Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Albisuren aurkako jazarpenaren ondoren, literaturarentzat bakea eskatu dute irakurle taldeek

‘Bai, eman bakea literaturari’ adierazpena aurkeztu dute astearte honetan Iruñean irakurle taldeetako dinamizatzaileek, Mikel Albisuk jasan duen jazarpena salatzeko. Honekin batera, Nafarroako Gobernuak izandako jarrera kritikatu dute.

Mikel Taberna, Garazi Arrula, Ines Castiella, Josu Jimenez eta Sagrario Aleman irakurle taldeen dinamizatzaileek aurkeztu duten adierazpenaren aurkezpenean.
Mikel Taberna, Garazi Arrula, Ines Castiella, Josu Jimenez eta Sagrario Aleman irakurle taldeen dinamizatzaileek aurkeztu duten adierazpenaren aurkezpenean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Euskal Herriko osoko irakurle taldeetako dinamizatzaile eta irakurleek sostengatzen duten ‘Bai, eman bakea literaturari’ adierazpena aurkeztu dute astearte honetan Iruñea, Mikel Albisuk jasan duen jazarpena salatzeko.

Adierazpena sinatu duten 65 irakurle taldetako 37 dinamizatzaile eta 276 irakurleen izenean, Josu Jimenez eta Ines Castiella izan dira testua aurkeztu dutenak. Bertan, hilaren 24an Aurizberriko irakurle taldeko partaideek ‘Eman bakea literaturari’ adierazpena kaleratu zuten. Testu horretan atxikimendua eskatzen zioten euskarazko irakurle taldeetako dinamizatzaile eta irakurleei. Eskaera horren erantzuna izan da gaur Iruñean aurkeztu duten adierazpen berria.

«Epizentroa Aurizberrin izan zuen lur mugimendu honek, Tafallatik Baigorrira, Lekeitiotik Pasaiara, eremu asko zeharkatu ditu. Azpimarratu nahi dugu Nafarroakoak direla ia herena, hogei irakurle talde (19 Nafarroako Garaikoak eta bat Nafarroa Beherekoa). Uste dugu Nafarroako Gobernuak bereziki aintzat hartu behar lukeela datu hori», nabarmentzen du adierazpenak.

«Mikel Albisu Iriarte, kultura eta literatura arloan Mikel Antza goitizenez ezaguna da joan den mendeko 80ko hamarkada hasieratik. Izen horrekin sinatu ditu hainbat literatur lan, antzerki eta bestelako kultur agerpen», gogoratu dute.

«Lan egiteko eskubidea ukatu nahi diote»

«Covite elkarteak irakurle taldeen dinamizazioaren bidez egiten duen kultur ekarpena debekatzea eskatzerakoan bere lan egiteko eskubidea ukatu nahi izan dio. Eta Nafarroako Gobernuak, elkarte horren nahia besterik gabe onartzerakoan, epaitegi bati legokiokeen papera hartu du, herritar libre bat zigortu dezaten eskatuz», salatu dute.

Izan ere, hilaren 15ean, Iruñean zela, Covite elkarteko presidente Consuelo Ordoñezek Mikel Albisu Pirinioko udaletako irakurle taldeko dinamizatzaile lanetan ari zela zabaldu zuen. Egun horretan bertan Nafarroako Gobernuak udalei Albisuren lana etetea eskatuko ziola bota zuen, Elkarbizitzarako Plan Estrategikoa aipatuz.

«Hartara, eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari berrikus dezala hartutako erabakia, eta atzera egin dezala, edozein herritarri bezala askatasunez aritzen utziz Mikel Antzari, literatur jardunean eta irakurle taldeen dinamizazioan oztoporik jarri gabe. Zeren eta, zeregin honetan aritzen garen guztion kasuan bezala, irakurle taldeetako partaideak baitira gure lanaren neurria zein den erabakitzeko zilegitasuna duten bakarrak», nabarmentzen du adierazpenak.

Helbide honetan irakurle taldeetako dinamizatzaileen adierazpenak lortu dituen atxikimenduak ikus daitezke. Eta beste honetan, Aurizberriko irakurle taldekoen adierazpenak izan dituenak.