NAIZ

René Cassin 2023 Saria jaso du Heriotza Zigorraren Aurkako Nazioarteko Batzordeak

Heriotza Zigorraren aurkako Nazioarteko Batzordeak 2023ko Rene Cassin saria jaso du. «Munduko herrialde eta eskualde guztietan heriotza zigorra indargabetzearen alde egindako borroka nekaezina» saritu nahi izan du Lakuak.

Marta Santos Pais komisarioa René Cassin 2023 Saria jasotzen.
Marta Santos Pais komisarioa René Cassin 2023 Saria jasotzen. (IREKIA)

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eta Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak 2023ko Rene Cassin saria eman diote astelehen honetan Heriotza Zigorraren aurkako Nazioarteko Batzordeari, «munduko herrialde eta eskualde guztietan heriotza zigorra indargabetzearen alde egindako borroka nekaezinagatik».

«Sentsibilizazioaren, ikerketaren, politiken sustapenaren, estatuentzako laguntza teknikoaren eta NBErekin batera egindako jardunaren bidez, gogor lan egiten du exekuzioak prebenitzeko, jokabide bidegabeak eta arbitrarioak ezabatzeko, heriotza zigorraren alternatibak proposatzeko eta sistema penal bidezkoagoak eta humanitarioagoak sustatzeko», dio epaimahaiaren irizpenak.

Gasteizko Villa Suso jauregian astelehen honetan egindako ekitaldian, Marta Santos Pais komisario eta Haurren aurkako Indarkeriari buruzko NBEko idazkari nagusiaren ordezkari berezia izandakoak jaso du saria.

Navi Pillay Heriotza Zigorraren aurkako Nazioarteko Batzordeko presidente eta NBEko goi mandatari ohiak esker ona azaltzeko bideoa bidali du. «Aitorpen hau jasotzeak indar handiagoa emango digu mundu osoko gobernu agintariekin eztabaidatzen jarraitzeko, batez ere heriotza zigorrari oraindik eusten dioten gobernuekin, heriotza zigorrik gabeko mundu bat lortzeko azken helburuarekin», esan du bideoan.

Gainera, saria «une egokian» iristen dela nabarmendu du, Rene Cassin baionarraren ekarpenetako bat den Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak 75 urte bete baititu igandean.