NAIZ

Nazio Batuek edateko ura eraman dute Gazako iparraldera, ia bi hilabetean lehen aldiz

Duela 50 egun hasi ziren Gazako eremuaren aurkako bonbardaketak eta, orain, Nazio Batuen Erakundeak edateko ura eraman die hango herritarrei lehen aldiz. Janaria, kanpin-dendak eta hornidura medikoak ere eman dituzte iparraldera.

UNRWAk edateko ura eta janaria eraman ditu Gazako iparraldera.
UNRWAk edateko ura eta janaria eraman ditu Gazako iparraldera. (UNRWA)

Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak (URNWA) edateko ura eman die Gazako iparraldeko herritarrei, lehen aldiz 50 eguneko bonbardaketen ondoren.

Agentziaren konboiak eremuaren iparraldera iritsi dira eta, Palestinako Ilargi Gorriarekin batera, elikagaiak, edateko ura, kanpin-dendak eta berebiziko garrantzia duten hornidura medikoak eraman dituzte igandetik, agentziak astelehen honetan X bidez (Twitter zaharra) zabaldutako mezu batean adierazi duenez.

Ildo horretatik, «Gazako iparraldean gerra hasi zenetik, edateko ura errefuxiatua dagoen jendearengana iristen den lehen aldia da», adierazi du. Israelgo Armadaren bonbardaketek eta erasoaldiek gehien kaltetutako eremua da.

«Palestinako Ilargi Gorriko taldeek arrakastaz lortu dute 150 kamioitan laguntza humanitarioa eramatea», zehaztu du UNRWAk.

Israelek Gazako Zerrendaren aurka egindako bobardaketek 15.000 hildako baino gehiago utzi dituzte momentuz, horien artean 6.150 haur eta 4.000 emakume baino gehiago, eta 200 palestinar baino gehiago hil dira Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean Israelen mendekua hasi zenetik. Gainera, zaurituak 36.000 inguru dira eta desagertuta dauden pertsonak 7.000.