Jon Ormazabal

Unai Alberdi eta Hodei Exposito, min hartuta, baja izango dira B Seriea txapelketan

Azpeitiarrak zuntz haustura bat du bizkarraldean eta Astigarragakoak gihar lesio bat ezker izterrean. Senarrek eta Unai Matak ordezkatuko dituzte.

Unai Alberdik zenbait aste eman beharko ditu kantxetatik at.
Unai Alberdik zenbait aste eman beharko ditu kantxetatik at. (BAIKOPILOTA)

Binakako txapelketa hasi baino ez da egin, baina dagoeneko hasi dira lesioak eta ordezkapenak pilatzen. Unai Alberdi eta oraindik txapelketan estreinatu ez den Hodei Expositok min hartu dute eta aste batzutan baja izango dira. Baiko eta Aspetik jakitera eman dutenez, Beñat Senarrek eta Unai Matak ordezkatuko dituzte bi aurrelari gipuzkoarrak.

Ostegunean Astelenan jokatu beharreko partida prestatzen ari zela, Hodei Expositok mina sentitu zuen atzo ezker iztarrean eta gaur egindako ecografian gihar lesio bat antzeman diote cuadricepsean eta denboraldi batez geratu egin beharko du. Esan bezala, osatu bitartean Unai Mata iruindarrak hartuko du bere lekua Gaskueren aurrelari moduan. Ostegunean Salaberria eta Arbizuren aurka jokatuko dute Eibarren.

Unai Alberdi ez da batere zorte onik izaten ari lesioekin. Iazko udan belauneko lesio larri bat izan ostean, berriz ere denboralditxo bat eman beharko du kantxetatik kanpo, larunbatean Aizarnazabalen jokatzen ari zela bizkarraldean zuntz haustura bat egin ostean. Belauneko kasuan gertatu zen bezalaxe, aurrelari azpeitiarrak partida amaitzea lortu zuen, baina astearte honetan egindako erresonantzia magnetikoan zuntz haustura badela ikusi ostean, pilotariak zenbait astez geratu beharko du lesioa osatzeko. Bere anaia Jonek ez bezala, pasa den astean berritu zuen bi urterako kontratua Alberdi II.ak, baina denboralditxo batez –enpresak ez du zehazten itzultzerako zenbait denbora beharko duen– geldirik egon beharko du.

Ostiral honetan Zornotzan jokatzekoa zen Unai Alberdi, ‘Serie B’ deitutako Binakakoan, baina jokatzerik izango ez duenez, Baikok izendatu du dagoeneko bere ordezkoa, Beñat Senar. Ataundarrak igandean egin zuen debuta profesionaletan Seguran eta Iker Larrazabal ordezkatu zuen txapelketa honetan bertan, Eskirozekin 22-11 galdu zuen Zubizarreta III.a–Ugartemendiaren aurka, eta aste honetan berriz ere bikote bera izango du aurrean, baina atzean herrian jokatuko duen Morgaetxabarria duela.

Laso, itzultzeko itxaropenarekin

Zornotzarrarekin osatuko duen bikoteak jarraikortasun handiagoa izan dezake, itxura guztien arabera Unai Laso abenduaren 6an Tolosan itzultzeko moduan izango duela dirudi eta. Bizkarreta-Gerendaingoa gero eta hobeto sentitzen da egindako azken entrenamenduetan eta aste honen bukaera aldera erabakiko du bere burua datorren asteazkenean itzultzeko moduan ikusten duen, edo ez. Baiezkoa erabakiko balu, Iker Larrazabalek bere lekua hartuko luke, Eskirozekin, B Seriea txapelketan eta Senarrek Morgaetxeberriarekin jokatuko luke, Alberdi II.a osatu bitartean.