Jaka eta Mariezkurrena aise nagusitu dira Aizarnazabalen, pronostikoak betez

Binakako Txapelketa irabazteko faborito nagusien artean dago Baikoko bikotea, eta halaxe erakutsi dute lehen jardunaldian Larrazabal eta Arangureni 22-7 gailenduta. Mariezkurrenak agindu du atzean eta Jakak 13 errematerekin baliatu du kidearen nagusitasuna.

Jaka eta Mariezkurrena garaipena ospatzen, Larrazabal eta Arangurenen etsipenaren aurrean.
Jaka eta Mariezkurrena garaipena ospatzen, Larrazabal eta Arangurenen etsipenaren aurrean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Binakako Txapelketan parte hartuko duten bikoteen berri eman zen une beretik, asko dira Jaka eta Mariezkurrena txapela janzteko faborito nagusitzat jotzen dituzten zaleak. Eta lehiaketan jokatu duten lehen partidak argi erakutsi du pronostiko horiek badutela funtsa. Lizartzako aurrrelaria eta Berriozarreko atzelaria bikain aritu dira Aizarnazabalen eta 22-7 menderatu dituzte Larrazabal eta Aranguren.

Aldiz, Unai Laso kexu agertu zen sei hilabete min hartuta egon ostean atzean laguntza gehiago merezi zuela esanez, are gehiago txapelketako lehen jardunaldietan ordezko bat beharko zuela jakinda. Eta kezka hori ere arrazoizkoa dela ikusi da gaur, Larrazabal bere ordezkoa eta Aranguren ez direlako gai izan enpresako bikote indartsuenari aurre egiteko.

Hasieran zalantzaren bat erakutsi arren, batez ere pilotalekuari eta bertan egiten zuen hotzari neurria hartu bitartean, Jon Mariezkurrena berehala nagusitu da atzeko koadroetan. Aitor Aranguren oso atzean eduki du uneoro eta errematerako aukera oso garbiak sortu dizkio Erik Jakari. Gipuzkoarrak asko asmatu du, gainera, eta jokoan 13 tanto eginez berehala apurtu dute neurketa.

Ezin zaie ezer aurpegiratu Larrazabal eta Arangureni. Aurrelari gaztea gogotik saiatu da aurrean tantoak nahasten edo erritmoa pilotakada bortitzekin aldatzen, baina ezinezkoa egin zaio helburua lortzea. Aranguren, bere aldetik, oso serio aritu da defentsa lanean, nahiz eta horren atzetik jokatuta ezin izan duen pilota kendu.

Alde horretatik, bereziki nabarmendu beharra dago 11-5ean jokatu duten tantoa. Aginagako atzelariak bi pilota sinestezin eraman ditu airez, bigarrena airez ia errebotetik, eta azkenean tantoa urdinen alde erori da. Meritu handia izan du, baina horrela jokatuta zaila da garaipen aukerak izatea.

«Gure aldetik lan txukuna egin dugula esango nuke. Hasieran Joni pixka bat kostatu zaio partidan sartzea, ez da harritzekoa egiten duen hotzarekin, niri ere kosta zait, baina gero oso ongi jokatu dugu. Esaten genuen garrantzitsua zela lehen jardunaldi hauetan puntuak lortzea, bikote bezala ongi ulertzea, eta minik ez hartzea. Helburu horiek lortu ditugu eta pozik goaz etxera», adierazi du Erik Jakak amaieran.

Aitor Aranguren, aldiz, burumakur agertu da, ezinean aritu izanaren sentsazioarekin. «Lan asko pilatu zait atzean. Uste dut ongi nahiko ongi ibili naizela, baina ezin izan dut pilota kendu eta Jakak aukera asko izan ditu», aipatu du Aginagakoak.

FITXA

Pilotakadak: 336. Partidaren iraupena: 42 minutu eta 59 segundo. Markagailua: 0-1, 2-1, 2-2, 8-2, 8-4, 11-4, 11-5, 13-5, 13-6, 14-6, 14-7, 22-7. Sakez: 1 Jakak eta 1 Larrazabalek. Jokoan egindakoak: 13 Jakak, 2 Mariezkurrenak, 2 Larrazabalek eta 1 Arangurenek. Jokoan galdutakoak: 3 Jakak, 4 Larrazabalek eta 2 Arangurenek. Gertaerak: Aizarnazabaleko Atari Soro pilotalekuak Binakako Txapelketako partida bat hartzen zuen zortzi urteko hutsunearen ostean. Lehen sakea, urdin.