Nerea Lauzirika

Bueltan dakar Jon Arretxek Touré detektibea, «beti bezain azti»

Touré detektibearen sagaren 10. atala izango den ‘Musker amarruak’ aurkeztu du Jon Arretxek. Oraingoan, Kanariar Uharteera eraman du protagonista, Bilbotik ihesi. Uxue Razquin editorearen arabera, «beti bezain azti» itzuli da Touré.

Jon Arretxe, liburu berria eskuetan duela.
Jon Arretxe, liburu berria eskuetan duela. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Jon Arretxek liburu berria aurkeztu du, ‘Musker amarruak’. Touréren sagako hamargarrena da eta oraingoan ez du Bilboko San Frantzisko auzoa agertoki izango, Kanaria Handiko Las Palmas hiria baizik. Uxue Razquin Ereineko editorearekin batera aurkeztu du Arretxek lan berria, Donostiako Udal Liburutegian. Razquinen arabera, «beti bezain azti» itzuli da Touré.

Lagun kazetari batek proposatu zion Arretxeri Touré detektibea Las Palmasera eramatea, La Isleta auzora. Hasiera batean jaramon askorik egin ez ziola aitortu badu ere, miresten zuen Alexis Ravelo idazlea hiltzean hura omentzeko modua iruditu zitzaion hurrengo nobela Raveloren jaioterrian kokatzea. Horrela, urtarrilean bertan Kanariar Uharteetara joan zen Arretxe, agertoki izan behar zuen Las Palmas hiria behar bezala ezagutzeko.

Izan ere, erronka izan da Arretxerentzat Touré San Frantziskotik ateratzea: «Nobelak San Frantziskon kokatzen ditudanean super seguru egiten dut, urte pila bat daramatzadalako bertan bizitzen». Aldiz, oraingoan Las Palmasera joan eta «ibili eta ibili» egin behar izan du.

Liburu berrian, Las Palmasen zoriak horrela nahi izan duelako agertuko da Touré, Bilbotik itsasontzi batean ezkutatuta ihes egin ostean. Arretxek gogoratu du denetarik egin izan duela protagonistak bizimodua aurrera ateratzeko eta antzera batean jarraituko du liburu berrian ere: «Lehenengo nobelan agian ez; baina, honetan dagoeneko edozer egiteko prest dago dirua irabazteko, bizirik irauteko».

Kirol apustuen negozioan sartu da Touré oraingoan, kanariar borrokari ekinda, Escaleritasko Muskerra txapeldun ohiak konbentzituta. Erabaki horrek beste abentura batean sartuko du protagonista.

«Agertzen diren gehienak errealitateak oparitu dizkidan pertsonaiak dira», azaldu du Arretxek. Musker asmatutakoa da, baina bizileku duen eta liburuaren azalean agertzen den bunkerra benetazkoa da, baita bizilagun duen galiziarra ere. Gezurra badirudi ere, ziurtatu du lehen kapituluan ageri den ‘Batman’ ere bene-benetakoa dela: «Nobela hau idazten nuen bitartean sortu zen ‘La Isletako Batman’, horrela jantzita agertzen zena pintadak-eta egitera».

Surrealista eta umoretsua

Nobela beltza da ‘Musker amarruak’, baina «surrealista» ere egiten dute aipatutako pertsonaiek eta liburuan jazotzen diren gertarek, egilearen beraren arabera. Umoreak ere badauka tartea obra berrian: «Nahiz eta abiapuntu tristea eduki, Touréren nobela umoretsuena da».

‘Touré detektibea’ telesaila ere izan du hizpide Arretxek aurkezpenean. Datorren urtean estreinatuko dute eta «oso zoriontsu» agertu da idazlea, lehendabizi ETB1en euskeraz estreinatuko dutelako. Ondoren, TVEn emango dute, gazteleraz.

Azaldu du bera idazteaz bizi den idazlea izaki, ekonomikoki proiektu garrantsitzua dela honakoa. Horrez gain, esperantza dauka San Frantsizko auzoari justizia egingo diola. «Medioetan beti atera izan da gauza negatiboengatik, turismo bulegoetan tatxatu egiten zuten, marjinala izan da...» eta telesailak horri buelta ematea espero du Arretxek.

Gainera, «Touréren perfileko pertsonak» desestigmatizatzeko balio izatea espero du eta jendartea «horrenbeste sufritzen duen jendea» errespetu gehiagoz tratatzera bultzatzea.