Iritsi da Durangoko Azokaren 58. edizioaren balantzea egiteko eguna. Gustura aurkitu ditugu Euskal Herriko argitaletxeetako ordezkariak.
Elkarreko rgitaletxeen arduradun Olatz Osari irribarrea piztu zaio aurpegian aurtengoa zer moduz joan den galdetzean. «Lehenengo egunetan jende asko hurbildu zen eta ostiralean aforoa mugatu behar izan zuten. Uste dut ona dela, beteegia ez egotea jendea hurbil dadin standetara eta eroso ibil dadin. Jendea erostera etorri da eta aurkezpenetan ere publiko dezente ibili da».
Autore salduenen artean Karmele Jaio (‘Maitasun kapitala’), Jasone Osoro (‘Arrakasta’), Uxue Alberdi (‘Belarriko kilkerrak’), Miren Agur Meabe (‘Itzulerak’) eta Marjane Satrapi (‘Persepolis’) –Irene Arrarasek euskarara ekarria– aipatu ditu Elkar argitaletxeko nagusiak.
Emakumeak nagusi. «Bai, bada garaia argia emateko euren lanari. Ondo merezita dute, kalitatezko obrak dira, atzean lan handia dago», nabarmendu du.
Pamielak arnas luzeko ibilbidearen jabe diren hiru autore ekarri ditu aurten: Joseba Sarrionandia (‘Markos Gimenoren 101 letrakartel’), Bernardo Atxaga ‘Paradisuaren kanpoko aldeak’) eta Arantza Urretabizkaia (‘Azken etxea’). Hiruak daude argitaletxearen ‘top’ zerrendan. «Arantzarena nabarmendu dezaket, aurtengo Euskadi Saria. Lehenengo egunean agortu zitzaizkigun bere liburuak. Eta trafikatzaileen modura ibili gara, bat korrika autoz Arabako gasolindegi batera joan, bestea Iruñetik kutxa berriekin, kutxak trukatu eta hona itzuli liburuekin», dio irribarrez.
Ereinen standean Yolanda Larreategiren ‘Puta gorda’ album ilustratua dago salduenen artean. «Komikigintza alorreko salmentak harritu nau, ‘Euskal Herriko leiendak’ (Toti Martinez de Lezea eta Juan Luis Landa) edo ‘Irati’ (Juan Luis Landa erta Joxean Muñoz) liburuek oso ondo funtzionatu dute. Goitz Labandibarren ‘Bekatua’ ere agortu egin da. Azken egunerako batere alerik gabe geratu gara. Jon Arretxeren ‘Toure pertsonaiaren 10. liburua’ ere aipatu behar», kontatu dio NAIZi.
Susako editore Leire Lopez Ziluaga ez da ausartu izenik ematen. «Idazleen artean orekatua joan da salmenta, oso paretsu ibili dira liburu asko eta guretzat pozgarria da. Horrek esan nahi du idazle desberdin asko mugitu direla. Eta aurreko izenburu batzuk ere salduenen zerrenda daude».
Txalapartan Ahoztar Zelaietaren ‘La Ertzaintzari que viene’ eta Yurre Ugarte eta Julen Ribasen ‘Iris XXII’ komiki liburua saldu dira gehien. Garazi Arrulak argitaletxearen izenburu salduenen lehenengo 10etan 8-9 euskarazkoa izatearen poza adierazi du. Denetarik saldu dugu, ekarritako autore denek saldu dute zerbait eta hori sekulakoa da. Izan ere azoken onena funtsa atera ahal izatea da, ez nobedadeak bakarrik saltzea».
Alberdaniako kidea da Oier Etxebeste. «Harrera beroa izan dugu. Gaur 19 ale salduta iazkoa berdinduko dugu», esan du goizean. Telmo Lazkanoren eta Maitane Ormazabalen ‘Nerabeeen garrasia’, Eneko Aizpuruaren ‘Gaueko azken espressoa’ eta Irene Solaren ‘Begiak eman nizkinan eta ilunbeei behatu hien’ aipatu ditu salduenen artean.
Katakrak argitaletxearen salpostuan bell hooks-en ‘Trangresioa irakasgai’ eta Friedrich Engelsen ‘Etxebizitzaren auzia’ daude salduenen artean. «Pil-pilean dagoen gaiaz ari da 150 urte dituen testua da azken hau. Hannah Arendt-ena ezustekoa izan da, 27 euroko prezioa izanik».
Hedoi Etxartek garbi dio: «Ez du horrelako Azokarik ezagutu. Gu bi standetik hirura pasa gara Katakrakek hamargarren urteurrenean. Nobedadeetan mugimendu handia izan dugu, baita ere. Duela 5-7 urteko liburuek bizitza izaten jarraitzen dute gatazkak bizirik daudelako. Guk nobedade asko ditugu klasikoak direnak eta desberdin irauten dute».
«Alaia eta bizia»
Azoka «alaia eta bizia» bezala definitu du Osak aurtengoa. Ezin ahaztu Gerediaga Elkarteari emandako esker ona. «Ematen digun espazioa eta erraztasunak oso dira eskertzekoak. Ez dakit jabetzen garen horrelako elkarte batek urtero dimentsio honetako Azoka antolatzea. Honen atzean dagoen lana oso da handia eta baita ardura ere».
Salerosketaz harago ordezkari denak datoz bat. Autore, hartzailea, argitaratzaile, disketxe... ekosistema guztia saretzeko ematen duen aukera paregabea da. Azoka nazionala da eta gauza askotarako balio du, elkarlan asko aurresukaldatzen da hemen, kontaktuak egiten dira, askotan aurpegia jartzen diogu elkarri, gauza askotarako plaza da». Urteko egutegiak ez baitu horretarako aukera askorik ematen. Bisitariak ikusten ez dituen bilera informal ugari egiten dira Durangon.
Pamielan editore lanetan hasi berria da Lander Majuelo. «Aukera bakarrenetarikoa da irakurlea autoreekin hizketan egoteko. Horixe baloratzen dut gehiena nik. Horiek dira unerik ederrenak. Frantzian eta azokatan mahaitxo bat jartzen dute autoreek sinatzeko. Azokan modu naturalagoan ematen da. Irakurleentzat ezaguna da idazlea, ez zatoz ‘izar’ bat ikustera».
Idazleak bere lana salmahaian defendatzeak argitaletxeen eskaintza osatu egiten duelakoan dago Osa. «Gainera, autorea bertan dagoenean asko igartzen da salmentan. Bestela ere erosiko luke agian baina bere sinadurarekin eskuratzea baloratu egiten du. Eta autoreek ere asko eskertzen dute publikoarekin hitz egin ahal izatea».
Susako Leire Lopez Ziluagarentzat baliagarria da «euskal irakurlea nola aldatuz doan ikusteko. Irakurlearen aurrez aurre egoteko aukera dugu, normalean ez dugu izaten. Badakigu nortzuk irakurri edo erosten dituzten gure liburuak». Bere esanetan, sinadurak salmentan laguntzen du publikoarentzat aurpegi ezaguna den kasuetan bakarrik.
Gari Arzallusek joan den irailean hartu zuen Erein argitaletxearen kudeaketaren ardura. Lehen Azoka du salmahaiaren barruan. «Bost egun hauek gozamena izan dira. Balorazio oso ona egiten dugu, jendetza egon da. Egile mordoa izan dugu gure standean eta jendeak asko eskertzen du hori. Liburua erosi ahal izatea eta ez sinadura eta dedikatoria eramatea bakarrik, egilearekin hitz batzuk egitea ere liburuaren nondik-norakoa eta motibazioa entzun ahal izateko».
«Pandemiaren osteko urterik onena da hau, zalantzarik gabe. Iazko kopuruak gainditu egingo ditugu. Tendentziak dira garrantzitsuenak. Koska bat jeitsita ez gara hor gelditu, errekuperatze bidean goaz. Oraindik pandemiak uzten ditu arrasto batzuk, halere, datozenak izango dira errekuperatzen joateko urteak», gaineratu du Arzallusek.
Betekada egunak eta salmentak, bat?
Indartsu hasi zituen lehen egunak eta lasaiago joan dira azken biak. Asteazkenean eta ostiralean izan dira betekada handienak. Horrek izan al zuen islarik salmentan ala bisitariak nahiago du korridoreetan eta salmahaietan lasaiago ibili? Hauxe galdetu diegu.
Erantzunak, denetarikoak. Pamielak egun onena izan zuen. «Saltzen ari ginena apuntatzeko denborarik ez genuen une batean. Balorazio oso ona. «Lehenengo hiru egunak astakeria izan zen. Dagoeneko aurrekoa baino hobeto doaz salmentak», esan du igande goizean.
Baita Susarentzat ere. Baina orohar aurten ez dute salmentari dagokionean urterik onenetakoa izan. «Jakinaren gainean etorri ginen. Idazleen araberakoa izan ohi da. Pozik gaude, izan ere espero genuena baino gehiago ari gara saltzen baina iaz asko saldu genuen», azaldu du Lopez Ziluagak.
Txalapartako editore Garazi Arrularen esanetan «gurean ez da korrelaziorik egon egun jendetsuenaren eta salmenten artean. Ostirala ez zen bereziki emankorra izan».
«Ostiralean jendeak kanpoan egon behar izan zuen zain eta ez da batere erosoa. Erosleak berak ere standera gerturatuta ezin ditu liburuak lasai ikusi. Momentu batzuetan pasiloetan aurrera eta atzera ibiltzeko nahiko lan zegoen», Arzallusen iritzian.
Aurten ez da online bidezko erosketa sistema eskaini. «Pandemiako urte bereziak pasa ondoren, iaz, jendeak hona etortzea nahiago izan zuten. Online salmenta asko jaitsi zen. Azoka normal egonda horren hautua egiten du –esan du Osak–. Izan ere, bertatik bertara ikusi nahi ditu erosleak argitalpenak, eskuan hartu, usaitu, alderatu, lehenengo buelta emanez dena ikusi, ondoren pentsatu zer erosi.. hori luxua da. Edozein liburu dendetan aurkitzen ez duzun gauza asko dago hemen, gainera».