Xabier Montoia (Gasteiz, 1955) bat dago gure musikaren historian txertatuta: M-ak taldean musikari ibili zen eta aurretik Hertzainak-en; gero bakarlari aritu zen. Eta beste Xabier Montoia bat dago, idazlea, euskal literaturari azken lau hamarkadan hogei bat liburu eman dizkiona. Denbora honetan prosa landu du batez ere, baina poesiarekin duen joan-etorriz beteriko harreman zikliko honetan bere hastapenetara itzuli da orain ‘Hiriak eta urteak’ (Pamiela) liburuarekin.
Donostian egin zuten aurkezpenean, Jose Angel Irigaraik laburbildu zuen Xabier Montoiaren ibilbidea. Duela 40 urte argitaratu zuen ‘Anfetamiña’ poema-liburua famatua egin zen, «gure poesian ez dagoen poesia mota bat, estilo bat, ikuspegi bat, lexiko bat, gauzak esateko manera bat» erabili zuelako. Liburu probokatzailea zen, freskoa, urbanoa.
1985ean ‘Likantropo’ kaleratu zuen eta, 1988an, ‘Narraztien mintzoa’. Hirurak Susa argitaletxearekin, hirurak poesia.
Hamarkada bat narratiban murgilduta ibili ondoren, ‘Bingo’-n (Pamiela, 2005), bere lehenengo liburu hauek berrikusi eta poesia berriekin osatu zuen antologia antzeko bat. Hortik aurrera, agur poesiari. Hemezortzi urte pasatu behar izan dira poesiak berriz ‘bisita’ egin dion arte.
Hortik sortu da ‘Hiriak eta urteak’. «Zaila da liburu bat aurkeztea, eta zailagoa, poesia-liburu bat. Poesia niretzat gauza apetatsua da –aitortu du idazleak–. Nahi duenean etortzen zait eta gero alde egiten du. Egon naiz hogei bat urte poemarik idatzi gabe, ez zitzaizkidalako bururatzen. Halako batean eduki nuen bolada bat, non halako batean superheroi bat izango banintz bezala nireganatu nuen begirada poetikoa. Pixka bat gogorra da hori esatea, baina egia da. Niretzat poesia da gauza bat noizbait bisita egiten didana, baina gehienetan ez dator».
‘Hiriak eta urteak’ honetan espazioa eta denbora dira protagonismoa hartzen dutenak. Hamar bat poematan hiria ikertzen du: hiria kontzeptu gisa, hiria erreala... fikziozkoak ere agertzen dira.
Eta denbora? «Denbora dago poema bakoitzean. Bi liburu atera ditut Pamielarekin, bata ‘Bingo’ da eta, nire ustez, hor dago nire XX. mendeko poesia. Eta hemen nire XXI. mendeko poesia dago. Ez dakit poema gehiago egongo diren, segur aski ez, baina hau da nire XXI. mendeko uzta», aipatu du.