Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Etorkizuna otaku mangazaleen esku dago

«Haurrek manga gustukoa badute, behintzat zerbait irakurriko dute!», dio Gregorio Murok, Harriet argitaletxeko arduradunak. Azokaren bigarren egunean haurrak protagonistak bihurtu baitira. Bisitarien kopuru polita mantentzeko ahalmena erakutsiz, muskulua erakusten jarraitu zuen euskararen plaza.

Manga komikietatik ateratako pertsonaiak, irakurleen bila Landakon.
Manga komikietatik ateratako pertsonaiak, irakurleen bila Landakon. (Jon URBE | FOKU)

Pozik igaro du Azokaren ‘mikrokosmoak’ 58. edizio honetako bigarren eguna. Pozik Gerediaga elkartea, pozik argitaletxeak, pozik sortzaileak... bisitarien kopurua, asteazkeneko zenbakietara iritsi gabe, ostegunean ere egun osoan mantendu ahal delako.

Goiza jendetsuagoa izan da arratsaldea baino, baina lan eguna izanik eta eguraldiak lagundu ez duen arren, erakusmahaien arteko kaleetan une batzuetan jende multzo handiak bildu dira.   

Goizeko 10.30ean, ateak zabaldu orduko, Landakoko sarreran gaztetxo dexente zeuden, ikasleak egunaren protagonista nagusiak izan direlako. Tradizionalki, Azokaren lehen egunean ospatzen da Ikasleen Goiza; aurten egunez aldatu da, eta ostiralean, berriz, Gazte Eztandaren txanda iritsiko da.

Transmisioa hauspotzea eta belaunaldi berriek euskal kultura bereganatzea da azken urteotan Gerediaga elkartearen kezka handia, eta helburu horrekin bat egin du ‘Fantasia da!’ lelopean burutzen ari den edizioaren egun honetako egitarauak.

Durangoko Udalak egun honetarako dispositibo berezia jarri du martxan hainbat ikastetxetatik iritsiko ziren autobusak kudeatzeko. Udalak 70 autobus baino gehiagoren etorrera espero zuen arren, seguruenik gutxiago izan ziren. Zubia denez, ikastetxeak egun desberdinetan banatu dira: batzuk lehen egunean etorri ziren, beste batzuk, gaur.

Datu zehatz bat dago, dena den: egunean zehar antolatutako tailerretan izena eman zuten ikasleen kopurua 400era iristen da. Jatorria: Baiona, Altsasu, Lekeitio, Gautegiz-Arteaga, Iruñea eta Bera. Ikastetxeetako eta aisialdi taldeetako gazteei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunen egitaraua martxan dago egun osoan zehar.

Otakuak, zer dira?

Komikiaren  munduari Landakon bertan egokitu zaion erakusmahaien lerrora edo txokora gerturatu eta, han, otakuak nagusi zirela ohartu gara. Baina, otakuak? Zer da hori? «Otakuak dira manga komikien zaletuak; egileei, ordea, mangaka deitzen zaie», argitu digu Gregorio Murok, Harriet argitaletxeko sortzaileak. Pozik aurkitu dugu Muro, pandemia aurreko Azokaren neurrietara itzuli garela iruditzen zaiolako.

Haurren artean jarraitzale gehien duen komiki generoa manga da eta, hau dela eta, hamar manga berri ekarri ditu Harrietek Durangora. «Gazteen artean tiradizo gehien duen generoa da, zuzenean horiek hartzera doazela ikusi dezakezu. Euskal Herrian ez dugu mangaren tradiziorik, dena gaztelaniaz argitaratzen delako. Pentsa, 2022an gaztelaniaz 1.400 manga argitaratu ziren, eta euskaraz bakarra, guk atera genuena. Aurten behintzat hamar manga ditugu euskaraz, baina euskarazko mangak liburu dendetan ikusgarritasuna izan dezan, gutxienez 20 bat titulu beharko ditugu atera. Eta guk asmo hori daukagu. Esfortzu handia egin dugu hau lortzeko, argitaletxe txiki bat garelako eta, gainera, ez zaigu erraza egiten mangaren merkatuan sartzea, japoniarra oso berezia delako. Emakume mangakak egindako mangak dira hauek, eta zuzenean japoniarretik euskarara ekarri ditugu».

Atzetik aurrera irakurtzen dira manga hauek, bitxiak eta ikusgarriak dira gero. Eskerrak lehen orrialdean instrukzio orrialde antzeko bat ezarri duten!

Ian Basurko, 13 urteko lekeitiarrak, ‘Heroinas Game’ izeneko manga bat eskuratu berri du. 10 eurotan daude salgai, hauen poltsikorako komiki tradizionalak baino egokiagoak dira. Egun hauetan, gainera, eta Landakon bertan, mangaren pertsonaiez mozorrotutako bi nesken eskuetatik bale bat eskuratzeko aukera dute gaztetxoek. Doan jaso daiteke manga bat Harrieten erakusmahian baina, hori bai, marrazki bat eskatzen dizute trukean. Gaitz erdi. Eskuetatik kentzen dizkiete tiketak.

Ian benetako otaku bat da. Etxean ditu Nanuto sagaren 96 ale, gaztelaniaz denak, noski, eta mangak zergatik dituen gustuko galdetzean: «Gustukoa dudalako, eta liburu baten lau atal irakurri orduko, lau manga irakurri ahal izan ditudalako. Azkoz errazagoa egiten zait manga bat irakurtzea, eta oso erraz egiten zait, marrazkiak super ondo daudelako».

«Gaztetxoek manga irakurtzen badute, behintzat zerbait irakurtzen dute! Etorkizuneko irakurleak hemen daude, hauek gureganatu behar ditugu», gehitzen du Gregorio Murok. Etorkizunekoak eta gaur egungo kulturzaleak nahasten dira, modu naturalean, Azokaren unibertsoan. Eta, egia esan, poza ematen du belaunaldi desberdinetako nahasketa honek.

Joseba Sarrionandia bere ‘Markos Gimenoren Karteletra’ Pamielaren erakusmahaian aleak sinatzen uzten dugun bitartean, eta ETS, Zetak eta Bulego taldeen ilarak hor lehian jarraitzen dutela egiaztatu  ondoren –ETSk luzeena sortu zuen, dena den–, GARAren standean geldiune bat egin –ezuste atsegina hartu dute salmentak ikustean... – beste berezitasunen bila abiatu gara.

Ukele autoktonoa

Eta Azokan bertan haurrei zuzendutako musika produktuen artean bitxikeri eder bat aurkitu dugu, antzinako musika klasikoari lotuta, aurretik pasatzen ziren guztien kuriositatea piztu duena.

Euskal Barrok Ensemble taldean hamar urteko ibilbidea urratu ostean, Enrike Solinisek eta Miren Zeberiok Erlea argitaletxe independentea sortu dute, «militantzia kulturalagatik», ziotenez. Hiru produktuekin etorri dira Durangora: disko-liburu bat (‘Subh’, Erdi Aroan bahitutako emakume baskoi baten histori erreala, Al Andaluseko erregentea izatera iritsi zena), ipuin musikatu bat (‘Euskelelea’) eta, honekin batera,   instrumentu ‘berri’ bat, euskalele izenekoa.

Chill Mafiakoak ondoko standean euskelelea jotzen ari zen bitartean, Solinisek argitu zigun asmazio honen sorrera: «Lekuz leku joan den gitarra antzeko bat da eta Hawaira iristean ukelele izena jarri zioten, baina beste izen bat zuen lehenago: gitarriko, tabarriko..».

Erleak euskeleleak asmatu ditu, eskuz egindako pala itxuradun ukeleleak, alegia, modu artesalanean kolore biziz margotutakoak. Ederrak dira, bitxiak. «Pertsonalizatuta daude eta onak dira», zioen. Azokara ekarri dituzten guztiak, hamar bat inguru, ziztu bizian saldu dira, nahiz eta merkeak ez izan (250 eta 300 euro bitartean).

Yogurinharekin

Musikaren munduan jarraituta, klasikotik kabaretera. Eduardo Gaviñak, Yogurinha Borovaren alter egoa, aktore, show woman eta kabaretaria da, eta haurrei zuzendutako lanak baino ez du egiten azken garaian. Baga Bigaren erakusmahaian deigarri egiten da, gorpuzten duen pertsonaia ez delako oihoa. Koloretsua, alaia eta maitagarria da, egia esan.

‘Amona molona’ diskoarekin etorri da Durangora. Asteazkenean aurkeztu zuen diskoa zuzenean Ahotsenean: «Irekiera egunean bi taldek bete zuten Plateruena, Nogelek eta nik. ‘En riguroso playback’ eran kantatu nuen, baina energia beteaz», dio pozarren.
Kontzertuan pasa zituen urduritasunaren ostean, lasaiago hartu zuen atzoko eguna.

«Dislexikoa, autonomoa, trabestia eta euskaldun berria naiz, atera kontuak. Nire bizitza ez da erraza», gehitu du umorez. ‘Amona molona’ zer dela eta? «Bilboko Alde Zaharrean egun batean ama bat etorri zitzaidan eta haurrak nire kantak eskatzen zizkiola esan zidan, zera esanez, amona molonaren kantak nahi zituela. Oso polita iruditu zitzaidan, nik 54 urte ditudalako, eta trabesti bezala zahartzea ondo dago ere, nire simaur guztiekin baina molona izaten jarraitzen dudalako».

Diskoan aurkitu daitezkeen hiru kanta berrien artean ‘Zaintzaren dantza’ dago, egun prestatzen ari den ikuskizun baten titulua izango dena. Otsailaren 4an aurkeztuko dute Bilbo Alondegian eta, noski, ikuslego ‘gaztetxoari’ zuzenduta dago.