NAIZ

Familia, zentroen eta ikasleen aldarria: «Entzun herria; Salburuak bere sukaldea behar du!»

Gasteizko Salburua auzoko hezkuntza komunitateak prentsaurrekoa antolatu du ostiral honetan sukalde propioa aldarrikatzeko. Lakuaren jarrera kritikatu eta dei egin diete hiriko eragileei elkarlanean aritzeko. «Entzun herria; Salburuak bere sukaldea behar du!».

Salburuan egindako agerraldia.
Salburuan egindako agerraldia. (SALBURUAK BERE SUKALDEA)

Salburuak Bere Sukaldea plataformak prentsaurrekoa eskaini du ostiral honetan sukalde propioa aldarrikatzeko, Gasteizko auzo honetako ikastetxe guztiak hornitzeko asmoarekin.

Azaldu dutenez, hilabeteak pasa dira Lakuari eskaera hori egin ziotenetik, eta «administrazioen erantzunik gabe jarraitzen dugu tamalez». 

«ELA eta LAB sindikatuekin zein EH Bildurekin kontaktu erronda positiboa gauzatu genuen; eta PSErekin ere kontaktuak izan genituen. Baina gainontzeko alderdien eta eragileen partetik ez dugu berririk izan eta Lakuako Hezkuntza Saila zein Gasteizko Udala isilik mantendu dira orain arte. Egoera hau kezkarekin bizi da plataformaren baitan eta auzoko hezkuntza komunitateetan; izan ere, arduragabekeria eta utzikeria zantzuak sumatzen ditugu jokaera honen atzean», adierazi dute.

Egoera bestelakoa da auzoko eragileen artean. «Salburuako hezkuntza komunitateek bat egin dugu bete-betean proiektu honekin. Ikastetxeetako zuzendaritza taldeek eta klaustroek, Ordezkaritza Organo Gorenek (OOG) eta familiek bat egin dugu sintonia osoan proiektuaren inguruan. Burdinbide auzo elkarteak ere bat egin du planteamenduarekin eta elkartasun guztia adierazi digu. Eta beste hezkuntza komunitate batzuetatik gurekin harremanetan jarri dira proiektuaren inguruan oso interesaturik».

«Gainera, udaberrian zehar gauzatu genituen inkestek argi adierazten zuten familien gehiengo zabalak proiektua babesten eta berresten zutela», ohartarazi dute, inkesta horren emaitzak azaldu aurretik. Parte-hartzea %75etik gorakoa izan zen, eta proiektuarekiko adostasun maila %99,7koa izan da.

«Gauzak horrela, beste behin ere Lakuako Hezkuntza Sailari eta Gasteizko Udalari gaiari eusteko eta egoerak exijitzen duen mailan egoteko eskatzen dizuegu. Auzo oso baten aldarrikapena mahai gainean duzue. Agendak koordina ditzagun eta urtarriletik aurrera negoziazio mahai bat jar dezagun martxan sukalde hori non, zelan eta zein epetan eraikiko den adosteko. Horrelakorik egingo ez bagenu, auzoko hezkuntza komunitateek, familiek bereziki, ez genuke ulertuko, eta plataforma bezala, ezinbestean, bestelako urratsak ematera behartuta egongo ginateke. Gure auzoak behar bizi bat adierazi dizue. Herriak eskaera argi bat luzatu dizue», nabarmendu dute.

Esan dutenez, «gure ikasle eta seme-alaben elikadura ikaragarri kezkatzen gaituen gaia da eta eskaerari tinko eutsiko diogu zuek, arduradun politiko gisa, urrats irmo eta sendoak eman bitartean. Argi daukagu gaia bideratzea borondate politiko kontua besterik ez dela. Izan ere, ikuspegi tekniko batetik bideragarria eta erreala den planteamendu batez hitz egiten ari gara».

Gaur egungo «testuingurua» ere gogoratu dute. «Eskola jantokietara loturiko eta pil-pilean dauden gertaera guzti horiek, garraiatutako janariaren kalitate ezak eta jantokiko erabiltzaile diren familien haserre eta kezka orokortuak gure planteamenduak berresten dituela zalantzarik gabe».

Amaitzeko, dei egin diote Gasteiz hiriko hezkuntza komunitate guztiari elkarlanean aritzeko eta esperientziak partekatzeko. «Jarri gurekin harremanetan eta elkarrekin bidea egiteko konpromisoa adierazten dizuegu guztioi. Elkarrekin indartsuagoak izango garelako: antola gaitezen!».