NAIZ

Sexu erasoen biktimei laguntzeko telefonora egindako deiak %60 hazi dira sei urtean

Sexu erasoen biktimei laguntzeko telefonora egindako deiak %60 igo dira azken sei urteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; guztira 2.546 izan dira aurten.

Azaroaren 25aren harira Bilbon egin duten jardunaldian eman dituzte datuak.
Azaroaren 25aren harira Bilbon egin duten jardunaldian eman dituzte datuak. (IREKIA)

Sexu erasoen biktimei arreta eskaintzeko EAEko telefonora (900 840 111) egindako deiak %60 hazi dira azken sei urteetan; 2018an 310 dei izatetik 2023an 497 dei izatera igaro da, Oiane Zarate psikologo eta zerbitzu horren arduradunak azaldu duenez.

Guztira, telefono horrek 2.546 dei jaso ditu aurten, iaz baino ia ehun gehiago. 2018an 2.088 izan ziren.

Eraso gehienak konfiantzaren eta gertutasunaren esparruan gertatzen dira, hala nola bikotekidea, bikotekide ohia, familia, lagunak edo lan ingurunean. Zaratek nabarmendu du biktimek beldurrez hitz egiten dutela deietan, bai salatzeko eta prozesu judizialetik pasatzeko, bai erasoa hurbileko eta barruko inguruneetan publiko egiteko.

Lakuako Gobernuko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikak azaroaren 25aren karira Bilbon antolatutako jardunaldian eman ditu datuok, Nerea Melgosa sailburuarekin batera.

Zaratek esan duenez, 900 840 111 telefonora egindako deiak erabat isilpekoak eta anonimoak dira, baina zerbitzuak ezinbestekotzat jotzen du biktima guztiei helaraztea beren langileek entzuteko eta laguntzeko daudela. Helburu horrekin, bost bideo aurkeztu ditu, indarkeria mota desberdinak islatzen dituzten benetako testigantzak jasotzen dituztenak eta aktoreek irudikatuak: sexu harremanak izateko bikotekidearena, berak nahi ez badu ere; onartu gabeko eta sare sozialetan argitaratutako grabazio intimoena; familia inguruneko abusuena, lagunena eta lan eremuko nagusi baten jazarpenarena

Ekitaldian Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak indarkeria matxistaren biktimentzako Baliabide eta Zerbitzuen Gida berritua ere aurkeztu du. Bertan, indarkeria eta kalte fisiko, psikiko eta sexuala zer den identifikatzen laguntzen zaie emakumeei, baita haien eskubideak zein diren ere, biktima gisa identifikatu eta erasoren bat izanez gero nora jo behar duten identifikatu ondoren.

Melgosak gogorarazi duenez, «5.500 emakumek baino gehiagok babesa behar dute» EAEn, eta, 2003tik, espainiar Estatuan 1.300 emakume hil dira indarkeria matxistaren ondorioz, «horietatik 50 baino gehiago Euskadin». «Begiratu al dezake inork beste alde batera? Inork uka al dezake oraindik indarkeria matxistaren existentzia?», galdetu du.

«Indarkeria matxistaren biktimek ez dute aukeratu biktima izatea. Ez du balio horri buruzko interpretaziorik. Indarkeria matxista gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunaren eta giza eskubideen urraketaren adierazle larriena da, eta Gobernuak eta gizarte aurreratuak ezin du hori onartu», erantsi du.