Badirudi Binakakoaren hasierak on egin diela bikotea osatu, elkar indarberritu eta txapelketako lehen puntua eskuratu duten Joseba Ezkurdia eta Xabi Tolosari. Sasoi punturik onena aspaldian harrapatu ezinda, zalantzaz josita ekin diote biek ala biek aurtengo txapelketarik luzeenari eta, partida birobila jokatuta, Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaletaren bizkarrean utzi dituzte ekarritako dudak. Jakina zen, lehiakortasuna berreskuratuta, bikote gogorra osa dezaketela arbizuarrak eta anoetarrak, baina gaur tarteka distiratsu ere aritu dira, aurkariei piloteoan dominatzeko apenas aukerarik eman gabe.
Partidak, eta hortaz, txapelketak, hasiera bizia izan du eta Joseba Ezkurdia izan da Gurea pilotalekuan lehiari abiadura ipintzeaz arduratu dena. Gogotsu ekin dio txapelketari eta igandean utzitako sentsazio onek jarraikortasuna eman die, jokoan asko sartu eta arerioak deseroso sentiaraziz. Sarri esan ohi dugu arbizuarraren ezker gantxoa izan ohi del abere sasoiaren termometrorik fidagarriena eta, angeluak hartzen baino, pilotari abiadura sartuta lortu du bere nahia (5-2).
Pilota zekenago batekin eta tantoak luzatuz, Peio Etxeberria-Zabaletak lortu dute markagailuan aurre hartzea (5-7), baina laster berreskuratu dute gorriek partidaren agintea. Iazko txapelketako finalerdietan min hartu zuenetik konfiantza berreskuratzea ikaragarri kosta bazaio ere, badirudi Xabi Tolosa orduko sasoi puntura itzultzen ari dela eta Jose Javier Zabaletari eusteaz harago, etxarrendarra deseroso sentiarazi du pilota alde batetik bestera mugitu eta tarteka, 13-8koan moztutako pilota bikainarekin esaterako, tanto dotoreak eskuratuz.
Euren mailatik urrun
Etxeberria-Zabaleta ziren gaurkorako faborito garbiak, baina partida osoan dominatu ezinean aritu dira. Atzean Zabaletak ez du espero zen bezala dominatu eta aurrean ultzamarra antzu ibili da erabat. Kaiolatik binakakorako trantsizioan inspirazio guztia agortu balitzaio bezala, Zenotzekoa erabat gozakaitz aritu da, kantxan bere lekua topatu ezinik bezala.
Asko espero da Aspeko bikote nafarrarengandik, baina gaurkoa baino askoz itxura hobea eman beharko dute puntuak batzen hasteko, gaur euren mailatik oso urrun aritu baitira biak.
FITXA TEKNIKOA
Ezkurdia-Tolosa: 22
Peio Etxeberria-Zabaleta: 11
Pilotakadak: 534. Iraupena: 58,37 minutu. Markagailua: 1-0, 1-2, 5-2, 5-7, 21-7, 12-8, 17-8, 17-9, 20-9, 20-10,21-10, 21-11, 22-11. Sakeak: 3 Ezkurdiak eta 1 Peio Etxeberriak. Egindakoak: 10 Ezkurdiak, 1 Tolosak, 2 Peio Etxeberriak eta 1 Zabaletak. Galdutakoak: 4 Ezkurdiak, 2 Tolosak, 4 Peio Etxeberriak eta 4 Zabaletak. Gorabeherak: Iaz bezala, Azkoitiko Gurea pilotalekuan hasi da Binakako Txapelketa. Lehen sakea urdin