Jon Ormazabal

Mariezkurrenaren ausardiak eta joak Jakaren deskonexioa estali dute eta lider dira (22-21)

Sufritzeko beste gaitasun bat erakutsita, Peña eta Albisu 16-21 aurreratu dira, baina ez dute partida amaitzen jakin eta ihes egin die.

Jon Mariezkurrenaren partida amaiera onak garaipena eman die gorriei.
Jon Mariezkurrenaren partida amaiera onak garaipena eman die gorriei. (Gorka RUBIO/FOKU)

Oso ondo nola jakin gabe, Erik Jaka eta Jon Mariezkurrena Binakako txapelketaren lidertzan izango dira, gutxienez, igandera arte, Zornotzan oso maldan gora zuten partida ezin arraroagoa irabazita. Ordura arte lizartzarrak eta berriozartarrak erakutsi ez duten sufritzeko gaitasun bati esker, Peña eta Albisuk eskuko hatzekin ukitu dute bigarren puntua 21-16 aurreratuta, baina aukera-aukerako pilota batean ondo ulertu ez, atzelari nafarra berpiztu eta ihes egin die garaipenak.

Barruan zuen korapiloa askatzea lortu izan balu bezala, partida oso maldan gora, ia ezinezko zutela, ikusi duenean ikusi dugu partidako Mariezkurrenarik onena eta berak atzean egindako bi tantok –ordurako Albisu oso nekatua zegoen azkenerako gogortu den lehiaren ostean–, 20-21 zirela botatako bi paretako latz batek eta urdinen bi akatsek, azkena, Peñarena, nabarmena, eman diete garaipena faboritoei, nolabait Jaka izan duen deskonexioa disimulatuz. Lizartzarrak berak zintzo onartu du partidaren bigarren zatian erabat jokoz kanpo ibili dela, –bere azken tantoa 8-4koan egindako sake-erremate bat izan da– eta ez du erreparorik izan bere atzelariak gaua salbatu diola onartzeko.

Lehia arraroa

Bigarren jardunaldia ireki duen partida ez da batere ortodoxoa izan eta gorabehera dezente gehitxo izan ditu, bi aldeetan egindako akatsengatik gehiago egindako tantoengatik baino, nahiz eta ale ederrak ere egon diren, hirunakoan Albisuk jo duen errebotea kasu.

Atzelariek aukera gutxi eman dizkiete aurrelariei erasoan sartzeko eta lehia orekatua bai, baina ez da oso ikusgarria izan osotasunean hartuta. Bosnakako berdinketaren ostean, pixkanaka Mariezkurrena Albisu dominatzen hasi da eta hor izan dute gorriek partida hausteko lehen aukera 11-5 aurreratu direnean. Jakak aukerako gantxo bat kale egin du, ordea, eta bikote gipuzkoarrak partidan sartzeko modua izan du.

Pilota zekenago bat, baina ederra, jokoan ipinita, partida berdintzeaz harago, aurretik jartzea ere lortu dute, distira handirik gabe agian, baina kontzentrazio handiz eta gauzak txukun eginda. Jaka eta Mariezkurrenari kosta egin zaie, ikaragarri, markagailuan atzetik zirela jokatzea, baina lehia galduta ikusi dutenean Mariezkurrena suspertu eta garaipen garrantzitsu bat eskuratu dute.

FITXA TEKNIKOA:

Jaka-Mariezkurrena: 22

Peña-Albisu: 21

Pilotakadak: 635. Iraupena: 71,25 minutu. Markagailua: 2-0, 2-2, 3-2, 3-3, 4-3, 4-5, 7-5, 7-6, 11-6, 11-9, 13-9, 13-13, 14-13, 14-14, 15-14, 15-20, 16-20, 16-21, 22-21. Sakeak: 2 Jakak eta 2 Peñak. Egindakoak: 6 Jakak, 8 Mariezkurrenak, 5 Peñak eta 2 Albisuk. Galdutakoak: 5 Jakak, 6 Mariezkurrenak, 3 Peñak eta 4 Albisuk. Gorabeherak:  Sarrera polita Zornotzako pilotalekuan.