NAIZ

Astebeteko greba hasi dute lan hitzarmena berritzeko EAEko itunpeko ikastetxeetako langileek

Aste osorako greba deitu dute EAEko Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeetako langileek. Sindikatuen arabera, astelehen honetan, %70eko jarraipena izan du, aurreko deialdietako zifrak gaindituz. «Proposamenak» eskatu dizkiete patronalei eta «gatazkaren irtenbidean esku har dezala», Lakuari.

Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeetako sindikatuek Gasteizen egin duten manifestazioa.
Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeetako sindikatuek Gasteizen egin duten manifestazioa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeetako 9.000 langile inguru daude gaurko grebara deituak. 200 ikastetxe baino gehiagotan 130.000 ikasle ingururi ematen diote hezkuntza. ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek ohar batean adierazi dutenez, %70eko jarraipena izan du aste osoan zehar luzatuko den lanuztearen lehen egunak.

Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan dituzte sindikatuek.

«Apirilaren 25ekoak eta urriko hiru egunek izandako jarraipena gainditu du», nabarmendu dute sindikatuek. Lan zuzendaritzak «gehiegizko zerbitzu minimoak» ezarri dituela adierazi dute, eta hala ere «geldialdia %70 ingurukoa» izan dela goraipatu.

Eman dituzten datuen arabera, Bilbo, Donostia eta Gasteizen egindako mobilizazioetan 5.000 langile inguru batu dira.

Sindikatuek «2021eko abendutik iraungita dagoen hitzarmena lehenbailehen berritzea» eskatzen dute. «Aurreko Hitzarmena 10 urtez berritu gabe egon zen eta 29 greba egun egin behar izan zituzten langileek hitzarmen berria lortzeko», ekarri dute gogora.

Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek azaroaren 27rako mahai negoziatzailea deitu zuten, baina ez zutela «inolako proposamenik» eraman adierazi dute. Abenduaren 5ean, berriz, Lakuako Hezkuntza sailarekin elkartu ziren sindikatuak. «Bilera hura ere aurrerapausorik gabe amaitu zen».

Sindikatuek «proposamenak mahaira ekartzeko» eskatu diete patronalei, baita Lakuari «gatazkaren irtenbidean esku har dezala».

Bihar ere Bilbo, Donostia eta Gasteizen mobilizazioak izango dira. Goizeko lehen orduetan kotxe karabanak egingo dituzte grebalariek eta 11.30ean manifestazioa izango da Bilbon Eskolapios ikastetxetik hasita eta elkaretaratzeak Donostian eta Gasteizen, Kristau Eskolaren egoitza aurrean eta San Viator ikastetxe aurrean, hurrenez hurren.