Ostegun egunsenti honetan, greba feminista orokorra izaki, Donostiako sarbideak blokatu dituzte piketeek, hiriko sarbide nagusietan errepide mozketak egin dira «zaintza sistema kolektiboa» aldarrikatuz. Ibaetan Tolosa hiribidearen bi norazkoak blokatu dituzte, Ategorrietako sarrera ere bi norantzatan ixtea lortu dute, Pio XII plaza ere gelditu dute; eta beranduago Egian eta Añorgan ere errepide mozketak egin dituzte grebalariak. Martuteneko espetxearen aurrean elkarretaratzea egin dute. Eguraldia ez dute lagun izan, baina deialdi jendetsuak izan dira; ez da istilurik izan.
Ibaetako Psikologia fakultatean goizeko 7.30etan elkartzeko deialdia zuen egina Donostiako Mugimendu Feministak, hamar minuturen buruan hasi dira grebalariak iristen, 80 lagun inguru elkartu dira eta txaleko moreak banatu dituzte piketeekin hasi aurretik. Guztiak elkarrekin joan dira Tolosa hiribidera eta bertan egin dute errepide mozketa. Bi norazkotan eten dute zirkulazioa bi pankarta handi zabalduz, «Zaintza sistema kolektiboaren alde» aldarrikatzen zuen batak, eta «Greba feministan gaude!» besteak.
Errepide mozketaren ostean, ikasleek Ibaetako HEFA II fakultateko ateak blokatu dituzte. Fakultateko hiru sarreren aurrean paratu dira ikasleak, «Zaintza eskubide kolektiboen alde» pankartak ireki eta eskuorriak banatu dituzte sarrera eragotziz. «Zaintzarekin negoziorik ez» eta «Sistema hau ez dugu zainduko» oihukatzen zuten.
Ategorrietan zein Pio XII inguruan auto pilaketak sortu dira goizeko lehen orduan. Zaintza eskubide kolektiboaren aldarria nabarmendu da pikete horietan ere, kolore more eta zaintzarekin lotutako zenbait elementuren artean.
Auzoz auzo gosaria prestatu dute, eta indarrak berreskuratu ostean, Donostiako Udaletxe aurrean elkartuko dira berriro grebalariak, bertan zaintzarekin negoziorik ez egiteko aldarrikatzeko.