aitortu du Agirrek Zakariari erreferentzia eginez, eta Euskal Herriko feminismoak eta gizarteak kolonitatearen gaian pentsatu eta egingo duenak garrantzi berezia duela uste du.

Liburuan badira oihartzun batzuk eta horiek aipatu ditu Jakineko kideak: ahalduntze kontzeptua, bestetasunaren eraikuntza («emakumea bestetasunaren eraikuntza bada, emakume zuriak ere bestetasuna eraikitzen du; baina nola?», aipatu du Agirrek), zeintzuk diren feminismoaren ahots zilegi eta ez zilegiak, begirada koloniala, edota outsider eta insider izatea aldi berean intersekzionalitatearen ikuspegitik.

«Auzia normalizatzeko» aldarri egin du Agirrek eta lasai hitz egiteko eta libre hitz egiteko markoak sortu beharra adierazi du, Zakariaren hitzak ekarriz: «Liburu hau ez da emakume zuriak feminismotik kanporatzeko, ez eta arraza ezberdinatsunaren erruz elkar ulertzea ezinezkoa dela pentsatzeko, baizik eta emakume guztien askatasun eta ahalduntzea indartzeko eta feministen artean ere justizia egiteko gai izango den mugimendu feminista bat indartzeko eta bere burua feministatzat jotzen duen emakume orok aurki dezan aurreranzko bide bat eta geratzeko arrazoi bat, arraza, klasea, nazionalitatea, hizkuntza eta erlijioa gorabehera».

Liburuan zenbait antidoto aipatzen direla azaldu du Agirrek, eta bere iritzia ere plazaratu du: «Feminismo zuriaren antidotoetako bat gaur eta hemen euskaratik pasatzen da, ez gure azalaren koloretik, gure hainbat praktiketatik ez, gure hainbat uste eta diskurtsoetatik ere ez. Baina hizkuntzatik eta hizkuntzaren baldintzapenetik pasatzen da».